argia.eus
INPRIMATU
"Atzerriko zabalkundean Txina puntuetariko bat besterik ez da".
Xabier Letona Biteri @xletona 2021eko uztailaren 19a
Irizar autobusen enpresak Txinara joko du
"Atzerriko zabalkundean Txina puntuetariko bat besterik ez da".
Koldo Saratxaga, Irizar karrozeria kooperatibako lehendakaria
Autobusen batean ibili den edonork ezagutzen du Irizar, Ormaiztegiko kooperatiba. Dagoeneko 105 urteko bizitza du eta Europan izena egin ondoren Txinara joko du, bertan 1.500 milioi pezetako inbertsioa egitera. Koldo Saratxaga Galdakaokoa da, 47 urte dauzka eta jadanik hiru urte pasatxo daramatza Irizarreko zuzendaritzan.
Iaz, 1994an, Erresuma Batuan Urteko Autoaren saria jaso zenuten; ez da sari makala?
Century modeloarekin Europan lortu dugun mailaren adierazgarri da. Luxuzko autoa da, goi mailakoa. Gure eremua hori izan zitekeela ikusi genuen eta eredu horretan oinarritu gara. Gaur egun merkatuan dagoen lehen lerrokoa da. Kontuan hartu behar da Ingalaterran oso klasikoak direla autoen kontuan, eskuinetik gidatzen dutela eta beste hainbat bitxikeria... eta hala ere lortu egin dugu. Hori hor dago eta guretzat erabat pozgarria da, urteetako lanaren ondorioa da.
Orain haize oparoekin bazabiltzate ere, larri ere ibili zarete?
105 urteko `abiaduran' denetarik gertatzen da eta. Horren urruti joan gabe ere, 1991n oso larri ibili ginen, hil edo biziko egoeran. Gure lanean zentratu beharra ikusi genuen, beraz ideia eta helburu zehatz batzuen inguruan lanean jarri ginen eta apurka gorantza egin dugu.
Zer helburu eta zer ideia dira horiek?
Batetik, ordura arte merkatu jardueran gure ekoizpena estatura begira zuzentzen genuen nagusiki. Orduan erabaki genuen esportazioan oinarritu behar genuela eta, piskanaka, horrela egin dugu. Gaur egun gure fakturazioa % 7.200 milioi pezetakoa da (300 bat milioi libera), horietatik 4.000 esportaziokoak eta beste 3.200 Espainia mailakoak. 1993tik 1994ra jauzi handia izan genuen: 1993an 4.315 milioi pezeta fakturatu baikenituen.
Horrez gain, gure proiektuak lau ideien inguruan baino talde lanean oinarritu ditugu. Nik beti eman ohi diot garrantzi handia talde lanari, beti lan egin izan dut horrela eta aurrerantzean ere horrela izango da. Arrakastaren gakoa, nire ustez, horretan dago. Gaur egun 345 langile gara, baina azken hiru urteetan horietatik 250 sortu ditugu.
Duela bi urte t'erdi abiatu zineten Txina aldera, hango merkatuan muturra sartzeko asmotan. Zergatik Txina eta ez, adibidez, Hego Amerika?
Egia esan, behin atzerriko merkatuak gogor jorratu behar genituela erabakita, lehenbizi Hego Amerika aldera egin genuen, baina tartean, Asturiasko Alsa enpresa medio, Txinako aukera horrekin egin genuen topo, eta harrezkero Txinan ari gara buru-belarri.
Dena den, atzerriko zabalkundean Txina puntuetariko bat besterik ez da, eta Latinoamerikan ere lanean ari gara. Argentina, Txile eta beste herri batzuek aukera onak eskaintzen dituzte; alde batetik bestera distantzia handiak dauzkate, behar dute guk eskaintzen duguna, beraz, jorratu beharrekoak dira. Autobusen produkzio zuzenaz aparte, gure bigarren lan eremua goi mailako teknologiaren esportazioa da eta leku horietan horren behar handia dute.
Zein baldintzatan zoazte Txinara?
Txinan, Tianjin hirian kokatuko gara. Txinako kostaldean kokatua dago, 12 milioi biztanlerekin Txinako hirugarren hiria da eta portua ere garrantzitsua dauka. Irizar eta Alsaren artean enpresa berriaren akzioen % 51 izango dugu eta (% 35,7 guk eta % 15,3 Alsak) Tianjineko Autobus Lantegiak gainerakoa. Lantegiak 400 lanpostu izango ditu eta urtean mila bat autobus egingo dira, ez orain guk egiten dugun lehen mailako Centurya, lehen egiten genuen Everesta baizik. Proiektua martxan da eta aste honetan bertan, hilaren 12an, lehenbiziko hogei txinatarrak etortzekoak dira Ormaiztegira.
Bi urtetan jardun duzue negoziazioetan, zeintzuk izan dira izan dituzuen zailtasunik handienak?
Hango munduarekin eta bertako moldeekin topo egitea. Txinako enpresa munduan gauzak oso astiro egiten dira, lan eremuan ez daude ohituta eurek erabakiak hartzera, erabakiak politikoek hartzen dituzte eta honek prozesu osoa arras leuntzen du. Kontuan hartu behar da sarritan hiru maila desberdinetan hitz egin behar duzula: lehenbizi enpresako zuzendaritzarekin, gero erregioko agintaritza politikoarekin eta, azkenik, erregiokoen gainetik dauden agintari politikoak ere hor daude. Ez dituzu ikusten baina hor daude.
Haiek ere ondo baino hobeto ohartzen dira honetaz guztiaz eta esaten dizute ulertu behar dela euren lan egiteko modua eta abar. Azkenean, gure arteko bileretan, barre artean guztiok aritzen ginen «Txinako herriaren ezaugarri bereziez».
LETONA, Xabier
18,19

GaiezEkonomiaKooperatibaKooperatiba
PertsonaiazSARATXAGA1
EgileezLETONA1Ekonomia