argia.eus
INPRIMATU
"Atienza jaunak deusen truke saldu gaitu berriro ere".
2007ko otsailaren 21
Arrantzaren akordioa sinatuko da Brusselasen abenduaren 22an
"Atienza jaunak deusen truke saldu gaitu berriro ere".
Esteban Olaizola
Abenduaren 22an Brusselan hartutako erabakiaren ondoren, arrantzaleen auzia kalean da berriro ere, eta Hondarribiko Kofradiara jo dugu, bertako lehendakari den Esteban Olazaizolarekin gai honetaz mintzatzeko.
Zer ondorio ekarriko die Hego Euskal Herriko kostaldeko baxurako arrantzaleei abenduaren 22an sinatutako akordioak
Oso egoera txarrean geratu gara. Atienza jaunak 9.000 tona bokarta eman dituela kontuan eduki beharra dago, eta horren truke ez duela deus ere eskatu. Guk ez dugu ezertxo ere atera akordio horretatik, eta horregatik oso haserre gaude une honetan.
Atienzaren iritzia bestelakoa izan da, eta lana ondo bukatutzat eman daitekeela esan zuen akordioa sinatu ondorengo prentsaurrekoan.
Atienza ministroak nahi duena esango du, baina Estatu espainiarreko arrantzaleontzat ez da batere onuragarria gertatu akordio hori.
Horren kaltetuak atera bazarete, zerk bultza du Arrantza ministroa akordio hori sinatzera
Europako Elkarteko arrantza politikan sartzea izan da Espainiako Senatutik, Parlamentutik eta Gobernutik Atienza jaunari emandako agindua, eta kosta ahala kosta bete beharrekoa.
Integraziorako etsairik handienak Ingalaterra, Irlanda eta Frantzia ziren, eta gobernuren bat erostea beharrezkoa zen. Frantzia erostea izan da errazena. Hauek aspaldidanik zebiltzan bokarta harrapatzeko kopurua handitu nahirik, eta Atienzak 9.000 tona eman dizkie. Ondorioz, Frantzia integrazioaren alde agertu da. Atienza jaunak gu saldu izana da da guk gogor salatu nahi duguna.
9.000 tonak eman ondoren, zertan geratu da baxurako arrantzaren etorkizuna
Bokartaren truke zerbait lortu izan bagenu, gaitzerdi. Kopuru handiago baten atzetik nahiko etsita zebilen Frantzia, eta piskat presionatuz gero zerbait lortuko genukeela pentsatzen dugu.
Frantziaren behar hori ikusita, Atienza jaunari bokartaren truke baxurarentzat zerbait lortzeko eskatu genion, bolanten edo pelagikoen arazoa konpontzeko, esaterako. Edozein akordio itxi aurretik gurekin hitz egiteko ere eskatu genion, eta berak hitza eman zigun. Dena den, ez du hitza bete, eta gu aintzat hartu gabe sinatu du ituna.
Indar handia galduko zenuten bokarta horren truke ezer ere atera ez duzuenean
Zalantzarik gabe. Sektore bezala, ez dugu deus ere atera. Kupo horren indarra genuen guk, gure eskakizuna aurrera ateratzeko. Oso garrantzitsua zen kupo hori gure esku izatea, presio modu paregabea baitzen. Baina ikusia dago politikagintza dela Atienza bezalako jendeari ardura zaion bakarra, eta jai dugu gauzek bere horretan jarraitzen duten bitartean.
Hasieran pentsatu zen akordioaren letra xeheetan egon zitekeela tona horiek guztiak galdu izanaren ordaina, baina jadanik jakina da ez dela hala. Zer dio letra xehe horrek.
Letra xeheak dioena ere gure aurkakoa da, tamalez. Estraina gure itxaropena akordioaren zati horretan jarri bagenuen ere, bertan behera geratu zen, berehala, amets hura.
Portugalek Frantziari emandako beste 9.000 tonak dira, joan zen asteleheneko Federazioko batzarrean irakurritakoaren arabera, idatzi horretan aipatzen dena, baina ez da zehazten Portugalgo uretan atzeman behar direla. Frantsesek gure uretan arrantzan egiteko aukera izango dutela esan nahi du horrek, 18.000 tona hartu ahal izango dituztela hala nahi izanez gero.
Hau guztia ikusirik, ez diot zentzurik ikusten Atienza jaunaren poztasun aurpegiari, eta akordioa oso positiboa izan dela nola esan dezakeen ezin dut ulertu.
Europako Batasunean daramatzagun zortzi urteak kontuan harturik, nola baloratuko zenuke arrantzak izandako tratamendua
Oso era ezkorrean, 1.986an EEEn sartu ginenean baino okerrago baikaude. Orduan bazen halako egonkortasun bat, eta teorian gauzak ezin zuen okerragora jo. Itsasora atera, eta bokarta behintzat atzematen genuen.
Bestalde, Hendaian eta Donibanen zeuden untziek 3.000 tona bokarta baino ez zituzten harrapatzen, kopuru hori nahikoa baitzuten barku kopuru hura mantentzeko. Akordio bat ere bagenuen, bokarta eta atunaren arrantzan arte tradizionala erabiltzekoa. Pelagiko gutxi batzuk baziren, legatza, lupia eta urraburu grisa atzematen zihardutenak.
Zortzi urte beranduago, itsasontzi hauek euren baliabideak agortu dituztenean, gure arrantzaren bila hasi dira, 3.000 tona ez zaizkie nahikoak.
Beraz, 9.000 tona horietako asko pelagikoak darabiltzaten itsasontziek harrapatuko dituzte.
