"Gutxirekin engainatzen gaituzte, errazegi konformatzen gara".


2021eko uztailaren 19an
Zarata mediatikoz beteriko garai nahasiotan, merkatu logiketatik urrun eta irakurleengandik gertu dagoen kazetaritza beharrezkoa dela uste baduzu, ARGIA bultzatzera animatu nahi zaitugu. Geroz eta gehiago gara, jarrai dezagun txikitik eragiten.
Martin Ugalde Euskal kulturaren aita-pontekoa-ri elkarrizketa
"Gutxirekin engainatzen gaituzte, errazegi konformatzen gara".
MARTIN UGALDE
Euskal kulturaren eta abertzaletasunaren aita-pontekoa dugu Martin Ugalde. Mutikotan euskal pizkundearen beroa bizi izana, gerra izan zen trajedia sufritua, gerra osteko euskal gizartearen drama bertan ikusia, Ameriketako atzerria ezagutu eta hartan aurrera aterea, frankismoaren azken urteetan Iparraldea zen behatoki apartean lan egina, Estatutuarekin eta Jaurlaritzarekin konprometitua, «Euskaldunon Egunkaria» aurrera ateratzeko nekeek markatua... lanean topatu dugu Hondarribian.
Betidanik zure bizitza herrigintzari lotua egon bada, azken urteotan euskaran zentratuta ikusten zaitugu.
Nire abertzaletasuna euskalduna izan da beti eta gaur ere euskarak kezkatzen nau. Familian jaso nuen euskara hizkuntza bakar bezala. Horrez gain atzerrian bizi izan naiz, hizkuntza arrotz batean lanean, eta beti izan dut herrian eta euskaraz lan egiteko asmoa.
Caracasen Lopez Mendizabalen hiztegi ttikiaren laguntzarekin idatzi nituen «Iltzalleak», «Ama gaxo» antzerkia eta «Umeentzako kontuak». Haurrak ere gurekin Venezuelan ari ziren ikasten eta haien euskara zaindu beharra neukan: «Aita, non dira ipuinak guk irakurtzeko?» galdetzen zuten. Emazteari han erakutsi nion euskaraz, haurrak han egin genituen euskaldun.
Honantza etorrita, hamar urte pasatu nituen euskaraz literaturarik egin gabe: ez nuen edonola idatzi nahi. Baina izango dira hamabi-hamalau urte euskaraz bakarrik idazten dudala.
Euskararen alorrean zerk kezkatzen zaitu gehien.
Begira, jendeak euskaraz ikasten du baina hizkuntza erabiltzeko da. Hizkuntza bizirik ateratzeko mundu oso bat behar du, lagunartea, irratiak, telebista... Euskararen eta erdararen arteko proportzioak kezkatzen nau, dentsitateak. Lorpen handiak ditugu, ikastolak, telebista, «Egunkaria» hor daukagu... Baina erdarak gizartean daukan portzentaia handia bada eta euskararena ttikia, belarria erdaraz beteko da. Euskaraz hiru edo lau irrati baditugu, baina zenbat dauzkagu erdaraz? Eta telebistarekin berdin. Irten zaitez kalera belarria erne jarrita: zenbat erdara entzun behar duzu norbait euskaraz sumatu artean?
Eragina behar du euskarak gizartean, prestigioa. Euskararen zaindaririk handiena Arartekoak behar luke izan, eta Arartekoak euskaraz ez badaki, zertan ari gara? Ez dut ulertzen nola eman dion botoa EAJk, nola ez diren konturatzen sinbolo batek duen garrantziaz. Baldintza horietan euskara asko maitatu behar duzu jarraitzeko. Guk etxean ikasi dugu, baina eskolan ikasten ari diren gazte hauek guztiekeuskaraz bizitzeko dentsitate bat nabaritu behar dute.
Euskara batuaren sorrerako eztabaidetan izan zenuen protagonismorik.
«Zeruko Argia»rekin kolaboratzen nuen Venezuelatik, eta honantza etorri eta eztabaida harekin topo egin nuenean, kazetari bezala hura argitzeko «h»aren kontrako lau eta aldeko beste lau hautatu nituen elkarrizketa bana egiteko, orrialde osokoak. Mitxelena, Satrustegi, Kintana, Manuel Lekuona, Damaso Intza, Lino Akesolo...
Egin banuen egin nuen. Nemesio Etxanizek ikusten ninduen bakoitzean esaten zidan: «Ai, Martin, harrapatu zaituzte!». Eusko Alderdi Jeltzalean jendeak hala pentsatzen zuen, hizki hori ETAren maltzurkeria zelakoan. Baina begira gauzak nola diren, Nemesiok berak zuzentzen zizkidan hasieran artikuluak, h-ak beren lekuetan ongi ipintzeko, «baina ez esan inori, e?» esaten zidan.
