argia.eus
INPRIMATU
Carlos Iturgaiz, PPko idazkari nagusia
“Euskotarrok Euskal Herria zazpi probintziek osatzen dutela uste dugu”
  • Carlos Iturgaitz EAEko PPko idazkari nagusiari elkarrizketa

Aitziber Yarza 2007ko otsailaren 21a

Carlos Iturgaitz, EAEko PPko idazkari nagusi berria, hemezortzi urterekin hasi zen politikagintzan Partido Democrata Popular-en. Ondoren, PPren birsortzea egin zenean, bertan sartu zen. Gazteen taldeko idazkari nagusi izan ondoren, alderdiaren idazkari nagusi bilakatu da. Santurtziko gazte honek bertako udal euskaltegian ikasi zuen euskara, duela hamar urte.

ARGIA. Javier Peon, Jose Eugenio Azpiroz eta zuk zeuk ere belaunaldi berri bat ordezkatzen duzuela esan daiteke. Belaunaldi horrek zer berri ekartzen dio PPri, irudi berria soilik ala zerbait gehiago?
CARLOS ITURGAITZ. Alderdiari irudi berria ematen diogu, zalantzarik gabe, baina horretaz gain ideia berriak ere eskaintzen dizkiogu. Gazteok ideien berrikuntza ekarri nahi dugu, gazteok gauza asko ditugu esateko une honetan euskal gizartean.
Guk etxeko arazoei eman nahi diegu irtenbidea. Gaur egun guztiok dakigu arazoak zeintzuk diren: langabezia, desindustrializazioa, terrorismoa eta abar.

Aipatzen duzun ideien berritasun hau ideia konkretutan zehaztu al daiteke?

Nire ustez orokorra da. Ideia berriekin sartzeak, gazteek gaurko gizartearen inguruan beste ikuspegi bat dugula esan nahi du. Guk arazo batzuk ikusten ditugu, helduek, aldiz, beste arazo batzuk bizi izan dituzte eta beste mundu batean egon daitezke.

Ezberdintasun honetan zein eragin izan dezake batzuek frankismoa ezagutu izana eta beste batzuek ez?

Haiek frankismo garaitik datoz eta bertan paper bat izan zuten, baina uste dut frankismoan, nahiz eta pertsona batzuk sistema horren barruan egon, apur bat liberalagoak edo progresistagoak zirela eta hauetako batzuk PPn daude.

Aipatu duzu eguneroko eta hurbileko arazoei lotuagoak zaudetela, baina adibidez, duela aste batzuk Jaime Mayor Orejak egin zituen adierazpen batzuetan arazo lokalak desdramatizatzera jo behar da esan zuen. Adibide bezala euskara aipatu zuen. Ez al zaizu iruditzen horrek kalte handia egin diezaiokeela euskarari?

Ezetz uste dut. Euskararen arazoa garrantzitsua da, baina arazo horri buruz pentsatzen dugunean ez dugu instituzioetan bakarrik pentsatu behar. Euskararen arazo nagusia euskaldunak berak gara. Batzuetan guk, nahiz eta euskaraz jakin, gure lagunen artean eta kalean ez dugu euskara erabiltzen. Zergatik? Batzuetan gustura ez garelako sentitzen, gizartea nola dagoen badakigulako.

Instituzioak lan handia egiten ari dira. Eusko Jaurlaritza, adibidez, lan ugari egiten ari da, batez ere haurren arloan. Dena dela, jendeak ez badu euskara ikasi edo hitz egin nahi ezin da inposatu, demokrazia batean bizi baikara. Eusko Jaurlaritza batzuetan inposaketa egiten ari da. Adibidez, lanpostu batzuk lortzeko euskara jakin behar izatea inposaketa da.

Hor demokrazia aipatu duzu, baina ez al zaizu iruditzen jendaurrean aritzea eskatzen duen lanpostu publiko bat aukeratzeko orduan euskara jakintza maila kontuan hartzen ez bada, gerora euskaraz mintzatu nahi dutenei erdaraz hitz egitea inposatzen zaiela?

