argia.eus
INPRIMATU
«Gustatuko litzaiguke pentsatzea gainerako emakumeek ulertzen gaituztela»
2021eko uztailaren 19a
Mama Maquin Guatemalako emakume nekazarien taldeko bi kideekin elkarr
«Gustatuko litzaiguke pentsatzea gainerako emakumeek ulertzen gaituztela»
Nati Garcia eta Yolanda Montejo, Mama Maquin emakume taldeko kideak
M ama Maquin, nekazarien eskubideak aldarrikatzen zuen manifestaldi batean armadak 1975ean hildako emakume guatemaldarra dugu. Izen hau hartu zuten Mexikoko errefuxiatu kanpamenduetan sortutako emakume taldeek. 1990ean elkartu ziren lehendabizi, eta gaur egun 8.000 kide ditu. Nati Garcia eta Yolanda Montejo talde honetako kideak Bilbon izan dira.
ARGIA. 1990ean elkartu zineten lehendabizi, 45 emakume guztira. Nolakoa izan zen lehenengo topaketa?
YOLANDA MONTEJO. Arazo izugarriak izan genituen elkartzeko, han bildutakoak Mexikoko estatuetan kokatuta dauden errefuxiatu kanpamenduetakoak baikinen. Topaketa horren helburua, batez ere, esperientzien trukaketa zen. Hala heldu ginen ondorio jakin batera: emakumeen presentziarik ez zegoen kanpamenduetako ordezkaritzan, gure iritzia hutsaren hurrengoa zen, gure lana familiari lotua zegoen eta honetaz gain, ez genuen erantzukizunik. Horrela erabaki genuen Mama Maquin sortzea, emakumeen antolamendurako eta maila guztietan gure partehartze aktiboa bultzatzeko. Gure helburuak asko dira, baina oinarrizkoena zera da: emakume eta gizonen arteko berdintasuna bultzatzea.
A.Errefuxiatuen itzultzearen antolaketan parte hartu eta emakumeen alfabetatze prozesuari ekin diozue.
NATI GARCIA. Alfabetatze prozesua oso garrantzitsua da, ezin baitugu partehartze aktiborik izan gaur egun bezala emakumeon %90 alfabetugabea denean. Dagoeneko, kanpamenduetan 500 emakume hasi dira 43 hezitzaileren bidez idazten eta irakurtzen, eta Guatemalako Victoria herrian, lehenengo itzultze taldea kokatua dagoen tokian, beste 185 ikasle eta 25 hezitzaile ditugu.
A. Hizkuntza indiarrak erabiltzen dituzue alfabetatze eskoletan?
N. GARCIA. Zaila da, kanpamenduetan zein Victorian tribu desberdinetako emakumeak daudelako. Posible den heinean, tribu bateko emakumeak biltzen saiatzen gara, beti ere hezitzaileak ere hizkuntza menperatzen badu, eta hala taldeak eratu. Baina hezitzaile kopurua txikia da eta askotan klaseak nahastuak daude. Dena den, hizkuntza indiarrak askotan erabiltzen dira, emakume askok gaztelera ez dute ulertzen eta azalpenak ematean derrigorrezkoa suertatzen da.
A. Errefuxiatuen lehenengo itzultze taldean ere parte hartu zenuten, baina gauzak ez dira behar bezala atera. Hau da, emakumeek izan duten zeregina familiari lotua izan da.
Y. MONTEJO. Lehenengo taldean berrikuntza gehiegi ez ziren gertatu ildo honetan, gure lana betikoa izan baitzen: familia, elikadura edota etxeko gauzez arduratzea. Nire ustez, eta oso denbora gutxi pasatu bada ere, emakumeok zein gizonak kontzientziatuagoak gaude eta lehenengo urratsak eman dira. Oso garrantzitsua izan da, batzorde iraunkorretan _errefuxiatuen ordezkaritza eta Gobernuarekin itzuleraren baldintzak negoziatu dituztenak _gure taldeko bi emakume egotea. Hurrengo itzultze taldeetan emakumeok parte hartuko dugu antolaketa lanetan.
A. Gobernuarekin lortutako akordioak ez dira betetzen eta hala ere itzultzeko asmoa duzue. Zergatik?
Y. MONTEJO. Guatemaldarrak garelako eta ikusten dugulako gure eskubideak defendituko baditugu, han egon behar dugula. Bestetik, errefuxiatu kanpamenduetan gauzak okerrerantz doaz. Mexikok ere ez du oso egoera ona bizi eta gu handik joateko presioak gero eta handiagoak dira. Badakigu Gobernuaren aldetik gauzak ez direla gehiegi aldatu, baina gurea hobeto defendituko dugu etxean, etxetik kanpo baino; eta asko baldin bagara, askoz ere hobe.
A. Gainerako emakumeok zuen egoera ulertzen dugula uste duzue?
Y. MONTEJO. Gustatuko litzaiguke pentsatzea gainerako emakumeek ulertzen gaituztela, eta gainera horretarako etorri gara, Guatemalako egoera eta emakumeona azaltzeko. Elkartasun handia jaso dugu eta hala jarraitzea espero dugu.
Myriam Gartzia
16-17

GaiezGizarteaSektore bazEmakumeaTaldeakBesteak
GaiezGizarteaSektore bazHerri indig
PertsonaiazGARCIA6
PertsonaiazMONTEJO1
EgileezGARTZIA3Gizartea