Garai gogorra izan zen. Telefonotik deitzen zizun batek: «Hor bizi al da h-rekin idazten duen hori?» eta zuk «zu nor zara?» eta berak «ez dizu inporta, komunista bat zara zu!». Gutunak ere jasotzen nituen «Uhghahlhdheh» idatzita... Hainbeste urte kanpoan pasatuta herrira itzuli eta halako giroarekin topo egitea, alderdi barruan bertan... pentsa zer gogo ematen zizun lan egiteko.
Azken denboretako zure idatzietan politikariekiko mesfidantza edo etsipena nabari zaizu.
Politikariak ez ditut egin beharreko lanak egiten ikusten. Herri baten helburua nork erakutsi behar du? Hori da politikarien lana, herriari bidea erakustea. Eta beren lanaren handitasun hori ez dute sentitzen. Neurria ez dute ematen. Askotan errazegi alderdi batetik bestera pasatzen ikusten dira. Eta prestigioa galdu dute. Nolanahi ere, lehengo politikari abertzaleek gizon zuzenagoen irudia utzi digute.
Zuk Autonomi Estatutuaren aldeko apustu garbia egin zenuen. Nola ikusten duzu une honetan?
Estatutua lege organikoa bada, hor dauden eskuduntzak irabazita daude. Eta horiek bere osotasunean erabiltzen ez ditugun bitartean gure herria garatzeko denbora galtzen ari gara. Beti ari zaizkigu eskaintzak egiten, data berriak ipintzen dizkigute, eta osatu gabe segitzen dugu. Hori lortzeko gauza ez bagara, Estatu horrek ez du gure errespeturik merezi. Egunero aritu beharko genuke hori aldarrikatzen baina beste eskuduntza bat eskuratuta konformatzen gara.
Agirre batek edo Leizaolak berak, beste indar bat zuten. Agirrek gerra denboran bederatzi hilabetetan egin zituenak egiteko karakterra behar zuen. Orain indarra falta dugu. Eta oso gutxirekin konformatzen gara. Denbora luzez egon gara ezer gabe eta orain oso gutxirekin engainatzen gaituzte.
Mende honetako abertzaletasunak eman dituen gizon handiak ezagutu dituzu...
Hasteko, Andoainen mutil koskorretan ezagutu nituen Telesforo Monzon eta Manuel Irujo aipatu behar ditut. Eta Jose Antonio Agirre: gizon horrek denbora gutxian armada bat prestatu, armak erosi, Jaurlaritza antolatu... bederatzi hilabetetan gizon horrek egin zuena izugarria da. Gure herriak eman duen estatista handiena da, behar bada ez zen jeinu bat izango baina gizon garbia zen eta jendea bere inguruan biltzeko ahalmen handia zuen.
Ajuriagerra aipatu behar da. Gizon argia, gogorra, bere buruarekin bezala besteekin oso gogorra. Irujo gela batean itxita eduki zuen, Madrilen ministro izatea onartu zuen arte. Baina bihotz handikoa. Erresistentzia berak antolatu zuen. Berak esan zidan: «Kristaudemokraziak gero eta gutxiago konbentzitzen nau _oso ahulak ikusten zituen, batez ere arazo sozialean_ baina Europako politikan gure bidea hori da». Aukera horrek eta Agirreren itzalak eman zion Euskal Herriari bere indarrez ez zeukan garrantzia nazioarte mailan.
Ezin ditut ahaztu Doroteo Ziaurriz, EAJko lehendakari izana, gizon maitagarria. Javier Landaburu arabarra oso gizon argia zen, bera zen gure itxaropena Agirre falta zenerako, baina oso goiz hil zen. Eta Jesus Mari Leizaola: gertutik ezagutu nuen, lau urtez bere kontseilari izanik. Gizon zintzoa, euskaltzale fina eta asko idatzi zuena.
Ameriketatik etorrita, Ezker Abertzaleko jendearekin egin duzu topo.
Francoren kontrako gerra ez zen alderdi politikoen gerra, euskaldunon gerra zen. Aitortu behar da garai horretan EAJ nahiko zuhur ari zela, eta nik uste mugimendu berri horri konprentsio piska bat erakutsi behar geniola, laguntza piska bat eman.
Santi Brouard 1973an ezagutu nuen, Iparraldean. Kalitate handiko gizona, formala, eta gure familiako sendagilea izan zen. Ezagutu eta berehala etorri zitzaidan Eusko Jaurlaritzarekin interlokuzio baten bila. Telesforo Monzon ongi ezagutu nuen, eta beti esaten dut bi Monzon ezagutu ditudala.
Eta ETAren historian marka utzi duten gizonak ere bai...
