«EAJ-UA izan daiteke irtenbidea Arabako Diputazioa osatzeko»

Alberto Ansola EAJko diputatuari egindako elkarrizketa
«EAJ-UA izan daiteke irtenbidea Arabako Diputazioa osatzeko»
Alberto Ansola, Arabako diputatu nagusia
Berrogeita hamar urte ditu Alberto Ansola Arabako aldun nagusiak. Gipuzkoako Soraluzen jaiotako plaentxiarra, Ingeniaritza titulua bi adarretan _mekanikoan eta elektronikoan_ edukirik, orain Zuzenbide ikasketak burutzen ari da. Unibertsitateko irakasle postua zain dauka, azken hilabeteak ditu Diputazioko jauregian. Bera orain dagoen aulkian egon zen Emilio Gebaraz hainbat lore kontatu dizkigu Ansolak, eta EAEren barne antolakuntza konfederala aldarrikatzen dutenen baztertzea salatu.
Arabak EAEn jarraituko al du 2.001. urtean?
Seguru. Gertatzen da hemen gero eta nabariago diren bi joera daudela: EAEren barruan segitzeko joera bata, eta Espainiarekin gero eta gehiago lotzekoa bestea. Lehenak indarra galdu du urteotan, eta bigarrenean, berriz, UAk PP eta PSOEren txanda hartu du. Baina ez dira Araba EAEtik apartatzera ausartuko. Baliteke UA horretan saiatzea, baina ez du nahikoa indar.
Zertan huts egin duzue abertzaleek UA bezalako formazioa sortzeko?
UAren sorrera ez dute abertzaleon hutsek eragin. 84ean, alderdi abertzaleek gehiengo absolutua lortu zuten Batzar Nagusietarako hauteskundeetan Araban. Baina horien boto asko ez zen abertzalea. 1980-85 urteetan abertzaleek lortutako boto kopurua mirari gisa ikusten dut. Orain, ordea, nork bere iritzia lasaiago azaltzen duenean, indarkeria gutxitu eta askatasun handiagoa egonik, boto joera normaltasunera itzuli da.
Egun, berriz, arabarren erdiak alde batera bozkatzen du, eta beste erdiak bestera. Eta hori ez da komenigarria. Horrek batasuna apurtzen du, eta azken batean, egoera honek Euskal Herriaren nazio proiektua geldotzen.
Autodeterminazioaren diskurtsoak beldurra eragiten duela dio Gebarak...
Norbaitek EAJk autodeterminazioa ez zuela defendituko uste bazuen, oker zebilen. Hala ere, nik EAJk 80-84 bitartean egiten zuen diskurtsoa berreskuratu beharko lukeela defenditzen dut. Bi ildo nagusi daude: abertzale batzuek pentsatzen dute gure herri erakundeak zentralizatu egin behar direla. Beste batzuek pentsatzen dugu abertzaletasunak ez duela derrigor zentralismo batekin loturik egon behar, gobernua eta erakundeak konfederakuntza gisa eratu behar direla. Azken hau da, nire ustez, Euskal Herria nazio gisa eratzeko eredu egokiena.
Azken urteotan, eszisioaren eta PSOErekin eginiko koalizioen ondorioz, EAJk zentralismo batera jo du eta horrela sortu da Arabako arazoa. Askok hemengo zentralismoa Madrilekoa baino okerrago ikusten dute.
Baina herrialde bakoitzak 25 parlamentari dauzka Legebiltzarrean...
Estatutuak Gipuzkoa, Bizkaia eta Araba ofizialki parekatuta ipintzen ditu Eusko Legebiltzarrean. Eta legebiltzar hori federakuntza itxurako gobernua osatzeko egina dago. Gero gertatu da ildo hori ez dela jarraitu, eta gobernu zentralizatua egin dela.
Egia da formalki 25/25/25 banatua dagoela Legebiltzarra, baina ez dute forma horretan agintzen, ez baita herrialde gisa jokatzen. Hots, egun Legebiltzarrean ideologikoki hartzen dira erabakiak, eta ez parlamentu federal batean hartzen diren gisara: arabar guztiek ez dute boto bera ematen, bizkaitarrek beste bat eta gipuzkoarrek bestea.
Beraz, 25/25/25 sistema hori formalismo huts bihurtu da. Guztiek alderdi bezala jokatzen dute, nahiz arabar, nahiz gipuzkoar, nahiz bizkaitar izan. Estatutuak dioena ahantzi egin da, eta legea aldatu gabe ideologikoki jokatzen ari da parlamentu bakar bat bailitzan.
UA ez al da joango udako ekaitz baten modura?
