"Koherentziaren jarritzaileak zoriondu nahi ditut filmearekin"
2021eko uztailaren 19a
Antxon Ezeiza zine zuzendariak "Zorionak Tovaritx" filmatu du
"Koherentziaren jarritzaileak zoriondu nahi ditut filmearekin"
Antxon Ezeizak "Zorionak Tovaritx" filmatu du
Bere azken filmetik, «Ke arteko egunak», sei urte pasatu ditu hainbat proiektu burutu nahian. Mexikon kokatua bata, eta Euskal Herrian bestea; bi luzemetraia zituen buruan, baina biak huts egin eta «Zorionak tovaritx»i heldu dio azkenez. Honen gainean aritu zaigu eta euskal zinemagintzan egin dituen saioez. Etxean bertan jaso omen ditu kolperik handienak.
«Zorionak tovaritx» filmea ideietan oinarritu duzu. Zein ideietan?
Filme honetan koherentziaren aldeko aldarrikapena egin nahi izan dut, koherentziaren jarraitzaileak zoriondu. Bere bizitza osoan komunista izanik munduko azken aldaketen ondoren ez zeru ez lur geratzen den aitona bati buruz mintzo da.
Paco Rabal da aktore nagusia. 70 urte, betidanik komunista, erabat bere larrutan sartzen den pertsonaia dugu. Elorriaga da bestea, Rabalen semea, modako pertsonaia bera, broker-a, espekulatzailea, putasemea... bata bestearen aurkakoak, beraz. Murtzian filmatu da eta inguruko paisajeak dira nagusi, Miguel Hernandezen poesia entzuten da aitonaren ahotan... Espainiako kultur ikuspegitik abiatuta arazo unibertsala ispilatzen duen filmea da.
Errealista, beraz?
Filmea ez dago erabat modu errealistan tajutua, ez da komunismoaren erorketari buruzko panfletoa, parabola edo fabula gisakoa du bere baitan. «Ke arteko egunak» nire azken filmeko tesi nagusi berari erantzuten dio: alda al daiteke ala ez egin duzuna? Kasu honetan, aitona ofizioz zinema-muntatzailea izandakoa da eta, norbaitek gertaerak beste era batera muntatuz gero, egoera alda dezakeen galdetzen dio bere buruari. Horren inguruko parabola irudikatzen da beraz, aitonak bere ilobarekin --Ruth Gabriel-- egiten duen bidaian.
Noiz estreinatuko da?
Une honetan bukatu da lehen muntaia eta apirilaren hasierarako erabat bukatuta edukitzea espero dut. Noiz estreinatuko den ez dakit, baina. Cannesen agian, edo Venecian.
Errepide-filmea dela aitatu duzu, bidaia batean oinarritua. Kasik 30 urteotako zure zinemagintza ere Euskal Herritik kanpora egindako bidaia luzea da.
Azken denboran hainbat proiektutan aritu naiz. Mexikon «Rojo sangre» deituriko filmea egin nahi nuen, baina hutsean geratu da. Euskal balezaleen inguruko «El cuaderno de bitácora» filmatzeko hainbat saio ere egin ditut; argirik ez dute ikusi, ordea. «Ke arteko egunak»en jarraipena izan daiteke berau, pertsonaiak euskaldunak, hemen lekutua, gure kulturaren ispilu... Azkenik «Zorionak tovaritx» sortu dut, besterik atera ez delako, zera, berdin egon nintekeen Mexikon lanean.
«Ke arteko egunak» filmeak gauza askotara itzultzea esan nahi izan zuen: etxera itzultzea, euskarara... Ondoren ordea, Euskal Herrian zineman jardutea oso zaila jarri zen, eta duintasunez jokatu behar dela uste dudanez, Euskal Mediak ahotik sudurre jaten eman zain egon gabe alegia, kanporako bidea hartzea tokatu zait.
1980an Euskal Herrira itzuli eta «Ikuska»k egiten hasi zinen, euskarazko zinematografiari hasiera eman asmoz. Ez dirudi, azaldu diguzun ikuspegiagatik, asmatu duzunik.