Argalaz oroitzen naiz, gizon argia eta zorrotza. Pare bat aldiz egon nintzen berarekin, eta azkenekoan esan zidan: «Hitz egin beharra daukagu, Martin, baina denbora hartuta». Juan Joxe Etxabe, Iñaki Mujika Arregi _bere osaba Plazidoren enkargu bat emateko ezagutu nuena_ Pertur ere ezagutu nuen, desagertu baino pare bat egun lehenago, Errekarekin...
Gehien gogoratzen dudana Peixoto da, gure etxean hainbestetan egona, bera eta bere haurrak. Peixotok egindako eskultura bat erakutsi nion Oteizari eta izugarri ona zela esan zidan.
ETAk Carrero Blanco hil zuenean Leizaolak esan eta egunkari frantsesek argitaratu zuten ez zirela euskaldunak izan haren egileak. Han joan behar izan genuen elkarrekin Parisa, Txomin eta abarrekin, Leizaolarengana, «hemen daude hauek, eta beraiek diote ETAkoek hil dutela Carrero».
Ez daude orain horrela harremanak abertzaleen artean... Irtenbidea nondik izan daiteke?
Azkenaldi honetan itxaropen apur bat Elkarri-k Bilbon egin duen Bake Konferentzia horrek sorrarazi digu: modu ezberdinetan pentsatzen dugunok biltzeko, garbi hitz egiteko aukera paratu digulako, eta badirudi ahaleginez gain lorpen batzuk ere izan direla.
Baina itxaropen apur hau desegin zait ikusi dudanean gure Jaurlaritzako Barne Sailak eman duen jokorako baimena Elkarri-k jaso duela. Nire ustez Elkarri-k zuen bere independentzia galtzen du, ez nik susmorik daukadalako, baizik eta susmoa sortzeko bidea delako, horretaz baliatu nahi duen edonorentzat. Aitzakibide errazegia da, eta Elkarri-k ez du horrelakorik merezi.
Burura berehala etorri zaidana zera izan da: kalte hori desegin lezaketela, jokorako baimen hori berehala Elkarri-k gutxituentzako utziko balu. Denok aberastuko gintuzke horrek. Lanerako bide bat aurkitu behar da, baina ez hori.
Zuk zure bizitza EAJn egin duzu...
Errepublikarekin hasi nintzen, Andoainen, Joxeba anaiarekin batera, dantzari txikitan. Inaxioneko Batzokian egoten ginen bazterretatik hitzaldiak entzuten. «Lastarregiberri» etxeko salan ikusi dut beti Sabino Aranaren marrazki ederra, Koldobika Etxeberria gazteak egina. Entzuna nuen, bestalde, aitona Gregoriok egin zuela Txitibarren lehen batzokiko zurgin lana, eta gero sakristau zela Sabinen erretratua kenduarazi nahi eta apaiz karlista batekin izandako tema.
Aita alderdiko zinegotzi egin zuten. Gerratean, Bilbon eta Bartzelonan udaleko lanetan ibili zen andoaindarrei laguntzen, Kataluniatik mendiz Frantziara pasatu arte. Gero haren Venezuelako bidea hartu genuen amak eta bi anaiok, eta Eusko Etxean egin nituen Eusko Gaztediko eta EAJko lanak eten gabe, lantoki guztietan, hogeita bi urtez.
Sabinen ideariuma zerbitzeagatik itzuli nintzen Euskal Herrira 1969an eta miresten nuen Juan Ajuriagerraren taldean bere esanetara jarri nintzen lanean, Leizaola jaunaren gobernuan EAJ ordezkatzen lau urte egin nituen arte, azkeneko hirurak Donibanen eta Parisen. Hor egin nituen gero, eta nire gogoz, alderdikidetzako lanak, alderdiaren etena etorri zen arte. Gero, kontzientzian erabaki nuen EAn geratzea.
Nola ospatuko duzu alderdi zaharraren ehungarren urteurrena?
Sabino Aranaz gogoratuko naiz, eta niri bidea egin zidaten aitona eta aita ikusiko ditut berarekin, eta joandako 50 aberri egunik gehienak sakabanatuak etorriko zaizkit gogora, Andoainen, Bilbokoa gerratean, atzerrikoak Caracasen, Donibanen, Hondarribian... Meza entzungo dut, eta hainbeste urte neketsu pasatu eta Aberri Eguna oraindik batasunik gabeko tristuran pasatu beharreko minetan.
Zatituta gaude gutxi garen abertzaleak. Baina denok gara, askotan bestela uste badugu ere Sabino Aranaren zordun, honen ametsetatik gatoz. Batzuk ausartago, ezkerrerago, besteak lehengo praktikei lotuago, baina denok gatoz iturri beretik eta independentziara goaz. Ez dugu honezkero gure adinekoek abertzaletasuna bakean sentitzerik izango. Gure ondorengoek agian, ziur asko!
ZUBIRIA, Pello
27-31

