argia.eus
INPRIMATU
Aldamiz-Etxebarria: "Geurea tertulia klasikoa besterik ez da".
2021eko uztailaren 19a
"Firin Faran" saioaren aurkezleari elkarrizketa
Aldamiz-Etxebarria: "Geurea tertulia klasikoa besterik ez da".
Astelehen gauetan «Firin Faran» saioko tertuliakideak moderatzeko eta saioa zuzentzeko lana bere esku du Estepan Aldamiz-Etxebarriak. Bakoitzari puntua hartzea zaila izan dela eta konfiantza hadiegia hartu diotenez ez diotela kasu handirik egiten aitortu digu.
Nola sortu zen «Firin Faran» egiteko ideia?
Ideia ez da batere berezia, telebistan euskarazko tertulia falta zela eta hau sortu genuen. Euskaraz gai bakarraren inguruko mahainguru modukoak egin izan dira beti. Gurea tertulia klasiko baten ideia da, besterik gabe, eta bakoitzak jartzen dion piperra edo ez-piperra. Edozein gairi buruz edozein modutan hitz egin dezakegu, hor dago saioaren balioa. Badirudi funtzionatzen duen programa dela eta jarraituko duen formula dela.
Nola hautatu zenituzten tertuliakideak?
Zerrenda luzeak egin eta askoren ezezkoa jasoz. Tertuliakide batzuen artean beldurra ere bazegoen, jakitunak ez ziren gai askori buruz hitz egin beharraren beldur. Baina jakitun izatea ez da kontua, bakoitzak gure iritziak izan ditzakegu eta ahal den neurrian behintzat, irizpide horiek mahai gainean jarri nahi ditugu.
Nola prestatzen duzue programa? Zeinek egiten du gaien aukeraketa?
Nik aktualitateko gaien zerrenda egiten dut, tertuliakideek ere gai batzuk esaten dizkidate, eta gero, airean tokatzen da tokatzen dena. Gerta daiteke paper batean hamar gai apuntatuta egotea eta gero hiru baino ez aztertzea. Arin arin sartzen ere saiatu nintzen baino ez dakit metodo hoberena den. Egia esan, esperimentazio maila batean nago ez dakidalako zer den interesgarriena ikuslearentzat.
Ikusleen harrera neurtu al duzue?
Bai, harrera oso ona izan da, uste baino askoz hobea. Mahainguru batek jende kopuru mugatua erakartzen du, gaiarekin asmatu behar da, baina aktualitatea beti da interesgarria. Hemen aktualitate zatiak aztertzen ditugu, baina zenbaitetan monografikoak atera zaizkigu nahi gabe.
GERRA, Ainhoa
49

GaiezKomunikabidTelebistaETBSaioak
GaiezKomunikabidTelebistaETBAurkezleak
PertsonaiazALDAMIZ1
EgileezGERRA1Komunikabid