argia.eus
INPRIMATU
"Korrika ez da AEKren soilik, gaur egun herriaren da"
2021eko uztailaren 16a
Korrikaren sorrera eta historiaz hitzegiten Urtza Errastirekin
"Korrika ez da AEKren soilik, gaur egun herriaren da"
Urtza Errasti, Korrika 1eko arduraduna
AEKren egoera ekonomikoa hobetzeko bildu zen talde eragilea, eta euskararen alde egiten den ekitaldi handiena sortzen amaitu zuten. Urtza Errasti izan zen 1980. urtean Korrika 1en arduraduna.
Nondik sortu zitzaizuen Korrika egiteko ideia?
AEKn talde eragile bat biltzen ginen egoera ekonomikoa hobetzeko asmoz. Hau lortzeko ideia ezberdin asko landu genituen eta Euskal Herri osoa zeharkatuko zuen lasterketa egitea otu zitzaigun egun batean. Hortik sortu zen Korrika.
Zeintzuk zineten hasierako talde eragile hartan?
AEK-ko batzorde nazionalekoak eta Bai Euskarari-ko batzuk ginen: Julen Kaltzada, Goio Uribetxeberria, Alberto Elorriaga, Beñi Agirre, Lurdes Mendinueta, Patxi Artze, Koldo Ameztoi, Alberto Gabika, Josepe Zuazo, Bittor Artola, Enrike Ibabe, Natxo de Felipe, Albaro Gurrea, besteak beste.... Polita iruditu zitzaigun ideia. Bai Euskarari-ren izena erabili nahi genuen, baina euskaltzain batzuek ez ziguten utzi eta izen berria asmatu behar izan genuen. Korrika izena Josepe Zuazorena da.
Nondik atera zenuten Korrikaren eredua?
Bizkaiko Atletismo Federazioak egun bateko errelebodun maratoia egiten zuen, eta hortik atera zen ideia. Lasterketa hura Euskal Herri osora heda zitekeela pentsatu genuen eta egun bakarrekoa izan beharrean luzeagoa izan zitekeela. Hasieran zaila zirudien, baina pixkanaka gauzak lotuz joan eta errazago ikusi genuen guztia.
Nolakoak izan ziren hasierako urratsak?
Ibilbide bat asmatu, irteera eta bukaera finkatu eta guztia neurtu genuen. Kilometro bakoitza egiteko zazpi minutu kalkulatu eta hortik atera genuen ibilbideak nondik norakoa izan behar zuen. Txukun atera ziren kontuak eta baita Korrika bera ere.
Zein izan zen Korrika 1en helburua
Hasierako helburua ekonomikoa zen, AEK-k aurrera joko bazuen beharrezkoa baitzen ekonomia hobetzea. Orain laguntza txikia badu, pentsa orduan genuena. Dena den, beste helburu bat ere bagenuen: herrialde guztien arteko barne koordinazio sendoa nahi genuen, eta bestalde, erakundea Euskal Herri osoan hedatzea.
Beraz, hasierako helburua bigarren mailan geratu zen, eta lehenbiziko gisa AEK eta euskararen hedapena geratu ziren.
Zein mailatan lortu dira?
AEKren erakundetzea eta hedatzea neurri handian lortu da, baina ez Korrikarekin bakarrik, baita AEK-k urtetan egindako euskararen aldeko kanpaina on denekin ere. AEK errealitate garrantzitsua da Euskal Herrian. Helduen euskalduntzean sistema klasikoa baino hobea dela ere erakutsi du.
Ekonomiari dagokionez, AEK beti izango da diru beharrean, jasotzen duen laguntza ez baita nahikoa. Bestalde, AEK beti saiatu da herrialde guztietan diru kopuru bera izateko banaketa egiten.
Egun duen oihartzuna lortuko zenutela pentsatu al zenuten?
Ezta pentsatu ere. Orduan ere zalantzak genituen proiektuak aurrera egingo ote zuen. Korrika guztia gela batean pasatu behar izan nuen azken orduko gauzak konpontzen. Behin Zuberoatik deitu zuten elurra zela-eta hamabi kilometro hutsik zeudela esanez. Lagun taldea bildu, mikrobusa hartu eta Zuberoara joan behar izan genuen. Nahiko zaila izan zen lehenbiziko Korrika hura koordinatzea.
Dena den, Korrikak aurrera egingo zuela lehen egunean ikusi nuen. Oñatin ikurrinatxo batekin eman genion hasiera gaueko hamarretan. Euskal Herriko kanpandorre guztietako kanpaiak dantzan jartzeko asmoa zegoen, baita ipini ere. Kanpaiak jo, Korrikari ekin eta elurra hastea bat izan zen. Elgetan harrijasotzaile batek hartu zuen testigua. Elurretan abarkekin, alkandora hutsean eta lepoan harria zuela egin zuen korrika. Orduan ohartu nintzen Korrika ezingo zuela ezerk edo inork gelditu. Korrika 1ek arrakasta handia izan zuen, eta arrakasta handituz joan da.
Zer aldatu da urte hauetan Korrikan?
Batipat herritartu egin dela. Korrika orain ez da AEKrena soilik. Muga politikoak gainditu ditu eta hau oso garrantzitsua da. Bestelakoan antzera jarraitzen du guztiak, jai alaia da, beti izan den bezala, eta euskararen aldeko propaganda paregabea.
Zer lortu nahi du AEK-k Korrikarekin?
Oraingo helburua ez da ekonomikoa, baizik eta euskara suspertu eta bultzatzea. Herri mailan AEK beharrezkoa dela onartu da eta ez duela erakunde gubernamentala izan behar baizik eta herrikoia.
Urtetan zehar izandako arazoak gaindituta al dira?
Baimenekin arazo handiak izan genituen hasierako Korriketan, eta Goardia Zibilarekin ere bai, Nafarroan batez ere. Mugan ere gelditu nahi izan gaituzte, baina inoiz ez dute lortu. Antolaketa arazoak ere jazo dira baina ez dira nagusiak izan. Beti konpondu dira. Anekdota hutsak izan dira.
ZUAZABEITIA, Ainhara / ERASUN, Arantxa
25-26

GaiezHizkuntzaEuskaraEkitaldiakKorrika
GaiezHizkuntzaEuskaraAlfabetatzeAEKEkitaldiakKorrika
PertsonaiazERRASTI4