«Inork aipatzen ez duen espainiar nazionalismoa bizi dugu hemen»

Enrique Villareal "Drogas" musikariari elkarrizketa
«Inork aipatzen ez duen espainiar nazionalismoa bizi dugu hemen»
ENRIQUE VILLAREAL
Kalean jaso zuen «Drogas» ezizena iruindar honek, baina oholtza gainetik egin du ezaguna Barricada taldearekin. Baxua eta ile luzeen atzetik ahots garratz bat baino askoz ere gehiago dagoela erakutsiz edo, berak asmatutako hitzek hainbat adimen gazte astindu dituzte. Barricadaren «La Araña» azken lanak bide bera jarraitzen du. Baina berdin astinduz?
ARGIA. Barricadak belaunaldi desberdinetako jendea erakartzen zuen garai batean. Duela gutxi, lehen lepo betetzen zenuten Anaitasunan eman zenuten kontzertura 1.000 lagun ez ziren joan. Egungo belaunaldi gaztearekin bat egiteko gaitasuna galdu al duzue?
ENRIQUE VILLAREAL. Ez dakit zer den. Agian jende gazteari musika mota hau ez zaio gustatzen. Azken diskoa gure lanik biribilena dela uste dut. Asko saldu da eta kritikak onak izan dira; hala ere, ez da hainbeste jende joaten gure kontzertuetara.
Erratua egon ninteke, baina uste dut «La silla electrica», «Barrio conflictivo» eta «Ocupacion» kantatzen jarraituko bagenu, Anaitasuna bete genezakeela. Honelakoak barneratzen ikasi behar dugu, ikuskizuna eta ikusleen arteko oreka bilatzearren.
A. Euskal Herriko kritikariek beraiek ere ez zaituzte garai batean bezainbeste jarraitzen. Pablo Cabezaren kasua, adibidez, hor da. Bertako jendea ez da hotzago zuenganako?
E.V. Hori da nire bizitzako kontraesanik ikaragarriena. Multinazional batentzat lanean aritzea, finean. Hori kontuan hartuta, gureganako jarrera asko uler ditzaket.
Hamaika aldiz gu ikusi eta gugandik erantzun konkretuak espero dituztenak ere gutaz aspertzea ulertzen dut. Inoiz ez dugu ezer argi izan. Kontsekuenteak izaten jarraitzen dugula uste dut, han edo hemen. Hemen hangoak garela diote, eta han, hemengoegiak garela. Hala eta guztiz ere, jendeak gugan konfiantzarik ez balu, lantegi batean lanean jarraituko nuke. Hara joaten garenean, hemengo intsumisoez, gaztetxeetatik gazteak ateratzeaz eta abar galdetzen digute.
A. Zer erantzuten diezu? Zer gertatzen da Iruñean, azken aldian giroa oso beroturik dagoela? Zer kritikatuko zenuke egun bertan bizi den kultura eta gizarte giroaz?
E.V. Ez dut ulertzen. Inertziaz joaten uzteagatik izan daiteke, eta gu geu horren ordezkari senti gaitezke. Inora ez doan kultura batena. Izan zitekeen erantzuna izatera iritsi ez denarena. Kulturak gauzarik garrantzitsuena izan beharko luke jendearentzat.
Yuppi-en kulturan gaude, eta horretan agian guk ere parte hartu dugu. Intsumisioaren aldeko borroka, adibidez, berez irabazia legokeena, pil-pilean dago egun. Barregarria da oraindik horrelako gauza oinarrizkoen alde borroka egin beharra. Belloch barregarria den bezala. Lehen kalean ikasten nuena orain komunikabideetatik jasotzen dut. Zahartzen ari naiz.
A. Horrek urrundu egin zaitu gazteek sortzen dituzten mugimenduetatik?
E.V. Ez. Gertu sentitzen ditut, baina beste ikuspegi batetik begiratzen ditut. Ez dut Hermidaren programa batean irten nahi, Ramoncinek egin zuen bezala, drogen legeztatzearen aurka hitz eginez. Hipokresia hutsa iruditzen zait, bere ibilbide pertsonala ezagutzen dudalako. Horrek ez du esan nahi mentalitate aldaketa batzuk agian beharrezkoak direla ukatzen dudanik. Prest nago. Elkarri-tik gertu sentitzen naiz. Hau konpondu egin behar da. Adibidez, ez dut ulertzen zergatik inork ez duen hautsik harrotu Iruñeko Alde Zaharrean gertatu berri den sarraskia eta gero. Lagun bati begia lehertu, eta bertakoek besterik ez dute ezer esan.
A. Horrek ez du kentzen bertakoen salaketa oso garrantzitsua dena.
E.V. Ez, noski, baina gertakizun hori eta gero nork eskatu behar du alkatearen dimisioa? Talde politikoek. Juan Cruz Alli, hain jator agertzen dena hortik, prest egongo litzateke bere alderdiko bati dimisioa eskatzeko?
A. Elkarri-ren aldeko iritzia agertu duzu. Zeintzuk dira arrazoiak?
E.V. Uste dut urrats desberdin bat izan daitekeela. Euskal Herriaren arazoari aurre egiteko era berria. Eta sinesgarria oso, beste batzuekin gertatu ez den bezala. Ezin dut arrazoi zehatzik eman. Intuizioa da.
