«Intsumisioak eragin handiagoa izan du HBn alderantziz baino»


2021eko uztailaren 19an
Intsumisioari buruzko elkarrizketa Rafa Sainz de Rozas abokatuari
«Intsumisioak eragin handiagoa izan du HBn alderantziz baino»
RAFA SAINZ DE ROZAS
Kontzientzia Eragozpenaren aldeko Mugimenduaren `dinosaurua' dugu nahiz eta 33 urte besterik ez izan. KEMeko ageriko burua eta abokatua, intsumiso eta eragozleen aurkako hainbat epaiketetan aritu zaigu gazteon defentsan. Salhaketako kidea, gaur egun Euskal Herriko Unibertsitateko Zuzenbide fakultatean aritzen da Zuzenbide Penaleko irakasle. Bilbotar honekin aritu gara historia hurbilaz eta biharko etorkizunaz.
ARGIA. Bilboko Talde Antimilitarista dugu aitzindari, Espainia mailan, eragozpen politiko eta kolektiboaz hitz egiten dugunean. Gogora itzazu 1976ko hasierako borrokak.
RAFA SAINZ DE ROZAS. Bartzelona, Malaga, Madril, Tarragonako Vic eta Bilboko Betolaza auzunean egindako esperientziak izan ziren talde antimilitaristen oinarria urte horretan. Desobedientzia zibilean oinarritutako zerbitzu zibil alternatiboa eratu zen; ez zen ordezko zerbitzua, baizik eta gobernuak emandako aginduei aurre egiteko jarrera. Bai estatuan bai nazioarte mailan antzeko esperientziak aurrera zeramatzatenekin harremanetan jarri eta kanpoko laguntza izugarria jaso zen, koordinazio eta ideologia mailan. Elkartasun martxa antolatu zen Genebatik Valentziaraino, bertan preso zegoen eragozle baten alde. Estatu mailan lehenengo eragozleak batzeko eta elkarrekin aritzeko lehenengo urratsak izan ziren.
A. Orduan ere joera desberdinak biltzen ziren talde antimilitaristan: kristauak, autonomoak...
R.S.R. Betidanik pentsatu izan da hippy garaiak eta nekazari comuna-tatik jasotako hausnarketak izan zirela eragozpenaren iturri ideologikoa. Egia da bazegoela gazte multzo bat horretan ziharduena, baina nire ustez, eragozpenaz hitz egitean, hiri mugimendu batetaz ari gara; ezkerra eta kristau taldeetatik sortutako hausnarketak izan ziren honen benetako muina. Gure belaunaldian, nor ez da kristau talde batetik pasatu? Kristauak, marxistak, unibertsitatean aritutakoak... Ez ziren joera desberdinak, prozesu desberdinetan aritutako pertsonen emaitza baizik. Hauen biltokia indarkeria ezaren inguruko mugimendua zen, antimilitarismoaren intuizioan oinarritutakoa.
A. Gaur egun, aldiz, talde bakoitzak bere ezaugarriak ditu. Asko sailkatu da soldadutzaren aurkako borroka?
R.S.R. Gaur egungo KEMek Betolazan hasitako esperientzia horien muina gordetzen duela uste dut; baina Kakitzat, AOC (Kontzientzia Eragozpenaren aldeko Elkartea) edo alderdi politikoetako taldeek ez dute zerikusirik esperientzia horiekin eta beste arrazoi batzuk direla medio sortu eta mantentzen dira egun.
A. Zein izan da alderdi politikoen eragina intsumisioaren aldeko mugimenduan?
R.S.R. Alderdi politiko guztiek bereganatu nahi izan dute borroka hau, denek. Hauen partehartzea positiboa izan da, beti ere monopolizazioaren aurka jokatzen jakin dugun neurrian.
Bestalde, guk hutsune handia utzi dugu kritikarako eta hutsune hau gobernuak bi zentzutan erabili izan du: alde batetik, HB eta ENAMen partehartzea intsumisioa kritikatzeko erabili izan da, HBk eragindako mugimendu bat izango balitz bezala, eta hori sinesgaitza da.
Euskal Herrian intsumisioaren arrakasta abertzaletasunean soilik oinarritzen dela esatea dugu beste erabilpena, eta pentsamolde honen aurka borrokatzea zailagoa izan da. Hau da, intsumisioa `euskal herritarren arazo' bezala ulertzea eta horretan soilik oinarritzea Espainiako Armadaren aurkako borroka.
