argia.eus
INPRIMATU
«Nire barruko kezka, obsesio eta ideiak kanporatzeko idazten dut»
2021eko uztailaren 19a
Juan Luis Zabala idazleari elkarrizketa
«Nire barruko kezka, obsesio eta ideiak kanporatzeko idazten dut»
«Sakoneta» ipuin liburua argitaratu du Juan Luis Zabalak Susa argitaletxearekin
Seigarren liburua kaleratu du Juan Luis Zabalak, «Sakoneta», azken urteotan idatzitako hamaika ipuinen bilduma. Ipuin guztiek dute idatzizko munduarekin lotura, pertsonaiak bere alter egoak direla dio idazleak, munduaren aurrean deseroso sentitzen direnak, eta aurre egiteko edo erantzuteko idazten dutenak. Aurreko liburuetan landutako joerak eta moduak azpimarratu ditu beraz, oraingoan ere, azkoitiarrak.
Hamaika ipuin bildu dituzu; bakoitza pertsonaia bati lotua eta lehenengo pertsonan kontatuak.
Nire literaturaren betiko ezugarri bat ageri da hor, normalean ipun guztietan eta baita eleberrietan ere, pertsonaia bakarra dago, nire alter egoa dena. Hemen hamaika ipunetan hamaika pertsonaiak nire alter egoak dira. Pertsonaia nagusi bakarra, beraz. Gainerako pertsonaiak oso gutxi agertzen dira eta kontaketa beti oso pertsonal eta intimoa da.
Denek dute idatzizko munduarekin lotura.
Aitorpenak dira. Liburu hau «Ahanzturaren artxipielagoa» eta «Gertaerei begira» ipuin liburuen konpendio modukoa da, haietan garatutako bi kontaketa moduen konbinazioa, baina gehiago du lehenengotik bigarrenetik baino. «Gertaerei begira» argitaratu zenean Josu Landak kritika egin zidan, liburua gustatu zitzaiola esanez, eta komentatzen zidan «Ahanzturaren artxipielagoa» eta «Gertaerei begira»ren arteko konbinazioa zela nik hartu beharreko bidea. Hala ere, lehenengotik gehiago duela uste dut.
Pertsonaiak zure alter egoa direla esan duzu; terapia egiten al duzu pertsonaien bitartez?
Asko du hortik. Nik neure barruko kezka, obsesio eta ideiak kanporatzeko idazten dut, eta terapia moduan ere balio du. Pertsonaiek ere neurri batean horretarako idazten dute. Identifikazio handia dago idazlearen eta pertsonaiaren artean. Nahiz eta pertsonaia horiek nigandik oso ezberdinak izan kanpoko ezaugarrietan, barnean duten hori nire barruaren isla da. Orain arte ez dut batere errealismo deskribatzailerik edo arlo sozialik ukitu. Oinarrian neure barruko kezkak eta obsesioak izan dira.
Ihes doakigun bizitza eutsiezina aipatzen duzu. Pertsonaiak azaltzen dituzun moduan badirudi ez daudela errealitatearekin eroso, txoke egiten dutela.
Liburuko pertsonaia batek dio: «Nire literatura ez da munduaren aurkako kolpean isurtzen zaidan odola baino». Esaldi horretan dago pertsonaia hauen idazkien mamia. Munduaren aurrean deseroso sentitzen dira, kolpea hartzen dute munduaren aurka eta hori leundu edo horri erantzuteko pentsatzea, eta hori dena idatziz ematea dute irtenbidea.
Hau ere nire bost liburuen ezaugarria dela uste dut.
Ipuinak sei edo zazpi urteko tartean idatziak izateko deigarria da mantentzen duten egitura komun hori.
Agian izango da lehen nituen kezka eta obsesioak konpondu ez eta atzera eta aurrera dabilzkidala.
Ukituak egin ditut eta horrek ere izan dezake eraginik. Aldaketarik handiena da erreferentzia konkreturik gabeko izen geografikoak kendu eta Euskal Herriko hiri eta herri zehatzak aipatu ditudala.
Orain arteko joera bat aldatu duzu kokapen zehatzarekin. Zerk eraman zaitu horretara?
Bilduma honetako «Sakoneta» ipuina izan zen apur bat iraultza markatu zuena. Honek derrigor eskatzen zidan leku zehatza, lekua bera zelako neurri batean protagonista. Ordura arte idatziak nituen ipunek ere leku zehatza eskatzen zutela ikusi nuen, egokiagoa zela, ez zutela unibertsaltasunik galduko tokia jarrita eta bildumari batasun handiagoa emango ziotela.
Zure lehen liburuko kapitulu bat berreskuratu duzu. Orain arteko zikloaren amaiera gisa?
Ipuin hau sartzearen asmoa ez zen hori, baina ipuin bilduma honen asmoa hori da. Liburu bakoitzarekin pentsatu izan dut kontatzeko modu bat bukatu dudala. Hiru ipuin liburuetan bakoitzean kontatzeko modu bat dago; dena den, nire bost liburuetan badago beharbada irakurlea nazkatzeko bidean jar dezakeen ezaugari errepikakorra. Horrekin hurrengo lanean hautsi nahi dut.
Beka bat lortu duzu eleberri bat idazteko. Ezer aurreratu al dezakezu?
Dirulaguntza jaso dut eta proiektua egina dago, eta argumentoa finkatua, ziurrenik aldaketak izango dituen arren. Asmoa neure barrutik irten eta inguruari begiratzea da. Eleberri sozialagoa egin, trama zabalagoa duen eleberria, estandarragoa edo normalagoa.
Horretarako eredu gisa orain dela hamar urte nire herrian bizi izan zen giroa kontatzea izango litzateke. Duela hamar urteko gazteen bizimodua. Batez ere giro horretan berezitasun asko daudela ikusi dudalako, eta badaudela oso ongi ezagutzen ez diren elementu batzuk. Nik ezagutu dut, eta ezagutu dugunon artean ni naiz idazle bakarra eta badut halako betebehar modukoa. Horri erantzuten saiatuko naiz segidako eleberrian.
J.J. PETRIKORENA
40-41

GaiezKulturaArgitalgintArgitalpenaLiburuakLiteratur l
GaiezKulturaLiteraturaArgitalpenaNarratiba
GaiezKulturaLiteraturaIdazleakABALA5
PertsonaiazABALA5
EgileezPETRIKOREN1Kultura