GaiezKulturaKulturgintz
GaiezKomunikabidPrentsaEgunkariakEgunkariaPertsonak
PertsonaiazUGALDE2
EgileezUBIRIA2Kultura

Azkenak
2024-11-19 | Leire Ibar
Langile bat hil da Petronorren konortea galdu ostean

Astelehen honetan zendu da langilea Muskizeko enpresan, mantentze lanak egiten zituen bitartean. Zerbitzu medikuek berehala esku hartu bazuten ere, ez zuten lortu suspertzea. UGT sindikatuak lan istripu honen arrazoiak ikertzea exijitu du.


2024-11-19 | Leire Ibar
Palestinako genozidioa salatuko du ikasturte honetan ere Gure Haurrak Ere Badira mugimenduak

Azaroak 20an, Haurren Nazioarteko Eguna, ikastetxe sarreretan krespoi belzdun bandera palestinarra eta bi zapata pare jartzea proposatu du hezkuntza arloko ekimen herritarrak. Azaroaren 30etik urtarrilaren 31ra bitartean haur palestinarrentzako elkartasun mezuak jaso eta ondoren... [+]


2024-11-19 | Leire Ibar
Ijito herria ikusarazteko programazio didaktiko bat prestatu du Hezkuntza Sailak

“Te Siklârel Romanipen” ikasketa plana prestatu dute Ijito Herriaren historia eta kultura Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzan txertatzeko. Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Sailak sortu du proiektua, EHUrekin eta Amuge Euskadiko Emakume Ijitoen Elkartearekin... [+]


2024-11-19 | Leire Ibar
Nafarroako Unibertsitate Publikoak Justizia Errestauratiboko Titulua eskainiko du 2025ean

Bitartekaritzaren eta pertsonen arteko komunikazio zuzenaren bidez, izaera penaleko gatazka bati konponbidea aurkitzea da Justizia Errestauratiboaren helburua. NUPek eskainiko duen prestakuntza 100 ordukoa izango da eta ikasleei titulazioaren gastuen %90 ordainduko zaie. 