A. Neurri batean ez al da egia? Zein da abertzaletasunaren garrantzia intsumisioan?
R.S.R. Neurri batean hala da, baina intsumisioaren arraskasta ezin da ulertu soilik ikuspegi abertzaletik. Garrantzirik izan du, baina ez da izan oinarrizkoena. Eusko Jaurlaritzak egindako inkestaren arabera, Espainiako Armadari uko egin dioten gehienek ez dute balizko euskal armadara joateko asmorik. Eta, gainera, ez dute begi onez ikusten halako armada baten eraketa. Funtsean, Euskal Herrian pentsatzen da, nagusiki, armada ez dela gatazka baten irtenbidea. Eskubide sozialen aldeko borroka gizartetik bideratu behar den auzia dela uste da, beste inon baino gehiago, gako militarrik gabe. Zentzu honetan diotsut abertzaletasuna ez dela intsumisioaren arrakasta ulertzeko irakurketa bakarra.
A. Herri zapaldua izatearen sentipenak ez du ezer esan nahi armaden kontrako borroka horretan?
R.S.R. Zapalkuntza sentimendu hori maila askotan nabaritzen da, eta ez bakarrik herri bezala. Eta nik ez dakit intsumisioaren aldeko borrokan ari diren gehienek herri zapaldu izanaren sentipena duten. Badago multzo garrantzitsu bat horrela irizten diona, baina ez dut uste gehienak direnik.
A. Zein izan da HBk izan duen eragina intsumisioaren aldeko borrokan?
R.S.R. Nire ustez, intsumisioak HBn izan duen eragina handiago izan da HBk intsumisioan izan duena baino. Askotan galdetu izan diogu geure buruari zer gerta zitekeen HBk hasierako jarrera aldatu izan ez balu. Hau da, intsumisioa ez onartzetik, intsumisioa onartzera pasatzea. Geure aburuz, HBk jarrera aldatu orduko guk lortua genuen gizartearen sinesgarritasuna, eta horregatik uste dugu jarrera aldatu zuela HBk, premiazkoa zuelako, hau da, gizarteak pentsatzen zuena eta alderdiak proposatzen zuena oso urrun zirelako. Intsumisioaren alde ekiteko egin behar izan duten diskurtsu aldaketa nahiko lagungarria izan da, bai haientzat bai antimilitarismoarentzat. Ez da, inolaz ere, HBk ETAren inguruko eztabaida zabaldu behar duenik, baizik eta ETA hor egon arren eta honek HBrentzat antimilitarismo hutsaren diskurtsoa ezin hartua esan nahi arren, intsumisioaren alde ekitean antimilitarismoaren aurkako aurriritzi asko baztertu dituela. KASeko gazte erakundeen txostenetan, adibidez, oso garbi ikusten da bilakaera: «Intsumisioa ez da bidea» esatetik, «intsumisioa bidea da» esatera pasatu dira, nahiz eta haiek planteatzen duten intsumisioa diskurtsu antimilitarista huts horretatik sortua ez izan.
A. Talde desberdinek intsumisioa berdin ulertzen dute?
R.S.R. Ez. Bi multzo egingo nituzke; alde batetik KEM, AOC eta Kakitzat; eta bestetik alderdi politikoetako gazte erakundeak. Desberdintasuna diskurtsuaren osotasunean datza. KAS, EAJ eta alderdi politikoetako gazteek intsumisioaren alde egiteko erabiltzen duten diskurtsua ez da antimilitarismoarena, nahiz eta elementu antimilitarista asko izan. Azken batean, alderdi politikoen diskurtsu osoa da, eta alderdiak ez dira antimilitaristak.
Horrexegatik ez dago intsumisioaren aldeko mugimendu bat, bakarra. Intsumisioa fenomeno soziala da eta leku desberdinetatik laguntza jasotzen du. Mugimendu sozial batek beste ezaugarri batzuk ditu. Teknikoki intsumisoa den jendeak oinarrizko diskurtsu desberdinak ditu.
A. Espainiako kode penal berria Estatuaren tresna mingarria izan daiteke intsumisioarentzat?
