«Euskal Herrian elebitasuna egotea arrisku handia da euskararentzat»


2021eko uztailaren 19an
Erramun Baxok-eri elkarrizketa kultura etapolitikari buruz
«Euskal Herrian elebitasuna egotea arrisku handia da euskararentzat»
ERRAMUN BAXOK
Azken hamar urteetan Erramun Baxok oso pertsonaia aktiboa izan da Ipar Euskal Herriko kultur munduan. Ardura asko ditu kultur elkarteetan, eta askotan egon behar izan du harremanetan botere publikoekin. Ez du, baina, behin ere kuraiarik galdu. Horretaz eta Quebec-en iragandako urteez aritu gara berarekin. Gizon lasai eta moderatua, esperantza asko dauzka euskal nortasunaren aldeko borrokan.
ARGIA. Euskal Herrira itzuli aitzin, ikasketak zirela eta, denbora franko iragan zenuen Frantzian; gero Kanadara joan zinen. Nola deliberatu zenuen hara joatea?
ERRAMUN BAXOK. 1967an De Gaulleren oihua entzun zen mundu osoan: «Vive le Quebec libre», eta «Le Monde» egunkarian agertu zen han irakasle eta erizainak behar zituztela, zeren han baitzegoen iraultza lainoa. Ni irakasle nintzen, nire andrea erizaina, eta galde bat igorri genuen: hamabost egunen buruan lana genuen Quebecen. Filosofiako irakasle izan nauzu han kasik hogei urtez. Bestalde, gauza pozgarria gertatu zitzaigun Quebecen, zeren eta batere hitz harturik gabe euskaldun andana bat elkartu gintuzun. Besteak beste, Claude Harluxet eta bere emaztea. Bakoitza bere bidetik joan zen, eta han elkartu eta halako Euskal Herri ttiki bat osatu genuen.
A. Nola ikusten zenuten handik orduko Euskal Herria?
E.B. Hemen gertakari handiak pasatu ziren: Burgoseko auzia, Carrero Blancoren heriotza, Franco ere azkenean hil zen. Denbora berean han ere baziren hemen gerta zitezkeen gauza batzuk: alderdi independentista agintean sartu zen. Ametsetan hasi ginen ea Euskal Herriko independentzia ez zenez Quebecen antzekoa izanen.
Bestalde, hango hizkuntza borroka ere eraman dugu, eta frantsesa zen noski han defenditzen genuen hizkuntza. Eta ikusi dugu nola Rene Levequek eta bere alderdiak, 1976ko lege ospetsuaz, irabaztea lortu eta nolabait elebakartasuna finkatu zuten Quebecen. Bost urteren buruan frantsesa zen nagusi enpresetan, saltegietan, hirietako iragarkietan. Ametsa zen guretzat. Frantsesari gertatzen zaiona ez ote zaio euskarari gertatzen ahal Euskal Herrian?
A. Zer zen iraultza laino hura?
E.B. 1960ko hamarkadan frankofonoak Quebecen baserrietan bizi ziren gehienbat, katolikotasunean, hiritik urrun. Denbora berean, anglofonoak hirietan bizi ziren, merkataritza eskuetan zeukaten, bankuak, industria... Gazteak hasi ziren pentsatzen ez zutela beren zokoan egon behar, hirira joan eta industrian ere lan egin behar zutela, eta aferetan ere sartu. Ondorioz pentsamolde aldaketa izugarria eman zen, maila askotan. Orduan hasi ziren, esaterako, eskola publikoak sortzen, ordura arte hezkuntza guztia Elizaren eskuetan egon baitzen. Egiazko estatu independentea sortu zuten, eta hamar urtez aro modernoan sartu ziren, erdi aroko pentsamolde guztiak baztertuz.
A. Geroztik gertatu dena nola ikusi duzu? Eman den nolabaiteko atzerakada, independentziaren aldeko erreferrendumaren galtzea?
E.B. Independentziaren auzia beste auzi bat izan da. Alderdi independentista 1976an sortu zen. Boterean uste zuten independentzia eginen zela, eta 1980an egin zuten erreferenduma. Baina ekonomia krisia sortu zen, eta erreferenduma egin eta galdu. Sekulan gertatzen ez dena, Gobernuak antolatutako erreferrenduma galtzea: % 60k aurka bozkatu zuten.
Nahi bada erran daiteke kulturaren aldetik irabazi dutela, politikaren aldetik ez dela horrela gertatu. Gaur egun gauzak aldatu egin dira, eta irudi luke gehiengo handi bat Quebecen independentziaren alde dela. Baina une honetan ez dute beste erreferrendumik egin nahi. Aitzinetik arras ongi prestatu behar den gauza baita.
A. Quebecetik hona etorrita, Euskal Herriko unibertsitatean lanean hasi zinen psikolinguistika alorrean. Nolaz gertatu zen? Zein da, zuzen, psikolingustikaren zeregina?