2024-11-19 | Pau Lluc i Pérez
Hainbaten artean, bat

Vicent Andrés Estellés poetaren hitzak harturik, bat naiz hainbat eta hainbat kasuren artean, eta ez kasu bakan, arraro edo ezohiko bat. Zoritxarrez, ez. Hainbaten artean, bat. Zehazki, Europako Kontseiluaren arabera, eta ibilbide handiko beste erakunde batzuen... [+]


2024-11-19 | Jon Torner Zabala
Fermin Muguruza: “Pradales lehendakaria bere Justizia Sailarekin ados dagoen jakin nahiko nuke”

Fermin Muguruzak kontzertua eskaini zuen pasa den larunbatean Martuteneko kartzelan, Iñaki Pikabea 'Piti' eta Joseba Sarrionandia ETAko kideek espetxe horretatik ihes egin eta 39 urtera. Orain, kontzertua dela-eta hainbat jenderen kexak jaso ostean, Eusko... [+]


2024-11-19 | Mikel Aramendi
G20ko protokoloa eta Txinaren lau marra gorri

Argazkia bai, ala argazkia ez? Oraintxe bertan, ez dago argi Rio de Janeiron hasi berri-berria den G20aren goi bileran argazkia izango ote dugun ala ez. Bertaratu diren agintari gorenen “familia-argazkia”, alegia. Horrelakoetan arauzkoa bihurtu dena: turista... [+]


Jaurlaritzak pobreenak berriro lotu ditu iruzurrarekin, dirulaguntzetan salaketak egiteko postontzi anonimoa jarrita

Duin bizi ahal izateko prestazio ekonomikoa jasotzen dutenak lupapean ditu, berriro ere, Eusko Jaurlaritzak: postontzia jarri du martxan, herritarrek modu anonimoan “jardun irregularren edozein susmo” jakinarazi dezaten, eta Lanbideko Kontrol Unitatea indartu du,... [+]


‘Bizkarsoro’ Donostiako zinemetara iritsiko da, Bageraren, udalaren eta SADEren elkarlanari esker

Bizkarsoro filma (Josu Martinez, 2023) Donostiako zinema aretoetan proiektatuko dute ostiral honetatik aurrera (hilak 22); SADEko Iñaki Elorzak azaldu duenez, bi aste inguruz proiektatuko dute printzipioz, eta, arrakasta baldin badu, denbora gehiagoz. Hala azaldu dute... [+]


2024-11-19 | Gedar
Kartzelatik irtetean ematen zen diru-laguntza apurra desagerrarazi dute Espainiako Estatuan

Nafarroako Salhaketak jakinarazi duenez, laguntza hori ezinbestekoa zen preso egondako pertsonek "gutxieneko oinarri ekonomiko bat" eduki zezaten, "askatasunean bizitzen hastera igarotzean". 480 eurokoa baino ez zen subsidioa.


2024-11-18 | Euskal Irratiak
Palestinar herriari elkartasuna helarazi diote Makeatik

Palestina, mediatikoki aurkeztua ez den bezala, aipatu zen joan den larunbatean Makean, mintzaldi, tailer, merkatu eta kontzertuen bidez.


2024-11-18 | Uriola.eus
Bilboko Higiezinen Azokan protesta egin dute asteburuan Euskal Herriko etxebizitza sindikatuek

Asteburu honetan Euskalduna Jauregian Euskadiko Etxebizitza eta Dekorazio Higiezinen-aretoa egon da. Sustatzaile eta higiezinen agentziek eraikuntza berriko promozioak eta bigarren eskuko etxebizitzak eskaini dituzte partikular eta profesionalen erosketa eta inbertsiorako... [+]


Eguneraketa berriak daude