Garai hartan begibistakoa iruditu zitzaidan gure zinematografiaren zimenduak eraikitzea, eta teknikari eta aktoreak erronka horretara jartzea, hots, Koldo Izagirre edo Iñaki Eizmendi zinema egiten trebatzea, Montxo Armendariz edo Imanol Uribek euskarari begirako jauzia ematea, eta hogeita hiru dokumental egin genituen. Proiektua hor zapuztu zen, ordea, instituzioek aurkako bidea aukeratu zutelako. Bere zergak Euskadin ordaintzen zituen oro sartu zituzten zaku berean, ezaugarri kuantitatibo eta administratibo batzuk arautu... eta kitto! Ez zen, izpiritu eta forma aldetik kultur errealitate berezitu bati, gureari, erantzun behar zitzaionik planteatu. Hortik etorri da kaltea.
Egia da nik planteatu nuen erritmoa hirugarren munduan oinarritua egon zitekeela, oinarri xumeetatik hasi eta pausoka luzemetraietara iristeko, baina orain ikusten dudanez baboarena egin nuen lau urte laburmetraiak filmatzen eta saio harek ez dut uste inongo arrastorik utzi duenik.
Aurreko porrotaren ondoren iritsi zen «Ke arteko egunak», 1989an. Saio hutsala hau ere?
Aro berri baten hasiera izan zitekeen, eta euskal zinematografiaren eredua zehazteko orduan, adibidea jartzen saiatu nintzen. Hutsean geratu da baina, eta beldur naiz ez ote den lekukotasunezko filme moduan galduko. Bidea markatuta utzi nuen eta hori galdu izanak min ematen dit. Izan ere, adibideren bat salbu, ordudanik ez da Euskal Herrikotzat jo daitekeen benetako filmerik egin.
Zein behar luke beraz, euskal erakundeek sustatu beharko luketen zinemagintza?
«Ke arteko egunak» egiteko Espainiako Kultura Ministeriotik dirua jaso nuen, eta Eusko Jaurlaritzari ere eskatu nion, euskaraz egin behar nuelako. Hori lagundu beharko litzateke, hots, euskal zinematografiari begira eman daitezkeen urrats oro. Nardargarria iruditzen zait, «Zorionak tovaritx» egiteko Murtziara jo beharrean Arrigorriagara joatea, lizentziak ateratzea eta Eusko Jaurlaritzari laguntzak eskatzea. Filme honek nahikoa du Espainiako laguntzarekin.
Hemengo laguntzak, beraz, urrats batzuei begira eman behar dira. Baina ez dira kontuan hartzen, ez urrats hauek, ezta hemen jarduten duten zinemagile gazteen kasuak ere. Medem edo Bajo Ulloari ez zaie dirurik ematen. Ez dut ulertzen. Eta gero, Paul Ledouch-en «Dolar mambo» filmean dirua xahutzen da. Asko miresten dut zuzendari mexikarra, baina ez dauka ez buru ez belarririk Jaurlaritza egiten ari dena: kanpokoari eman, hemengoari ukatu eta euskal zinemagintzari buruzko urratsak alde batera utzi.
Orain indarrean dauden euskal zuzendari gazte eta ospetsuek ezer egiten al dute zure garaian heldutakoari jarraitzeko?
Ez dute bokaziorik erakusten, behintzat. Edozein kulturatako zinemagileak sentitzen dira, eta edozein diodanean hurbilenekoa duten erreferentzia adierazi nahi dut, kultura espainiarreko zinemagileak. Beraien protesta diruaren ingurukoa da, ez diet ikusten gero eta urrutiago geratzen den euskal zinematografiaren alde saiatzen ari direnik.
Donostiako Zinemaldiarekin harreman estua izan duzu. `Gure' esku egon behar lukeela defenditu duzu beti. Zer nola ikusten duzu egun?
Bataila hau ere galdu egin dut. Garai batean «Ingeles bat lehendakaritzarako» leloa atera nuen, Reala entrenatzeko ingeles bat, Donostiako Zinemaldia zuzentzeko belgiarra... politikariak bakarrik ziren euskaldunak! Beti defendatu izan dut, eta hainbestetan errepikatu ezen kale gorrian bukatu baitut, Zinemaldiaren ereduari jarraipena emango zion etxeko egitura egon behar zuela, eta marko iraunkor horretatik une batean kanpoko zuzendaria ekarri behar bazen, ekarri, baina ez alderantziz, ardura osoa zuzendariarengan jarri, eta kanpokoa gainera! Ia munduko zinemaldi guztiek jokatzen dute honela. Alderanziz, izpiritu hau, gurean ardura handiz zaindu beharko litzatekeena, galdu egin da.
PETRIKORENA, J.J.
37-39