E.B. Quebecen nengoela, euskal unibertsitatetik etorri zitzaizkidan irakasle batzuk falta zituztela erranez. Orduan sartu nintzen hezkuntza departamenduan, Txillardegirekin batera. Psikolinguistikan lantzen dugu hizkuntza nola ikasten den, euskara bereziki. Bestalde, zein den hizkuntza eta nortasunaren arteko harremana. Adibidez, ama hizkuntzak nola nortasuna antolatzen duen lehen hiru urteetan, zeren adin horretan nortasuna eraikia baita, eta hortik aurrera garatu egiten da.
Elebitasunak gizartea eta pertsonari begira zer ekartzen duen aztertzen dugu. Ildo horretan, Mac Keyk idazten du elebitasunaren arrisku handiena elebitasun etnikoa dela, etnia batean herritar guztiek beren hizkuntzaz gain beste hizkuntza bat dakitenean. Euskaldun guztiak elebidunak gara, erdaldunak elebakarrak direla. Herri osoan elebitasuna dagoelarik gure hizkuntzarentzat arrisku handia da. Ez da batere horrela gertatzen Quebecen: frantsesdunak elebakarrak ziren, gehiengo handi batean.
A. Nola dakusazu Euskal Herriko unibertsitatean euskarak duen lekua?
E.B. Gure sailean beti euskaraz egin dugu, eta dauzkagun ikasleek ere motibazio berezia erakutsi dute. Haatik, ez dut behin ere ulertu nolaz ikasleen % 10-15ek bakarrik aukeratzen zuten, oro har, ikasketak euskaraz egitea. Bestalde, ez dut ikusten Euskal Herrian zer unibertsitate elebiduna egin den, beste elebakarreko unibertsitate esperientziak badira. Horretan auzia ez da trenkatua, eta euskara gehiago beharko da sartu.
A. Pizkundea erakundeko idazkaria zara; hor ere ardurak badituzu.
E.B. Sozialistak sartu zirelarik gauza asko goaitatzen ziren, eta Pizkundean hasi nintzen hizkuntz legeari buruz esperientzia berezia neukalako. Sartu nintzelarik ibilaldia hasi zen Pabe, Baiona, Parise eta Bordeleko botere publikoekin, eta hortik sortu ziren kultur etxeak. Laster ohartu ginen, ordea, euskara gutti eta frantsesa anitz zela eman zigutena. Pizkundea jalgi zen kultur etxetik. Ondoren Euskal Kultur Erakundean negoziatu genuen. Instituzio berria ere lortu genuen non herriko etxeak biltzen ziren kultura sostengatzeko. Une horretan sorpresa izan genuen 130 herriko etxek onartu zutelarik horretan sartzea.
A. Errepublikaren legea frantsesa dela eta, Frantziak ez du hizkuntz legerik onartu nahi hizkuntza gutxiagotuen babesteko.
E.B. Gerraz geroztik 50 lege-proiektu aurkeztu dira, eta bat ere ez da eztabaitatua izan Pariseko legebiltzarrean. Frantziatik ez dugu gauza handirik goaitatzen ofizialitasunari doakionez. Europa hor dago, Europan hiru erabaki hartu dira eta Frantzia eta Grezia kontra daude. Hizkuntza gutxiagoturik ez dagoela, berdintasunean gaudela diote. Baina gizarte erabilerarik ez badugu euskararentzat, zertarako euskara erakutsi?
Eskoletan % 20k ikasten dute euskaraz. Ez da gutti, baina ez dugu borrokaren muturra ikusten. Eta hemen badugu beste gai bat oso garrantzitsua: alegia, herritarren motibazioa euskararen erabiltzeko, adibidez familian. Ezberdintasun handia dugu hor ere Quebecekin; han jendea oso motibatua zen. Norberaren motibazioa funtsezkoa da arlo horretan.
A. Azken hauteskundeek, hain zuzen, ez ote dute erakusten euskal gogo hori berpizten ari dela?
E.B. Kantonamenduetako hauteskunde kanpainan hitz harrigarriak entzun ditugu. Ez dakit oraindik nork sinetsiko dituen, baina adibidez bazirudien RPR ere euskal departamendu baten alde dagoela. Baina badakigu guhaurek ez baditugu gauzak akuilatzen ele ederrak ele geldituko direla. Hargatik, ikusi behar da abertzale bozkak % 10eko muga pasatzea lortu duela, % 24 ere gaindituz kantonamendu batean.
A. Zure jokaera arras militantea izan da beti. Zerk lagundu zaitu?
E.B. Beti sinesmena izan dut, ilusio handia. Esperantza handia dut gazteengan. Uste dut aurkituko dituztela guk aurkitu ez ditugun beste bide batzuk. Intsumisioa ez genuen guk asmatu, eta horretan badago agintearen ukatze bat. Gazteek borroka molde berri batzuk asmatu dituzte. Bestalde, Hegoaldeko abertzaletasunak hartzen dituen bideak ikusiz, lehen galde bat da zer den abertzaletasuna; zer den nortasun kolektiboa; zer den euskaltasuna. Ez da pesimista izatea; galde, duda horiek, lan egiteko kuraia ematen didate.
Ixabel Etxeberria
34-38

