argia.eus
INPRIMATU
«Narkotrafikoaren aurkako borroka erabat hipokrita da»
Xabier Letona Biteri @xletona 2021eko uztailaren 19a
Samuel Blixen kazetariari elkarrizketa narkotrafikoari buruz
«Narkotrafikoaren aurkako borroka erabat hipokrita da»
Samuel Blixen, narkotrafikoaren ikerketan kazetari aditua
Uruguayko «Brecha» aldizkariko kazetaria, Drogen Obserbatorio Geopolitikoa eta Suediako Irrati Nazionaleko korrespontsala da. Montevideon bizi da eta 50 urteko bizitzan denbora asko eman du Hego eta Ertamerikako narkotrafikoa eta diru zuriketaren urratsei jarraitzen. Bilbora Hegoaren eskutik etorria, ez dugu berarekin izateko aukera galdu.
Zer da diru zuriketa?
Funtsean, legez kanpoko dirua estatuaren finantza sisteman sartzea. Transferentziak, inbertsioak, ondasun erosketak... edozein bide erabil liteke diru horren jatorria ezkutatzeko. Baina, zuritzeaz gain, eragiketok dirua ematen dute. Narkotrafiko diruaren zuriketan, zuritzaileak diruaren % 8tik % 10erako irabaziak bereganatzen ditu, zuriketa egiten duen azkartasun eta segurtasun mailaren arabera.
Nola egiten dute?
Urtero narkotrafikoaren etekina 12,5 bilioi pezetakoa da (500 miliar libera inguru). Diru hori guztia urtero zuritzen da nazioarteko diru merkatuan. Batzuetan droga saltzaileak berak eskuratzen du dirua eta etxean gordetzen du: EEBBetan, adibidez, oso garbia da, diru-paperak 20 dolarrekoak ohi dira-eta, diru-metak izan ohi dituzte etxean. Ahalik eta azkarren atera behar dute, hala ere, eta sarritan dirua kontatzeko makinak geldoak direnez, kontatu beharrean pisuaren arabera egiten dute.
Dirua zuritzeko kontsumo handiko enpresa `estalkiak' eratzen dira, bitxi denda txikiak, pizzeriak, garbitegiak... Dena den, batzuetan dirua fisikoki ateratzen da itsasuntziz edo hegazkinez, maletatxoetan, paradisu fiskalak diren lekuetarantz, Uruguayra adibidez. Han inork ez dizu galdetuko diru hori nondik datorren; mugan maleta irekitzean, gura duzun diru kopurua barruan eduki arren, inork ez dizu ezer galdetuko.
Orduan, nola borroka liteke narkotrafikoaren diruaren aurka, horrelako paradisuak egonda?
Ez dut uste narkotrafikoa eta zuriketaren aurka joteko borondaterik dagoenik. Agintarien argudioa da kapital sarrera samurtu behar dela, Uruguayn inbertitu eta hazkunde ekonomikoari lagundu diezaion. Baina sartu den dirua espekulaziorako erabili da, edo atera eta sartu egin da, gure herriari ez dio inongo etekinik ekarri.
Uruguayn zehazki, nola erabiltzen dute diru hori?
Narkotrafikariek ez dute dirua sektore produktiboetan inbertitzen. Bankuetan jartzen dute, interesen bidez irabaziak ateratzeko, edo etxebizitzak erosteko erabiltzen dute.
Zer gertatuko litzateke drogak legeztatuko balira?
Lehenbizi, nire ustez, kontsumorako prezioa jaitsiko litzateke. Kokaina gramoa, adibidez, 15-20 mila pezeta balio beharrean automatikoki mila pezetara jaitsiko litzateke edo akaso gutxiagora. Droga merkatu-legearen aginduetara jarriko litzateke, eskaintza eta eskariaren menpe. Kontsumitzailea, noski, mesedetuta aterako litzateke eta narkotrafikariaren irabazi erraldoiak murriztuko lirateke.
Bigarrenez, kontsumoa jaitsi egingo litzatekeelakoan nago, debeku guztietan giza lelokeriak funtzionatzen du-eta: debekatua dagoenez tentazioa dago. Sexuarekin antzera gertatu da, duela 50-100 urte, gizartea sexuarekiko itxiagoa zenean, sexu astakeriak askoz handiagoak ziren.
Narkotrafikoa eta boterearen arteko loturaz ere sarri hitz egin da.
Narkotrafikoa, erakunde kriminalek monopolizatutako merkatu jarduera esportatzailea da, interes ekonomiko eta politikoetara lotua dagoena. Horregatik ez da komeni berori ezabatzea. Narkotrafikoaren kontrako borroka erabat hipokrita da, moral bikoitzekoa. Latinoamerikan behintzat samurra litzateke; beste erakunde klandestino batzuen _batez ere politikoak_ aurkako borrokak arrakastatsuak izan dira. Estatu Batuetan, mugak zehatz zainduz gero, narkotrafikorako zailtasunak handiak lirateke. Iran, Irak edo Libiako komandoen sarrerak oso ondo kontrolatzen dituzte, baita mexikarrak ere; baina bestetik narkotrafikoaren hegazkinak, itsasuntziak, kamioiak eta dena delakoak pasatzen dira. Baina narkotrafikoaren dirua, gaur egun Latinoamerikako estatu askoren politika neoliberalen sostenguaren zati bat da. Sasoi hauetan gainera, narkotrafikariak eta hauen laguntzaileak _zuritzen duten bankariak_ boterearen egituretan oso sartuta daude.
Bestetik, historikoki narkotrafikoak legez kanpoko operazio ugari finantzatu ditu, adibidez «Irangate»koa, edota diktadura garaian Txileko Poliziak oposizioaren aurka atzerrian bideratzen zituen hilketak. Baita Argentinako militarrek ere, narkotrafikoaren dirua Miamin zurituz, El Salvadorren bertako armada entrenatzen ari ziren argentinarrak ordaintzen zituzten. Berdin Boliviako 1980ko estatu kolpea. Zerrenda benetan oso luzea litzateke.
Hainbeste loturarekin, pentsa liteke narkotrafikoarekin amaitzea ezinezkoa dela.
Oso gaitza da, korapilo ekonomiko handia sortuko litzateke. Gure errealitatearen mutur itsusia da.
EEBBetako DEA eta bere drogen aurkako kanpainek, beraz, ez dute ezertarako balio?
Ez. Hala ere, horretan diraute. Jadanik oso garbi dago Hego Amerikako koka landare ekoizpenaren murrizteak ez duela kokaina kopurua murrizten eta are gutxiago kontsumoa, bai aldiz produktuaren prezioak izugarri igoarazi. Baina gainera, koka landarea apurtzera ez dituzte agronomoak bidaltzen, soldaduak baizik; hauek hiru landaretxo apurtzen dituzte eta bertan geratzen dira.
Zein da susmoa orduan?
Narkotrafikoaren aurkako EEBBen politika militarrak, Latinoamerikan partehartze militarra bideratzeko atxakia besterik ez dela. Gaur egun badaude EEBBetako indar militarrak Paraguayn, Bolivian, Perun... Horiek han geratzen dira eta gero eta gehiago doaz gainera. Normalean egoera sozio-ekonomiko gaitzenak bizi dituzten lekuetan kokatzen dira, leherketa sozialak samurrago eman daitezkeen lekuetan, alegia.
XABIER LETONA
14-15

GaiezGizarteaDrogaNarkotrafik
PertsonaiazBLIXEN1
EgileezLETONA1Gizartea