Telebistan ikusi nituen talde guzti horiek duela gutxi, eta harrigarria da. Euskal eta kataluniar nazionalismoaz mintzatzen dira etengabe, baina espainiar nazionalismo beldurgarria bizi da egun hemen bertan. Inork ez du horretaz hitz egiten, eta hori oso arriskutsua da. Komunikabideak nazionalismo horrek beteta daude.
A. Munduko Futbol Txapelketak jokatzen ari dira. Bertan Espainiako selekzioa ari da. Horrek bide ematen dio espainiar nazionalismo horri.
E.V. Clementerengatik pozten naiz. Espainiako selekzioaren erdia euskal herritarra delako, eta selekzio hori hain euskalduna ez izatea nahiko luketenei barrabiletan emateagatik, nahiko nuke aurrean geratuko balira. Nafarra naizenez euskal herritarra naizelako.
A. Berria al da, ordea, espainiar nazionalismo hau?
E.V. Ez, baina arraroa egiten zait. Hori ikusia zegoela esaten diodan arren neure buruari. Baina inoiz ez nuke imajinatuko Aznar inoren alternatiba izan zitekeenik, inor hori ustel bat izan arren. Imajinatuko ez nukeen bezala errepublikarra izatea, baina egun, Espainiako erregeari ogia kentzeagatik, edozer. Berlusconi bat-batean agertu, eta garaile atera da. Ikaragarria.
A. Guzti hori entzunda, eta zuen kantu batzuetan arrazakeria eta antzekoak aipatzen dituzuela ikusita... faxismoa nagusitzen ari da?
E.V. Lehen aipatu dudan kultura orokorraren jarraipena da. Iritzi aniztasunaren aurka ez nago, baina publizitatea, informazioa, bizimodua... nola bideratu dizkiguten ikustea ikaragarria da. Ohizkotik ateratzen den edonor `bide onera' ekartzen saiatzen dira.
Are gehiago azal, jokaera eta bizimolde desberdintasunaren aurrean. Gero eta beldur handiagoa dio jendeak desberdintasunari. Mendebaldeko kulturaren oinarria da hau. Hainbat irudiren aurrean negar egitera ohituta gaude, baina geure etxean inor baino arrazista eta atzerakoiagoak gara.
A. Juanma Bajo Ulloarekin egin berri duzue bideo klipa. Orain arte Manolo Gilekin aritu zarete. Desberdina izan al da?
E.V. Berria, zinema zuzendari batekin aritu baikara orain. Gidoi batekin. Lehen aldia da Barricadaren inguruan ez zihoan klip bat egiten genuela; baina Manolorekin ere oso ongi ibili gara. Aurrerantzean biak izango ditugu gogoan lanerako.
A. Bideoan leku alternatibo batean ari zarete musika jotzen, eta handik botatzen zaituztela eta, kalea hartzen duzue. Gaizto jarrita, ez al litzateke bideoan baino hobe errealitatean jotzea horrelako lekuetan?
E.V. Kontzertuak eskaini izan ditugu horrelako lekuetan. Baina ez dugu gaztetxe guztietan jotzeko beharrik ere. Esperientzia onak eta txarrak izan ditugu gaztetxeetan, baina horrek ez du esan nahi ekimen horiekin bat ez gatozenik.
A. Esperientziez ari garela, zer diozu Txarrenaz?
E.V. Aspaldikoa iruditzen zait. Berreskuratu nahiko nukeena. Biltzekotan gaude guztiak, horretaz hitz egiteko. Beste mentalitate batekin hartzea nahiko nuke. Serioago. Eta horretarako Barricada ezin da oztopo izan.
A. Nafarroan heavy-ak eragin handia izan zuen; gero, mugida rock-and-roll zaleagoa bilakatu zen. Orain dena «nafar-mex» da. Zer gertatzen da, herri txikia dela?
E.V. Ez dakit. Niri Iruñea horrexegatik gustatzen zait, herri txikia delako; nafarren nortasuna desberdina delako. Horregatik ematen dira hemen biztanle kopuru bera duten beste lekuetan ematen ez diren gauzak. Tijuana in Blue, Tahures Zurdos eta Huajolotes soilik hemen sor daitezke. Ez musikan soilik.
A. Drogen despenalizazioaren alde zaude?
E.V. Bai, legeztatzearen aldeko kultura baten alde. Horrek benetako informazio banaketa eskatzen du. Ez adibidez Onda Cerok, egun Estatuko irrati munduan eredu denak, eskaintzen duena.
Goiz batean «guztiok drogaren aurka» leloarekin ari dira gora eta behera, eta hurrengo egunean Tabacalerak edota Ballantines-ek euren saioak babesten dituztela entzuten duzu.
Hor da Askagintza. Hor dira arazoari irtenbidea ematen interesatua dagoen jendea. Gizakia Helburu ere, hori bide zuzenena ez dela uste dudan arren, ulertzen dut. Ezin ditut kritikatu, baina beldur naiz horrelako irtenbideak soilik eskaintzen dituen sistemaz.
Patxi Larrion
34-38

