argia.eus
INPRIMATU
"Lehiakidea baino gehiago hobetzea da kontua".
Xabier Letona Biteri @xletona 2007ko otsailaren 21a
MCC Arrasateko kooperatiba Taldearen VI. kongresuaren inguruan
"Lehiakidea baino gehiago hobetzea da kontua".
Jose Ignazio Aldekoa, MCCren Kooperatiba Kongresua lehendakaria
MCC Arrasateko kooperatiba taldeak VI. Kongresua egin zuen hilaren 23an. Partaidetza handitzea eta kongresua lau urtez behin egitea erabaki zen. Jose Maria Aldekoa, Kongresuko lehendakariak, haren berri eman digu.
Zergatik aldatu da kongresisten kopurua?
Hau seigarren kongresua da eta kongresisten kopuru aldaketa 1994ko uztaileko V. kongresuan erabaki zen. Bost kongresu hauetan, MCC barneko kooperatibek proiektu bateratu hau zein baldintzatan jokatuko dugun arautu da. Beraz, aurrerantzean definizioetatik jardun operatibora iragan behar dugu. IV. kongresuan, kooperatibak sektoreka biltzea erabaki zen _produktu-merkatua irizpidean oinarrituta, eta ez ordura arteko geografikoan_ eta baita taldearen enpresa politika; beraz, hau aurrera eraman behar dugu. Kongresuak talde osoaren enpresa politikaz erabaki dezakeenez, kongresisten kopuru handitzearekin bazkideen ordezkaritza hobeto islatuta egotea gura izan da.
Urtero beharrean, kongresua lau urtez behin egiteak izango al du eraginik kooperatiben eta bazkideen kontrol eta partehartzean?
Ez, eta gainera 1991ra arte ez ziren urtero egiten. Orduantxe erabaki zen urtero egitea, gure arteko joko arauak zehaztu gabe zeudelako. Lan eratzaile eta araugilea eginda, kongresua urtero egiteak ez du zentzurik: ez legoke aztertzeko gairik eta, gainera, kongresuak balorea galduko luke.
Azkenean, garrantzitsuena da kongresura eramango dena kooperatiba desberdinetan ondo aztertua eta eztabaidatua izatea. Honek ez du esan gura urtero bilduko ez garenik, baina beste modu batean eta batez ere zentzu operatiboan. Bestalde, kongresuaren batzorde iraunkorra hilero biltzen da.
Zein da batzorde honen osaketa?
Kongresu arteko garaietan, kudeaketa kongresuan erabakitakoa begirunez egiten den zaintzea da batzordearen ardura. Horrez gain, bitarte horretan izaten diren zeregin operatiboak erabakitzen ditu. 16 pertsonez osatua dago, banaketa taldeak lau ordezkari dauzka, finantz taldeak hiru eta industri taldeak bederatzi.
Partaideen zabaltzeak, kopuruagatik besterik ez bada, etorkizunean erabakien hartzea gaitzagoa egingo du?
Arazo logistikoren bat ekarriko digu. Horrez gain, 370etik 600erakoa ez da hazkunde handiegia, komunikazioa eta partehartzeari ez dio gehiegi eragingo. Dena den, kopurua handitu ahala ordezkaritza handitzen duzu, baina parte hartzea txikitu.
Egun merkatuan bizi dugun lehiarekin, hori guztia eraginkorra al da?
Bi oinarrizko osagai daude hor: taldea sektoreka eraberritzearena, bizirauteko ezinbestekoa izan dena, eta kooperatiba gisa jarraitzeko dugun borondatea, hau da, partehartze demokratikoaren bitartez bazkideak enpresaren jabe izaten jarrai dezatela. Horregatik, eraberritze honetan, lehenbiziko kongresuen zeregina funtsezkoa izan zen kooperatiba izpirituari eusteko.
1994ko emaitzak arrakastatsuak izan dira; zeintzuk dira MCCren hurrengo erronkak?
Salmentetan % 20 hazi gara eta iaz industri taldean 650 lanpostu sortu genituen eta banaketa taldean 920. Urte ona izan da. 1995a ere oraingoz ondo datorkigu; urtarrilean iaz baino % 28 gehiago saldu dugu, eta banaketa taldeaz beste horrenbeste esan liteke. Baina garrantzitsuena da gure egiteko moduak hobetzen ari garen ala ez, merkataritza-sareak, produktuaren kalitatea eta prestakuntza, bezeroa zaintzea... Hobetzea ez da nahikoa, lehiakidea baino gehiago hobetu behar da. Hor dago gakoa, eta bidea oraindik luzea da.
LETONA, Xabier
18,19

Gaiez\Ekonomia\Kooperatiba\MCC
Pertsonaiaz\ALDEKOA2
Egileez\LETONA1\Ekonomia