argia.eus
INPRIMATU
"Guri debaluazioak oso ondo etorri zaizkigu".
Xabier Letona Biteri @xletona 2007ko otsailaren 21a
Federico Solana Izarberri enpresako gerenteari elkarrizketa
"Guri debaluazioak oso ondo etorri zaizkigu".
Federico Solana, ebaketa-erremintarako Izarbarriko gerentea
Zornotzako Izar 1993an itxi zen eta Izarbarri sortu. SAL bihurtu, akzio guztiak langileen artean banatu eta ibilbide berriari ekin zion. Lehen zuzendari komertzial gisa jardunda, maiatzetik gaurdaino Federico Solana ari da gerente lanetan.
Nolakoa izan da Izarretik Izarbarrirako aldaketa?
Izar lehen oso enpresa handia zen, 1908tik ari da lanean eta 1.300 langileraino heldu izan da. Lehen, ebaketarako erremintez gain, amortiguazio-ballestak ere egiten zituen. Denborarekin amortiguazio arloa desagertu egin zen eta erremintena, SALa medio, Izarbarri bihurtu genuen. Jaurlaritzaren 3R planetik eta langileen kapitalizazioa medio _674 milioi pezeta_ 106 pertsonaren aurrejubilazio plana finantzatu dugu eta horrez gain beste 300 milioi pezetako inbertsioa egin da. Orain, 1993ko urriatik 184 langile gaude eta guztiok akzio kopuru bera dugu.
Izarretik zer utzi duzue atzean eta zer hartu Izarbarriren etorkizunerako?
Izarrek abantailak eta akatsak zituen. Abantailen artean produktuaren kalitatea azpimarratu behar da, lehen mailakoa. Baina, merkatu aldetik, sasoi batean Espainiakoa zen bere merkatu bakarra, berau oso babestua, eta merkatuarekiko jarrera harroa zuen, bezeroek erreguka etorri behar zuten. Orain, mundura atera behar izan du eta ekoizpenaren % 75 esportatzen du ia.
Merkatua landu beharra aipatu duzu, hor kokatzen da Jose Luis Ugarte marinela?
Bera ezaguna izateaz gain, beste hiru ezaugarrigatik kontratatu dugu: lehena, bera bakartia da eta gu ere bakarrik gaude; aurrean duenari aurre egiteko duen borondatea, guk ere baduguna; eta hirugarrenez, berak munduan zehar jardun du eta guk ere munduan jardun beharra dugu.
1994an salmentetan gora egin duzue, nola aurrikusten duzue 1995a?
1993an SALa osatu genuen eta aurreko zama guztiari aurre egin behar izan genion. 1994an 1.265 milioi pezeta fakturatu genituen eta urte bukaeran parra egin genuena, 6 milioi pezetako etekina. 1995erako, iaz egindako inbertsioari esker, fakturazioa % 25 handitzea espero dugu, hots, 1.520 milioi pezeta. Urtarrila eta otsaila onak izan dira, aurrikusitakotik gora gaude, eta aurten 50-55 milioiko pezetako etekina espero dugu.
Zuek nabaritu duzue, beraz, ekonomi azkartzea.
Sasoi onak bizi ditugu eta batipat industria munduan. Guk gogor pairatu dugu pezeta bere prezioaren goitik baloratua egon izatea eta debaluazioak oso ondo etorri zaizkigu, gehiena inportatu egiten dugulako. Orain oso lehiakor gaude eta jendea kontratatzen ari gara. Filialak egingo ditugu Brasil, Mexiko eta Argentinan eta, Izar marka berria duen bulegoa zabaldu dugu Estatu Batuetan.
Zer gertatzen da, guztiak kanpora ateratzen ari zaretela?
Zehaztu behar dut gure ekoizpen guztia Zornotzan bertan egiten dela, atzerrikoak salmenta bulegoak dira. Multinazional txiki baten gisan funtzionatu gura dugu eta leku askotara zabaldu behar dugu. 1993tik gaurdaino fakturazioa % 63 handitu dugu eta oso baikor gaude.
Lehen horren gaizki zeundeten eta orain, bat-batean, horren ondo... miraria da ala irudi kontua?
Lehen enpresa oso handia zen, negozio mordoa tartekatzen zituen eta gainera pertsonalez gainezka. Batzuetan, dagoen baldintzengatik, enpresa bat dirua galtzen ari da baina potentzialki errentagarria da. Gure merkaturatzea hobetu dugu, erronka hor dago.
Ez duzue parte hartu erakundeetatik bultzatutako ebaketarako-erreminta taldean, zergatik?
Hasieran euskal taldea izango zen baina gero Frantziako Tivoli enpresa sartu zen, kapitalaren herena baino gehiagorekin eta guretzat horrek haien menpe erortzeko arriskua zuen. Gure enpresa egituratu ondoren, alternatiba izan gintezkeela pentsatu genuen. Frantziako multinazional baten ekoizpen zentroa bazara edozein unetan egin diezazukete Danone edo beste askori legez.
LETONA, Xabier
Mexiko, Brasil eta Argentinan zabalduko dituzte.
18,19


Gaiez\Ekonomia\Industria\Metalurgia\Makina erra
Pertsonaiaz\SOLANA1
Egileez\LETONA1\Ekonomia