Halaxe da. Azken aldian, gainera, gero eta gehiago dira pelagikoa erabiltzen duten itsasontziak, eta horrela jarraituz gero berehala bokarta kopuru berria eman beharko dugu. Itsasoak duen etsairik handienari eman dizkio Atienza jaunak tona asko.
Oraindik ez al da hori arautzko formularik martxan jarri.
Ez, eta hori da kezkagarriena. Elkartean sartu ginenean hau hobe arautuko zela pentsatzen genuen, itsasoa hobe zainduko zela, baina ez da ezer egin, eta herririk aberatsenak gero eta aberatsago egiten ari diren bitartean, txiroak gero eta txirotasun handiagora goaz.
Baliabideak guztiz bukatzeko zenbat urte gelditzen direla esango zenuke
Denak pelagikoak eta bolanta-sareak erabiltzen hasiko bagina, hamar urteren buruan itsasoa hutsik geratuko litzateke.
Gure itsasoan bokarta eta atunaren oreka mantendu bada, hauek arrantzatzeko erabilitako tresna tradizionalengatik izan da, betidanik tresna selektiboak eta bereziak erabili izan ditugulako.
Besteak bezalako tresnak erabili izan bagenitu, gainontzeko itsasoetan eta arrain motetan bezala SOS handia izango genuke, arrain faltagatik. Guk exigitzen duguna arrantza arduratsua da, eta honetaz leku guztietan asko hitz egin bada ere, sekula ez da erabaki eraginkorrik hartzen.
Zer ondorio izango luke arrantza arduratsu hori aurrera eramateak
Itsasoan oreka mantentzea ekarriko luke, hau da, urtean arrantzatzen denaren arteko eta bertako animalien birsortzearen arteko oreka lortuko litzateke. Biharko gazteek itsasotik bizitzeko aukera izango lukete era honetan. Bestela jai dugu, oso urte gutxitan amaituko baita guztia.
Itsasoan ez dago aberasterik, baina bizitzeko modu bat da, eta urte askotan erakutsi da hori. Hondarribiko Kofradia 1361ean sortu zen, eta arrantzale asko izan dira ordudanik. Guk beste hainbeste izatea nahi genuke, baina horretarako beharrezkoa da arrantzan betiko tresnekin aritzea.
Zer dio Batasunak zuen eskaera honi buruz
Arduraz eginiko arrantzaz eta belaunaldi berrien etorkizunaz asko hitz egiten bada ere, praktikan ez da deus ere martxan ipintzen.
Hau gertatzen da Batasuna Ordiziako merkatua bezalakoa delako, baina dimentsio handiagokoa. Dirudunak du boterea, eta dituen interesen arabera egiten ditu trukeak.
Hartutako azken akordioarekin argi ikusi dugu Europari bost axola zaiola arrantza txukun egina izatea. Azken batean, boteretsuen dinamikan erortzen da, eta kitto.
Zein da une honetan arrantzak duen arazorik larriena.
Errekurtso falta da arazorik latzena. Atienza jaunak eta beste guztiek nahi dutena esango dute, baina hori da une honetan dagoen arazorik larriena. Neurriak berehala hartzen ez badira, oso denbora gutxian bukatuko da dena. Errekurtsoen errekuperazioa bultzatu behar da, eta honetan erantzukizun handiena Europako Batasunak du.
Nola bizi duzue egoera hau itsasoan
Bolanta eta deriba-sareak sortu direnetik interakzio handia dago itsasoan, eta elkar ikusi ezin handia sortu da Iparraldeko arrantzaleen eta gure artean. Akordio honi buelta emateko aukerarik ez bada sortzen, aurten ere istilu handiak izango ditugu itsasoan.
Eman dezagun akordioa ez dela aldatzen.
Hori horrela izatekotan, Atienza jaunak lehenbailehen esan behar liguke. Errentabilitatea baldin bada bilatzen den gauza bakarra, tresna asko daude, eta ez pelagikoak edo bolantak bakarrik: dinamita ere hor dago, askoz ere suntsigarriagoa.
Nik ez dut esaten hori egingo dugunik. Ez da gure asmotan horrelakorik sartzen, baina gu probatzen ari direla dirudi, eta nahikoa dela iruditzen zaigu.
Orokorrean zer balantze egingo zenuke pasatako urteaz
Istiluak direla-eta galdu ditugun egunengatik izan ez balitz, hobea izan zitekeen. Dena den, oso kostera txarra izan da, iaz baino atun eta antxoa gutxiagorekin.
Arraina egon badago, baina bi sareen artean interakzio handia dago, eta honek horrela jarraitzen duen bitartean ez dira onak izango gure kosterak.
Zer eskatzen diozu orain hasi berri dugun 95. urteari
Gutxienez 1986an bezala egotea. Orduan baxurakook bagenekien bokarta eta atuna aurkituko genuela, baina gaur pastel hori jende askok jan nahi du, eta guk ezin dugu jan besteen pastelik. Frantsesei berea bukatu zaie: 1984an 500.000 kilo bisigu ekarri ziren Hondarribira, eta hamar urte beranduago 100 kilo baino ez, tresna berrien ondorioz. Horregatik eskatzen dut 86. urtean bezala egotea, gure arrantza ziurtatzeko gutxienez.
Honetaz gain, erantzukizuna duen jendeari aurten zentzun handiagoz jokatzea eskatuko diot, eta hitzaren partez lana egitera bultzatuko nituzke. Idatzita dagoena praktikan ipin dezaten behin betiko.
ESTEBAN OLAIZOLA
ZUAZABEITIA, Ainhara
28-32

Gaiez\Ekonomia\Lehen sekto\Arrantza
Pertsonaiaz\OLAIZOLA5
Egileez\ZUAZABEITI1\Ekonomia