GaiezKulturaMusikaMusika modeTaldeakBARRICADA
GaiezKulturaMusikaMusika modePertsonakMusikoakVILLAREAL1
PertsonaiazVILLAREAL1
EgileezLARRION1Kultura

Azkenak
2024-11-30 | ARGIA
2025ean “larrialdi linguistikotik indarraldirako bideari ekiteko beharra” aldarrikatu du Kontseiluak

Euskalgintzaren Kontseiluak Larrialditik indarraldira adierazpena plazaratu du Euskararen Egunaren atarian. 2025a euskararen normalizazio eta biziberritze prozesua “noranzko egokian jartzeko urtea” izango dela adierazi du. Bide horretan, lehen eginkizuntzat jo dute... [+]


Zergatik Durangora joan abenduaren 7an?

Euskalgintzaren Kontseilua hizkuntza larrialdia bizi dugula ohartarazten ari da azken astetan. Urte dezente pasa dira euskararen biziberritze-prozesuaren egoera bidegurutzean, errotondan, inpasse egoeran eta antzeko hitzekin deskribatzen hasi zenetik, hizkuntza politikek... [+]


Iruñerriko hondakinak bilduko dituen Imarkoaineko gunea %33 garestitu da

Iruñerriko Mankomunitateak Imarkoaineko Hondakin Zentroaren proiektuaren aldaketa onartu zuen ostegun honetan eta, horren arabera, azpiegitura 2026ko urtarrilaren 21ean hasiko da lanean.


Tuterako alkateak aurrekontuak aurkeztu ditu talde neonazi baten abestiarekin

Estirpe Imperial da talde neonazia, besteak beste ezagun egin dena erabiltzen dituen letra faxista eta arrazistengatik.


2024-11-29 | Axier Lopez
EAJ, PSE eta PPk mendietako gurutze katolikoak babestu nahi dituzte “euskal kultura eta ohituren parte” direlako

Gipuzkoako Batzar Nagusietako Kultura Batzordeak, EAJ, PSE eta PPren aldeko botoekin, azaroaren 22ko bilkuran erabaki du Eusko Jaurlaritzari eskatzea azter ditzala “euskal kulturan hain esanguratsuak diren” gurutzeak eta haien inguruko “ohiturak”... [+]


Boikota Israelgo datilei (eta datil horiek saltzen dituzten supermerkatuei)

Israelek gosea erabiltzen du palestinarren aurkako gerra-arma gisa, eta nekazaritza-produktuak mundu osoan merkaturatzen ditu.<


2024-11-29 | Gedar
Etxebizitzarako eskubide unibertsala aldarrikatu dute Iruñean

Etxebizitza Sindikatu Sozialistak eta Harituk antolatuta, manifestazio bat izan zen ostegun arratsaldean Iruñeko Alde Zaharrean. "Etxebizitzaren negozioaren aurrean, eta hura sustatzen duten politikarien aurrean, etxebizitza eskubide unibertsalaren benetako defentsa... [+]


2024-11-29 | Estitxu Eizagirre
EH Bizirik sarearen manifestazioa martxoaren 22an Gasteizen
“Indarrak batuta soilik lortuko dugu makroproiektuen oldarraldi hau gelditzea”

EH Bizirik sarea makroproiektuen aurkako plataformen elkargunea da eta martxoaren 22an manifestazio nazionala deitu du Gasteizen: "Lekuko borrokez gain, esparru zabalagoan lan egitea ezinbestekoa dela jakitun, manifestazio honek sare osoari eragiten dien puntuak izango ditu... [+]


Gaindegiaren 20 urteko argazkia
Euskal Herriak biztanlerian, energian eta pobrezian gora egin du, CO2 isurketetan eta elikagaien kontsumoan behera

Hogei urte bete ditu Gaindegiak, Euskal Herriaren garapen sozial eta ekonomiko iraunkorrerako Behategiak. Horren harira, denbora horretan Euskal Herriak esparru horietan izan duen garapenaren berri ematen duen azterketa aurkeztu dute, eta datuok Europar Batasunekoekin konparatu... [+]


Eguneraketa berriak daude