R.S.R. Haien helburua ahalik eta errepresio handiena egitea da, ahalik eta iskanbila txikienarekin. Eta horretara dator kode penala. Espetxean kontzientzia presoak izatea iskanbila da, eta horregatik presondegietatik atera nahi dituzte. Bestetik, banaketa eragin nahi dute, intsumisioaren alde dauden gehienak ez direlako ordezko zerbitzu zibilari intsumiso, soldadutzari insumiso baizik; horrela, lehenengoek espetxe zigorra dute eta bigarren taldekoek ez dute izango. Intsumisioa ez da zigorgabetzen, baina kolektiboa banatzeko asmo garbia suma liteke da kode penal berriaren atzean. Teknikoki ere ez dakit bidezkoa den, une honetan intsumiso guztiek zigor berdinak jaso eta hauek berdintzeko asmoa dagoenean. Koherentzia errepresibo hau kode penalarekin desagertzen da eta, gainera, erabiltzen den errepresioa erabilgarriagoa izan dadin nahi dute.
Kode penala guretzat kaltegarria izango da zer den ez badugu ondo azaltzen, beste errepresio mota bat dela argi eta garbi esaten ez badugu. Orain arte, intsumisioaren alde dauden denek kritikatu izan dute errepresio bide hau. Orain, aldiz, intsumisioak izan dituen laguntzak murriztera etorri da erreforma, baina oraingoz ez dute lortu.
A. Espainian aurten 35.000 eragozpen eskaera egin dira, iazko kopurua hirukoiztuz. Estatu espainiarrak badu ahalmenik, alemaniarrak bezala, borroka neutralizatzeko?
R.S.R. Ezin du. Alemaniako kode penala mugimendu antimilitarista eratu baino lehen aldatu zen, eta mugimenduak ez zuen isla nahikoa izan horren aurka ekiteko. Alemanian oso normala da mugimendu alternatiboetan murgildutako eragozleak soldadutzara ez joatea, baina oso arrunta da, era berean, ordezko zerbitzu zibila egitea. Hori da hemen lortu ezin dutena.
Bestetik, Estatu alemaniarrak gizartetik jasotako laguntza Estatu espainiarrak ez du izango ordezko zerbitzuak antolatzeko orduan. Alde batetik erakunde independenteek ez dutelako laguntzarik ematen; Horregatik, orain arte zerbitzari gehien hartu dituzten erakundeak publikoak dira. Euskal Herrian, dena den, ez da horrelako kasurik ikusi, euskal administrazioaren jarrera garbia izan delako, baina erne ibili beharko dugu.
A. Hirugarren gradua ez onartzearen estrategiak oso emaitza onak ekarri ditu, baina hau mantentzea gogorra ere bada. Noiz arte iraun daiteke?
R.S.R. Hirugarren gradua ez onartzearen arrakasta, neure iritziz, gizarteari ekimen hau azaltzeko gure ahalmenean datza. Gazte batzuek izan duten elkartasun ahalmenan. Nahiz eta gogorra izan, horri gazte kopuru ederrak ekin dio, eta guretzat oso inportantea izan da azaltzea askatasun osoz hartutako erabakia izan dela, gizarteari zein gazte horien inguruan dauden lagun eta senideei.
Noiz arte? Errepresioa bukatu arte.
A. Zer gertatu da Iruñean?
R.S.R. Nafarroan intsumiso asko daude eta hango epaileen erabakia aurrera egitea izan da. Ez dut uste Nafarroa frogalekutzat hartu denik, nahiz eta errepresioa oso selektiboa izan. Ez dut uste gobernuaren esku beltza denik. Nafarroako epaileek hartutako erabakia izan da. Bizkaiko Entzutegiko epaileek, esaterako, Gobernuaren asmoarekin sintonia dute. Entzutegiko politika oso argia da, nahiz eta ideologikoki ados ez egon: Espainiako Justizia Minister0iotik datozen asmoak beteko dituzte.
A. Belloch delako ministroa?
R.S.R Beharbada.
A.Zer deritzozu Frantziako Armadak laguntza humanitarioaren izenean Ruandan partehartzeari?
R.S.R.Militarrak, Varsoviako blokea erortzearekin batera, etsairik gabe gelditu ziren, eta badirudi orain aurkitu dutela. Gatazka sortu den lekuetan laguntza humanitarioak bideragarri egitea eta Europaren interes ekonomikoak defenditzea dira ildo berriak. Horregatik, dikurtsu antimiliarista globala ez baduzu, aldaketa hauen aurrean defentsarik gabe gelditzen zara.
Myriam Gartzia
34-38


