argia.eus
INPRIMATU
«Kubako zinema une artistiko onean dago diru premiak izan arren»
2021eko uztailaren 19a
Carlos Acosta aktoreari elkarrizketa "Maite" filmeari buruz
«Kubako zinema une artistiko onean dago diru premiak izan arren»
«Maite» filmean parte hartzen ari da Carlos Acosta aktore kubatarra
Uda eta gero estreinatuko den «Maite»ren filmaketako lehenengo egunean izan ginen Carlos Acosta aktore kubatarrarekin. «Todas nuestras mañanas» eta gero bigarren luzemetraia izango du «Maite», orain arte antzerki munduan aritu izan baita gehienbat. Garcia Lorcaren «El publico» antzezten ari zenean konturatu ziren, hain zuzen, Eneko Olasagasti eta Carlos Zabala zuzendariak «Maite» luzemetraiarako behar zuten aktorea zela. Filmaketako eten batean hitz egin genuen Acostarekin bere ibilbidea eta Kubako zinemagintzari buruz.
ARGIA. Garrantzitsua izan da «Fresa y chocolate» Kubako zinemagintzarentzat.
CARLOS ACOSTA. Aldaketa puntua izan da «Fresa y chocolate». Jendeari esan behar zitzaizkion gauza asko esan dira filmean. Tabu den gai bat lantzen da bertan: homosexualitatea. Garai batean zapalkuntza handia jaso zuten Kuban homosexualek, eta orain nahiko handia den giza talde honekiko zabaltze politika dago. Elkar onartzearen gaia ere lantzen du filmeak. Oso garrantzitsua izan da «Fresa y chocolate» Kubako zinemagintzarentzat.
A. Erantzun ona izan zuen Kubako ikusleen artean.
C.A. Kubako ikusleek asko eskertu dute. Izugarrizko txaloaldia jaso zen filmearen bukaerak. Diego eta Daviden besarkada La Habana eta Miamiko kubatarren arteko ezinbesteko besarkada zela zion jendeak.Miamin filmearen emanaldi bakarra programatuta egon arren, hiru egin behar izan zituzten.
A. Aktoreak aukeratzeko frogetan partu hartu zenuen.
C.A. Kubako aktore asko deitu zituzten, frogak egin ziren, eta garai horretan Jorge Perugorria eta biok bi ahizpen pertsonaiak egiten ari ginen Jean Geneten «Las Criadas» antzezlanean. Zuzendaria eta gidoilariak obra ikusi eta oso interesgarria iruditu zitzaien egin genuen lana. Frogak egin genituen eta azken unera arte egon ginen. Uste dut bera zela Diego pertsonaia egiteko aktorerik egokiena.
A. Nola dago gaur egun La Habanako zinema eskola?
C.A. Oso ondo. Iazko Cannes Zinemaldian saritua izan zen, eta oso mesedegarria izan da saria eskolarentzat. Negatibo asko erosi baitzituen sariari esker. Baldintza txarretan zeuden negatiboekin lanean ari ziren ordura arte. Ez dakit nola lortu zuten saridun filmea egitea.
Oso garrantzitsua da oraindik La Habanako eskola. Orain dela urte batzuk «Clandestinos» filmeak sari bat irabazi zuen Donostiako Zinemaldian. Eta hau ez da Kubako filme onenetariko bat; «Memorias del subdesarrollo» eta «La ultima cena», batez ere, askoz hobeak dira. «Fresa y chocolate»ko zuzendari berak egin zuen filme hori.
A. Une onean dago, beraz, Kubako zinemagintza?
C.A. Izen ezagunek eman dute Kuban zinemagintza tradizioa sor dadin beharrezkoa zen bultzada handia. Zinemagile berri ugari sorten hasi dira, eta aukerak ematen hasiko zaizkie. San Antonio Lobaño Nazioarteko Zinema Eskolan ikasia den Antonio Sotori bere lehen luzemetraia zuzentzeko aukera eman behar diote, eta bera bezala, nabarmentzen ari den jende asko dago. Alde ekonomikoari erreparatzen badiogu oso gaizki dago Kubako zinema, baina une artistiko onean dago diru premiak izan arren.
Koprodukzioen bitartez, diru etekin handiak eman ditzaketen gidoi txarrak onartu izango balituzte gure filmeak egiteko lagungarria izan zitekeen hori, baina oraingoz ez dute edozein gauza onartzen; oso zorrotzak dira aukeratzeko garaian eta gutxieneko kalitatea eskatzen dute.
A. Egoera ekonomikoa epe laburrean konpontzeko itxaropenik baduzue?
C.A. Itxaropen handiak daude erbestea, Miami, eta La Habanaren artean egongo diren elkarrizketak direla medio. Nahiago dugu geuk konpondu gure arazoak. Gaizki gaude, ez dauzkagu ezinbestekoak diren produktu asko, baina irtenbidea gringo-en esku badago nahiago dugu lurpean geratu.
Joxi Goikoetxea
50-51

GaiezKulturainemaFilmeakLuzemetraia
GaiezKulturainemaAktoreakACOSTA1
PertsonaiazACOSTA1
EgileezGOIKOETXEA7Kultura