UAren fenomenoa ez da joango. Lehenengotik pentsatzen nuen ez zela urtebeterako fenomenoa. Oraingoz botoa gehitzen ari da, eta beharbada oraindik Araban asko izango dira UAri botoa emango lioketenak, baina oraingoz ematen ez diotenak.
Zuk esandako guztia EAJn norbait benetan planteatzen ari al da?
Nik adierazi izan dut 80-84 bitarteko diskurtso hura berreskuratu beharko genukeela. Duela hamar urte egin genuen gauza bera egitea eskatzen dut. Sekula ez dugu berriro izan orduan izandako boto kopururik. Arabarrek aintzat hartzen zuten diskurtso hura, eta Araban 44.000 boto inguru izan genituen 84ean. Geroztik erdia inguru galdu dugu.
Zer dela eta diskurtso aldaketa?
Maiz gauzak ez dira borondatez egiten, eta hau ere ez dakit pentsatua zegoen ala ez. EAJ barruan iskanbilak sortu eta zatiketa arteko garai hartan erakundeak konfederakuntza modura antolatu edota zentralismora jo planteatzen ari ginen. EAJn gelditu ginenon artean konfederakuntzaren ideia zen nagusi, EAkoak ziren zentralistak. Ondorenean, EAJk berak hartu du zentralismoaren ildo hori.
Zentralismo horren erantzuna UA da, adibidez. Guk 80-84 urte bitartean egiten genuen diskurtso bera egiten du egun UAk, bai baitakite diskurtso horrek jendea erakartzen duela. Guk arabar eta foralismo sentimendu hori Euskal Herriko nazioa eraikitzeko erabiltzen dugu. Foralismoa agertuz gero ezin da nazio zentralista bat egin, baina hor da Suitzako adibidea, federakuntzaren ildoari jarraiki antolaturiko nazioa. Aldiz, foralismo sentimendu horren bidez UAkoak Euskal Herria zatitzeko asmotan dabiltzala susmoa daukat nik. Eta gu zenbat eta zentralistago izan, orduan eta gehiago indartuko da mugimendu hori.
Maiatzeko hauteskundeetarako nola ikusten duzu koalizioen gaia?
Ez da erraza erabaki bat hartzea. EAEko erakunderik nagusienak ardatz politiko baten arabera eratzen badira, PSOE-EA-EAJ esaterako, normala da alderdi horiek jokabide eta politika bateratua izatea ahal duten leku guztietan. Baina Araban bada datu kezkagarri bat. Bi ardatz nagusi sortzen ari dira, arabar abertzaletasuna eta euskal abertzaletasuna, eta EAJ eta UA dira diferentzia handiz indar nagusienak. Halako bipolarizazioa nagusitzen ari da.
Orain tratuan ari den tripartitoa gauzatuz gero, kutsu abertzalea izango lukeen gobernu koalizioa osatuko litzateke. Horren aurkako erreakzio bat gerta liteke, eta erreakzio hori Araban ematea da logikoena. Hori horrela gertatuz gero, berriro ere EAJ eta UA izango dira lehen indarrak hurrengo hauteskundeetan. Baina UA igotzen da PSOE eta PPri botoak kenduz. Beraz, gerta liteke EAJ-PSE-EA ardatza Arabara zabaldu ezin izatea. Gehiengoa PSOE eta PPrekin osatu? Bi horiek ez dira gobernuan batera egongo, eta bakar batekin ezin da gehiengorik osatu, UAri ere berdin gertatzen zaio... Irtenbidea? EAJ-UA.
Zeuk nola ikusiko zenuke ezkontza hori?
Politikan dena dela posible pentsatzen dut nik, hautesleek agintzen dutena onartu egin behar baita. Atsegin izango al nukeen EAJ-UA? Ez, baina nik ezin dut aldatu arabarren botua. Atsegin izatez, EAJren aldundia nahi nuke nik. Baina diputatu nagusi sozialista batekin ere lan egin dut.
Eta hizkuntz politikak ordainduko al ditu hautsitako platerak?
Ziurrenik bai. Herria den bezalakoa da, hori aldatzerik ez dago. Herria aldatu ezin denez, legea aldatu behar, eta horixe gertatuko da hemen. EAJ-UA koalizioa sortzen bada, arabarren aginduz sortuko da. Eta baldintza horien arabera gobernatu beharko da, legeak ere baldintza horien arabera eginez. Nik, pertsonalki, ez dut UArekin gobernatuko.
Azken zortzi urteotan hemengo diskurtsoa eraldatu egin da. Aldatzen joan den arabera, arabar askok pentsatu dute gipuzkoarren eta batipat bizkaitarren inposaketa dagoela, eta erreakzio gisa jendeak horiekin zerikusirik ez duen alderdi bati eman dio botoa.
PELLO ZUBIRIA/ MIKEL JAUREGI
8-10,11