GizarteaSoldaduzkaItsumisioaTaldeakKEM
PertsonaiazSAINZ DE1
EgileezGARTZIA3Gizartea


Azkenak
Izan, badira salbuespen legeak, bai horixe!

Sare Herritarrak antolatuta, pasa den urtarrilaren 11n Bilboko kaleak bete zituen manifestazio jendetsuaren ondoren, berriz sortu da eztabaida, euskal presoei salbuespen legeriarik aplikatzen ote zaion. Gure iritzia azaltzen saiatuko gara.

Espetxe politikan aldaketa nabarmena... [+]


Zedarriak, armagintza, zoru etikoa eta langileok

Duela gutxi think tank izateko jaioa omen den Zedarriak bere 6. txostena aurkeztu zuen. Beren web orrialdean azaltzen dutenaren arabera, zedarriak ebidentea ez den bidea topatzeko erreferentziak dira. Hots, hiru probintzietako jendarteari bidea markatzeko ekimena. Agerraldi... [+]


Eskoziako Lur Garaietan otsoa sartzea klima-larrialdirako onuragarria izango dela iradoki dute

Eskoziako Lur Garaietara otsoak itzularazteak basoak bere onera ekartzen lagunduko lukeela adierazi dute Leeds unibertsitateko ikertzaileek.. Horrek, era berean, klima-larrialdiari aurre egiteko balioko lukeela baieztatu dute, basoek atmosferako karbono-dioxidoa xurgatuko... [+]


Ágredok dioenez, zortzi bat ordu eman zituen ziegako zoruan etzanda Ertzaintzak ospitalera eraman aurretik

Karen Daniela Ágredok dioenez, atxilotu zutenean berak ez zuen ertzainik zauritu, haiek lurrera bota zuten eta konortea galdu zuen. Ondoren, Ertzaintzaren komisariaren zoruan iratzartu zen eta handik ospitalera eraman zuten.


Hiuzz + Bloñ + Adur
Lete ravero bat Iruñean

Hiuzz + Bloñ + Adur
Noiz: otsailaren 15ean.
Non: Iruñeko Aitzina tabernan (Egun Motelak kolektiboa).

--------------------------------------------

Larunbat goiza Iruñean. Neguko eguzkitan lanera doazen gizon –eta ez gizon– bakarti batzuk... [+]


Lorpen baten berri: Nafarroako Museoan Irulegiko Eskua euskaraz bisitatu daiteke

Hizkuntz Eskubideen Behatokiak jaso ditu kexak: bisita gidatuak gaztelania hutsean, eta sarrerako zerbitzuetan ere bai. Bitxia da kontua: baskoien mintzairaren hitzak dituela uste den brontzezko objektua ikustera joan... eta azalpenak gaztelaniaz. Kexek eragina izan dute, eta... [+]


Bideojokoen erabilera handitu egin da helduen artean, Ipsosen arabera

Julen Linazaroso Macsonrisas-eko kideak azaldu duenez, sari-bolek, harrapakin-kutxek eta enparauek bideojokoetan ordu gehiago jokatzea dute helburu. 35 eta 64 urteko pertsonen artean bideojokoen erabilerak gora egin du 2023tik 2024ra, Ipsosek emandako datuen arabera.


2025-02-21 | Euskal Irratiak
Boliviako laborari talde bat sustengatuko dute Xiberoatik

Zubiak eraiki Xiberoa eta Boliviaren artean. Badu jadanik 16 urte Boliviaren aldeko elkartea sortu zela Xiberoan. Azken urteetan, La Paz hiriko El Alto auzoko eskola bat, emazteen etxe baten sortzea, dendarien dinamikak edota tokiko irrati bat sustengatu dituzte.


Osasunbidean 11 medikuk 17.000 euro irabazten dituzte hilero

Ostegunean egoera hori ikertzeko eta zuzentzeko eskatu dio EH Bilduk Nafarroako Gobernuari legebiltzarreko osoko bilkuran. UPNk eta PPk bat egin dute eskaerarekin, eta Osasun Departamentuak urtebete du ikerketa gauzatzeko.


“Oldarraldi faxistari” galga jartzeko deia Errenterian

Oldarraldi faxistaren aurrean askatasuna leloarekin manifestaziora deitu dute dozenaka herritarrek. Ostiralean —hilak 21— 19:00etan Herriko Plazatik abiatuko da protesta, eta ahalik eta jendetsuena izatea nahi dute deitzaileek, faxismoaren oldarraldiari galga... [+]


Ertzaintzak Gasteizko Salburuan egindako “sarekada arrazista” salatu dute hainbat eragilek

Salburuako futbol kantxetan polizia-operazio planifikatu bat egin zuen igandean Ertzaintzak, eta Gasteizko GKSk nahiz Gasteiz Antirrazista eragileek salatu dutenez, bertan zeuden pertsona ugari identifikatu, miatu eta kolpatu zituzten. 


Eguneraketa berriak daude