GaiezKulturaKulturgintz
GaiezHizkuntzaEuskaraNormalkuntzHizkuntz poIpar EH
PertsonaiazBAXOK1
EgileezETXEBERRI11Kultura

Azkenak
2025-01-15 | ARGIA
Torturatu oro gonbidatu dute Euskal Herriko Torturatuen Sarean parte hartzera

“Ahots propioa duen sare bezala” gorpuztuta, eta torturatuen aitortza eta erreparazio publiko, sozial eta ofiziala helburu, otsailaren 15ean eratu eta aurkeztuko du bere burua Euskal Herriko Torturatuen Sareak. Tortura jasan duten 700 pertsona baino gehiagorekin... [+]


Aljerko kasbahko sastakaia: Jean-Marie Le Penen iragan torturatzailearen froga

96 urte zituela eman du azken hatsa Jean-Marie Le Penek aurtengo urtarrilaren 7an. Heriotza bat festatzea ez bada ohikoa ere, hori gertatu da beretzat: milaka herritar batu dira Frantziako Estatuko hainbat hiritan, suziri, kantu eta xanpai botila artean, eskuin muturreko... [+]


ANALISIA
Justizia klimatikoa

Inor ez ala denok. Klima larrialdia inork ez pairatzeko aldaketak bideratu ezean, behintzat guztiek pairatu dezagula. Zuk –irakurle–, nik –Jenofa–, haiek –pobreak– eta haiek –aberatsak–. Satisfaziorik ez zidaten eragin Los... [+]


Marxter Chef

Mamu batek zeharkatzen ditu sukaldeak: Karlosen mamuak.

Karlos ez da aurkeztu Master Chef Celebrity lehiaketara. Bere sukaldaritza-ondarea aztertuta, oso argi dauka ez duela lehiakideen aukeraketa gaindituko. Izan ere, hedabide eta gastronomiaren akademiaren ateak itxita izan... [+]


2025-01-15 | Euskal Irratiak
Eric Etxart, Seaskako lehendakarikidea
“Seaskaren lizeo berria eraikitzeko hiru pista ditugu: Uztaritze, Donapaleu edo Itsasu”

Eric Etxartek Seaskako lehendakarikide ardura hartu berri du urte hatsarrean, Antton Etxeberri eta Sophie Layusekin batera. Peio Jorajuriaren lekukoa hartu dute hirurek, eta Lehendakarikidetza taldea osatu dute.


Teknologia
Joan zaitez...

2018an itzali nituen sare sozialak, baita gailuen jakinarazpen gehienak ere, bizitzan arreta non jarri kontrolatzen hasteko saiatu asmoz. Egunero lan horretan jarraitzen dut, sitsa argira nola, nire jakin-minak errealitatea ulertzen lagunduko didan informazio freskoa bilatzen... [+]


Bermeon itunpeko eskolek “gain-eskaintza larria” egiten dutela salatu dute

Haur Hezkuntzako lehenengo zikloan, hiru ikastetxera joateko aukera dute familiek: bata publikoa, beste biak itunpekoak. Legeak kontrakoa agintzen duen arren, plazen eskaintza ez dela orekatua eta itunpekoek dagokiena baino nabarmen plaza gehiago eskaintzen dituztela salatu dute... [+]


2025-01-15
Izan zitekeen

Horrelako zenbat irudi heldu zaizkigu Palestinatik? Baina Libanokoa ere izan zitekeen. Baita Yemengo edo Irango txokoren batekoa ere. Hau Siriako hiriburu Damaskokoa da. Mendebaldeko demokraziek sustatutako bonbek paisaia berdintzen dute, baita “okerreko lekuetan”... [+]


Uma Ulazia
“Zaintzak konnotazio negatiboa izan behar du eta gatazka politikoa sortu”

“Heterosexualitatea da klase antagonikoarekin kolaborazionismoa, hau da, gizonen klasearekin”. Uma Ulaziak Euskal Herriko greba feministak, diskurtsoaren analisia feminismo materialistatik (Lisipe, 2024) argitaratu berri du. Euskal Herrian egin ziren bi greba... [+]


2025-01-15 | Aingeru Epaltza
Houstonetik Nafarroa Arenara

Beyoncé futbol amerikarreko partida baten atsedenaldian, Houstonen (Texas). Kantari estatubatuarra cowboy jantzirik atera da estadio erdira. Kapela hegaluzeak tapatzen dio burua, zangoak belaunetarainoko bota luzeek. Soineko zuri urriak, berriz, izterrak eta paparra... [+]


Eskuak

Eskua bularrera eroan, eta bostekoa ukatu dio Siriako agintari berriak Alemaniako Kanpo Arazoetarako ministroari, ministro emakumeari. Modu adeitsuan, baina arbuioa jasan du Annalena Baerbock-ek. Aurretik, Al-Golani siriarrak, ordea, luzatu eta astindu dio eskua Jean-Noel Barrot... [+]


Eguneraketa berriak daude