GaiezPolitikaEuskal HerrErakundeakDiputazioak
GaiezPolitikaEuskal HerrTaldeakAlderdiakEAJ
PertsonaiazANSOLA3
EgileezJAUREGI5Politika
EgileezUBIRIA2Politika

Azkenak
2024-12-27 | Julene Flamarique
EuskarAbentura 2025: izena emateko epea zabalik martxoaren 5era arte

EuskarAbentura 2025 espedizioak aukera emango die 127 gazteri zazpi lurraldeak oinez zeharkatzeko kulturan, historian eta paisaietan murgilduta. EuskarAbenturako parte-hartzaileen hautaketa ez da proiektuen kalitatean bakarrik oinarritzen, baita generoa,... [+]


2024-12-27 | Leire Ibar
AEBek eta aliatuek 260.000 milioi dolar eman dizkiote Ukrainari laguntza militarrerako

AEBek eta Mendebaldeko aliatuek guztira 260.000 milioi dolarreko laguntza eman diote Ukrainari, gehienbat armamentuan eta laguntza militarrean, Errusiak 2022an egindako inbasioaren ostean. Nahiz eta laguntza horrek Ukrainaren defentsa indartzea helburu duen, Nazio Batuen... [+]


2024-12-27 | Julene Flamarique
Elkarte memorialistek manifestatzera deitu dute urtarrilaren 18an, Erorien Monumentua eraistea galdegiteko

Elkarte memorialistek kritikatu egin dute Iruñeko Udalak Erorien Monumentua eraisteari uko egiteko hartutako erabakia. Memoria Demokratikoaren Legea “oker interpretatzea” egotzi diote Joseba Asiron alkateari, eta mobilizazio batera deitu dute urtarrilaren... [+]


2024-12-27 | Mikel Aramendi
ANALISIA
Myanmarreko gerra zibila, laugarren urtera

Hutsaren hurrengo arreta mediatikoarekin –batez ere Ekialde Hurbileko edo Ukrainako gatazkekin alderatzen badugu; baina Sudangoaren aldean ere bai–, laugarren urtea betetze bidean da Myanmarreko gerra zibila.


2024-12-27 | Leire Ibar
Txanpainaren industriaren arrakastaren oinarrian eskulan esplotatua dago

The Guardian egunkariak Épernayn (Frantzia) txanpain-industrian aritzen diren migratzaileen egoera aztertu du. Ikerketak agerian utzi ditu luxuzko xanpaina-marken mahastietan lan egiten dutenen baldintza prekarioak eta legez kanpokoak.


2024-12-27 | ARGIA
Gutxienez 5.212 eraso matxista salatu dituzte aurten EAEn, iaz baino %8 gehiago

2024ko azarora bitarte 683 sexu eraso salatu dituzte, iaz baino %16,7 gehiago, Emakunderen arabera. Familia barruko indarkeria salatu duten emakumeen kopurua ere handitu da (975 izan dira), baita bikotekide edo bikotekide ohiek egindakoa ere (3.554).


2024-12-27 | Euskal Irratiak
Benito Lertxundi
“Zuzeneko emanaldietan beharrezko den xarma galtzen ari nintzela sentitzen nuen”

Benito Lertxundi 60 urte iraun duen kantugintza uzten zuela jakinarazi du Durangoko azoka aitzin. 2023an Gernikan grabatu zuen kontzertu baten diskoarekin bururatuko du bere ibilbide handia bezain aberatsa. Bazuen urtea hartua zuela erabakia, ez da erraza izan horren berri... [+]


2024-12-27 | Gedar
Eguberrietan 110 osasun-zentrotan ezarri ditu murrizketak Osakidetzak

Iazko Gabonetan, hamabi ordurainoko itxaronaldiak izan ziren. Urtean 180 egunetan ezartzen ditu nolabaiteko murrizketak Osakidetzak.


Ibai Ripodas: “Balorazio oso positiboa egiten dugu, orain gazteek sortu beharko dituzte presoei elkartasuna helarazteko bide berriak”

Hatortxu Rock jaialdiko 29. edizioa egingo da larunbatean Atarrabian. Sarrerak jada agortuta daude, baina txandak osatzeko laguntza behar da oraindik.


2024-12-27 | ARGIA
“Euskaraz ez dakien pertsona bat” izendatu dute Eitb.eus-eko zuzendari, LABek salatu duenez

"Euskalduna ez den pertsona bat –Nagore de los Rios– hautatu du EITBko zuzendaritza nagusiak Eitb.eus eta Social Media atalerako zuzendari posturako, eta, ondorioz, euskaraz ez dakien pertsona bat izendatu dute helburuen artean euskararen... [+]


Eguneraketa berriak daude