argia.eus
INPRIMATU
«Norvegiak izan duena baino gehiago izatea ezinezkoa da»
2021eko uztailaren 19a
Miguel Iriondo Pasaiako armadoreen bozeramaileari elkarrizketa
«Norvegiak izan duena baino gehiago izatea ezinezkoa da»
Miguel Iriondo, Pasaiako bakailao armadoreen bozeramailea
Europako Batasuneko kide izango da Norvegia. Erabakiak eztabaida askotxo ekarri ditu arrantza kuotak direla eta. Hainbat bakailao arrantza-tokietan sartzeko debekuak, baimenak, 2012ra arte itxitakoak sei urte lehenago zabaltzea izan dituzte hizpide, eta negoziagai.
ARGIA. Nola baloratuko zenuke Norvegia sartzeko Brusselan burutu den akordioa?
MIGUEL IRIONDO. Zaila da akordioa baloratzea honetaz eman den informazioa oso nahasia izan baita. Hala ere, susmo txarrak hartzen dizkiot, printzipioz 1996an desagertu behar ziren debekuak multzo berean sartzen baitituzte. Adibidez, arrantza-toki garrantzitsuenetako bat dena, box irlandarrean sartzeko baimena 1995eko abenduaren 31tik aurrera zen indarrean jartzekoa. Beraz, oraingoz ez digute mesederik egin. Arrantza politika aldatzen ez duten bitartean ez dugu ezer konpontzen.
A. Euskal bakailao arrantzaren sektoreak zer gal edo irabaz dezake Norvegiaren sarrerarekin?
M.I. Ez dut uste ezer galtzeko dugunik, merkatuari dagokionez Norvegiak sarrera librea duelako dagoeneko esparru ekonomiko europarra dela eta, Europar Batasunean egon ala ez. Norvegiak Europako bakailao merkatuetan izan duena baino gehiago izatea ezinezkoa da, orain arte dena izan baitu. Horregatik eskatzen zen bere itsas mugak gainditzea, hemendik aurrera euskal kontsumitzaileak Norvegiakoak izango badira. Guk ere eskubide batzuk izan beharko ditugu. Pentsatzen dut zerbait irabaziko dugula, nahiz eta hau espero genuena baino gutxiago izan.
A. Hala ere, sektorearen azken hamarkada oso gogorra izan da, azkenotan itsasontzi asko galdu baitira eta gaur egun 24 besterik ez dira gelditzen.
M.I. 1977tik aurrera egoera asko aldatu da. Orduan itsasoak ez zuen mugarik eta enpresak nahi beste itsasontzi zituen, errentagarria zen bitartean. Gerora etorri dira mugak, baimenak, kuotak eta abar. Murrizketa hauek etorri direnean ikusi dugu birmoldaketa baten beharra genuela. Agian, akordio hauekin galdu genuen zertxobait berreskura genezake.
Myriam Gartzia
23

GaiezEkonomiaLehen sektoArrantza
PertsonaiazIRIONDO7
EgileezGARTZIA3Ekonomia