Baina pentsatu behar dugu pertsona horrek ikasteko aukerarik ez badu izan, ezin dugula ikastera behartu. Berak euskara ulertzen ez badu, nik uste dut, bulegoan beste pertsona bat egongo dela euskaraz hitz egiten duena eta beste horrekin hitz egitea nahikoa da. Baina ezin dugu inor behartu euskara ikastera.

Noizko izango dugu PP Eusko Jaurlaritzan?

Une honetan gure abiapuntua oso ona da. EAEko hirugarren indarra gara eta Euskal Herrian bigarrena. Datozen hauteskundeetarako aukera ona daukagu lurralde honetan agintean egoteko. Koalizio bat beharrezkoa izango dela uste dut, politika puzzle handi bat baita.
Balizko koalizioak egiterako orduan, zalantzarik gabe, EAJtik hurbilago gaude ideologikoki.

Euskal Herria aipatu duzu. Nafarroa sartzen al duzu Euskal Herrian?

Euskaraz eta Autonomi Estatutuan argi azaltzen da El Pueblo Vasco-Euskal Herria: Arabak, Gipuzkoak eta Bizkaiak eta, era berean, Nafarroak Euskal Autonomi Elkarteko partaide izateko eskubidea dute. Horrek esan nahi du guk euskotarrok pentsatzen dugula Euskal Herria Bizkaia, Araba, Gizpuzkoa, Iparraldea eta Nafarroak osatzen dutela. EAE beste gauza bat da.

Nafarroaren egoera nola ikusten duzu?

Nafarroak independentzia autonomikoa du eta horrela jarraitu behar du nafarrek horrela sentitzen badute. Nafarroa historian erreinua izan zen, eta agian Euskadik Nafarroa izan behar zuen eta ez alderantziz.

Ajuria Eneko Itunak bergizarteratzea onartzen du; zuek, aldiz, ez. Ajuria Eneko Ituneko batasuna behin eta berriro aipatzen duzuenean ez al da hau kontraesana?

Guk beti puntu horretan beste ikuspegi bat izan dugu. Bergizarteratzea odol ekintzetan parte hartu dutenentzat ezinezkoa da, horiek zigor osoa bete beharko lukete. Ezberdina litzateke presoek demokrazian sartu nahi dutela esatea; hau gertatuz gero, gizarte espainiarra oso eskuzabala denez, hitz egin genezake, baina kasu jakin horiei buruz. Hala ere, kontraesanik ez dago, guk beti utzi baitugu argi puntu horretan ez gaudela ados. Ajuria Eneko Itunean batasuna da nagusi; alderdi bakoitzak bere puntuak sartu nahi ditu, eta batzuetan ados gaude eta besteetan ez baina, zalantzarik gabe, batasun handia dago.

Askotan aipatu izan da euskal herritarron arteko enfrentamendu zibila. Nola ikusten duzu gai hori?

Hori HBk dio, guk ez dugu uste enfrentamendu zibila dagoenik. Euskal gizarteak oso argi du zeintzuk diren herri honetako ideiak eta nola bizi nahi duen. Enfrentamendu zibilaren aipamena beti HBren aldetik dator. Enfrentamendu zibila ez dago, arazo bat dago eta horri buruz hitz egiten da.

Zein balorazio egiten duzu Xabier Kalparsoro eta Gurutze Iantziren heriotzen inguruan?

Espainiako Barne Ministerioak oso argi utzi du zer gertatu zen eta nik Barne Ministerioak esaten duena sinetsi behar dut, aberriko instituzio guztietan sinesten baitut. Xabier Kalparsororen kasuan nik ezin dut inoiz pentsatu leihotik bota zutenik. Gurutzeren kasuan, forentseek esan zuten zer gertatu zen, eta nik sinesten dut.


Aitziber Yarza