Jose Mari Zeberiori elkarrizketa herrietako euskara taldeei buruz
«Batasuna eta irekitasunari eustea eskatuko nieke elkarteei»
Jose Mari Zeberio, HPINeko Euskara Gizarteratzeko arduraduna:
ARGIA. Nola ikusten dituzu herrietako euskara elkarteak?
JOSE MARI ZEBERIO. Oso bizirik, etorkizun handiarekin; eta euskaltzale guztien batasuna lortzeko bidean daude. Euskararen erabilpena sustatzeko orduan ideia askorekin eta eraginkor.
A. Zer aholkatuko zenieke?
J.M.Z. Batasuna eta irekitasunari eustea. Balore horiek elkarteak erakargarriak egiten dituzte. Batu egin behar da eta ez sakabanatu, eta herrietako euskara elkarteetan horren kontzientzia handia dago. Aurka ez dagoen guztiak balio duela bereganatua daukate elkarteek, eta hori oso ona da.
A. Alabaina, oro har, laguntza gehiago beharko lukete, ez?
J.M.Z. Aitzindari izan direnei eta, proiektu berriak eta arlo berriak lantzen dituzten heinean laguntzen diegu apur bat. Baina ez daukanak ezin eman, eta gure lana ez da laguntzak ematea, koordinaziorako, elkarlana bultzatu eta planak egiteko gaude batipat. Baina oraingoz, diruarena ez da arazo larrienetakoa.
A. Gero eta gehiago dira elkarteak. Behar al dute euren arteko koordinazio gunerik?
J.M.Z. Elkarte hauek euren egoera txertatuak jaio dira, eta egoera oso desberdinak bizi dituzte. Zentzu horretan, kontua ez da guztiak zerotik hastea, beraz esperientziak baliatu badaitezke oso ondo. Euren arteko koordinazioa oso begi onez ikusten dugu eta eurek topatu beharko dute horretarako bide eta gune egokiena zein diren. Baina azpitik izan beharko luke, ez goitik jarria.
A. Noizbait aipatu izan duzu elkarteen atzean mamuren batzuk ikusten dituzula. Oraindik ere bai?
J.M.Z. Ez dakit noizbait mamurik ikusi ote dudan. Nik esan ohi dudana zera da, herri honetan horrelako ekimen herrikoiak oso tentagarriak direla, erabilera politikoa edo beste erabateko erabilera egiteko. Mamurik ikusi gabe, inoiz esan izan dut tentazio horretan erortzea guztion kalterako izango litzatekeela. Herrietako mugimendu hau oso garrantzitsua baita euskararen normalizaziorako.
Xabier Letona
64