argia.eus
INPRIMATU
"Falta ditugu gauzak, baina preziatuena askatasuna da".
2021eko uztailaren 19a
Dario Machado Kubako alderdi komunistaren kideari elkarrizketa
"Falta ditugu gauzak, baina preziatuena askatasuna da".
Dario Machado, Kubako Alderdi Komunistaren batzorde zentraleko kidea
Duela 48 urte Sagua La Granden (Villa Claran) jaiotako kubatarra dugu Machado, eta Alderdi Komunistaren zuzendaritzan egoteaz gain, Iritzi eta Ikerketa Soziopolitikoen Zentroko zuzendaria dugu. Euskal Herrian bisitari, bere herriaren egoeraren berri eskaini du.
Norantz doa Kuba?
Kubako iraultzaren proiektu sozialaren adierazleak sozialismorantz mantentzen dira. Kuba sozialismorantz doa, eta joango da, kubatar herriaren gehiengoak bide honetatik jarraitzeko borondatea baitu. Kubatar gizartea sozialismotik kapitalismotik baino hurbilago dago, eta ene ustetan, orain, duela zenbait urte baino esperientzia eta une bakoitzean behar duguna jakiteko gaitasun handiagoarekin jokatzen ari gara.
Ez al dago kontrajarria «sozialismoa edo heriotza» aldarrikatzea eta ekonomia mistorantz abiatzea?
Badakit Kubatik kanpo zaila dela «sozialismoa edo heriotza» esaera hori ulertzea, baina sozialismoa erabat baikorra izan da Kubako herriarentzat. Sozialismoa, kontzeptu sozialistak eta honen guztiaren atzetik dagoena, demokrazia partehartzailea bideratzeko oso tresna baliogarria izan da, eta beraz, Kuban «sozialismoa edo heriotza» esaten denean giza praktika batez ari gara, eta honi ez diogu uko egin nahi. Guretzat «sozialismoa edo heriotza» edota «aberria ala heriotza» edota «askatasuna edo heriotza» berdinak dira, zeren eta azken batean gure izaera, gure kultura eta gure herriarekin zerikusirik ez duen antolaketa eredua hartu edo inperialismoaren aurrean belaunikatzeko ez gaudela prest esaten ari baikara.
Gure herriak sozialismoarekin lortu zuen askatasuna, eta ondo daki kapitalismorantz abiatuz gero berriro ere zatituko ginatekeela, lehenago egon ginen bezala, eta gure interesei baino kanpokoei edota Estatu Batuetakoei erantzun beharko geniekeela.
Baina orduan, nola definituko zenuke ekonomia mistoaren eredu hori?
Nik jabego ereduen aniztasunaz eta jabegoa kudeatzeko eredu anitzekin dakusat. Hau da, beti egon behar du oinarrizko produkzio bitartekoen gaineko giza jabegoak, lurra, zerbitzu eta produkzio enpresak edo azukre lantegien gainekoak, herriaren iraupena bermatzeko; baina hortik aurrera eredu berriak har daitezke.
Ene iritziz hezkuntza, osasungintza eta giza babesak dohain jarraitu behar dute, paternalismorik gabe, eta eraginkortasuna bultzatuz, eraginkortasuna lortzea baita iraultzaren lanik garrantzitsuenetarikoa. Ekimena ere bultzatu behar da, herri honek sortzeko duen potentzialtasuna ahalik eta gehien erabili, ekoizpena eta merkatu arloko mekanismo malguak jarriz, eraginkortasunez lotzeko gaur egun zoritxarrez dagoen merkatu bakarrari, merkatu kapitalistari alegia.
Batasun politikoa mantenduko duen gizartea dakusat, eta era berean Kubako iraultzaren oinarrizko printzipioak mantenduko dituena, independentzia, anti-inperialismoa, burujabetza eta duintasuna.
Baina nola uler dezake hau guztia oinarrizko gauzak faltan dituenak?
Neuk ere faltan ditut beharrezkoak diren zenbait gauza, baina argi daukat gauzarik preziatuena askatasuna dela. Fidelek dio askatasunak ez duela zentzurik ogirik gabe, baina ogiak askatasunik gabe ere ez; beraz, gauza bien alde borrokatu behar da era berean. Gaur egun edozein kubatarrek du gabeziarik, baina gehienak duintasunaren alde daude, eta duintasuna eta borondatearekin sortuko dugu aberastasuna.
Dena den, kubatarren arteko ezberdintasunak nabariak dira: ez da berdina Centro Habanan edo Miramarren bizitzea.
Inolaz ere ez, argi dago. Iraultzak ez ditu arazo guztiak konpondu, eta ene ustetan ezin zaio horrelakorik eskatu ere. Kuban berdintasunerako urrats ikaragarriak eman dira, hezkuntzan, osasungintzan, giza babesean, baina hala ere ezberdintasunak daude, eta are gehiago, bazterkeria dago. Nik kubatar bazterkeria sozialista deitzen diot, zeren eta berezia baita.
Hau da, jendeak ez du gosez edota senda daitekeen gaixotasun batek jota hiltzeko beldurrik, baina Kubaren egoera ekonomikoa oso zaila da, eta 1994ra arte, ekonomiak beheranzko joera izan du, baina dagoeneko joera hori gelditzea lortu dugu, eta 1994an % 0,7ko igoera izan dugu Barne Produktu Gordinean. Eta era berean argi utzi nahi dut bost urte daramatzagula «garai berezia»n, blokeoak eragindakoa, eta inoiz ez dugu gure proiektua bere zabaltasun osoan garatzeko aukera izan, ezta ekialdeko herriekin harremana geneukanean ere.
Dena den, ez gara leku guztietara berdin heldu, baina 1993ko abenduan inkesta egin genuen Kuba osoan zera galdetzen: nola ikusten duzu zure bizi-maila, besteenarekin alderatuta? Herritarren % 67k parera ikusten zuen, % 23k besteena baino eskasagoa eta % 6k besteena baino hobea. Beste edonon egin eta ea non ateratzen diren datu hoiek!.
TELLLERIA, Josu
14-15

GaiezPolitikaNazioarteaEstatuak/NaKUBA
PertsonaiazMACHADO1
EgileezTELLERIA3Politika