argia.eus
INPRIMATU
«Gas fabrikatzaile izatetik, saltzaile izatera pasatuko gara»
2021eko uztailaren 19a
Luis Felipe Hernandez-i elkarrizketa
«Gas fabrikatzaile izatetik, saltzaile izatera pasatuko gara»
Luis Felipe Hernandez, Donosti Gas-eko lehendakariordea
Sortu zenetik, 1861ean, Donostiako Gas Udal Lantegiak erronka askori aurre egin behar izan dio, baina 1990ean gas naturalaren «estandarrekin» batera, lantegia zena saltzaile bihurtu da. Euskal Herriko gas naturalaren horniketak txikiak badira ere, Donosti Gaseko arduradunek hedatze eta handitze prozesu batean murgildurik daudela esan digute. Gaur egun 30.000 abonatu dituzte eta 50.000ra heltzea espero dute.
ARGIA. Donosti Gas, historia handiko lantegia, nola egiten dio aurre gas naturalaren erronkari?
L.F. HERNANDEZ. Ez da zaila. Laburtuz esan genezake, orain arte gas fabrikatzaile izan bagara ere, bi urteren buruan gas saltzaile izango garela. Hau da, lantegi bat izatetik, zerbitzu enpresa bihurtuko gara. Frabrikatzaile mentalitatea aldatzea zaila da baina berez gure zeregina ez da oso konplexua izango. Egokitze prozesua ez da erosoa izango, baina baditugu beste hiri batzuetako ereduak, eta alde positiboak hartu eta akatsak konpontzeko aukera baliatuko ditugu. Prozesu horretan gabiltza, hau da, 1990etik gas naturala jasotzen dugu eta hiri gasa bihurtzen, nahiz eta zonalde batzuek gasbidea izan eta zuzen-zuzenean gas naturala kontsumitu.
Bestetik, hiri gasarekin funtzionatzen duten sukaldeetan konponketa txiki batzuk egin behar ditugu. Hori da momentuz gure arazo nagusia, 30.000 abonaturen sukaldeak moldatzea, eta 30 hilebeteetan burutzea espero dugu.
A. Zein da gas naturalak izan dezakeen garrantzia etorkizunean?
F.H. Gas naturala etorkizuna da. Donostia Hiri Plangintzan, adibidez, 14.000 eraikuntza berriko etxebizitza aurrikusten dira. Beraz, 1996rako 45.000-50.000 abonatu berri izatea ekarriko du horrek. Honi gehitzen badiogu Tolosa, Hernani eta Pasaiako udaletako gas taldeak, non kapitalaren zati bat badugun, eta inguruko beste udal batzuk kontaun izanik, abonatu kopurua inportantea izan daiteke.
A. Beraz, kualitatiboki aldaketa handiak ikusten dira gaur egungo funtzionamenduarekin alderatuz.
F.H. Azken batean gasa produzitzeari uzten diogu eta saltzaile bihurtzen gara. Euskadi Gas-i erosten diogu eta gero guk saldu, horrek esan nahi du mozkin margena izango dugula. Salmentak eta abonatuak gehiago badira, gero eta margen gehiago izango dugu. Horregatik interes handia dugu abonatu integralengan, hau da, bere etxeko berogailua, ur berogailua eta sulkaldea gas naturalarekin dutena. Zorionez, abonatu berri ia gehienak integralak dira. Esan beharra dago, halaber, gas naturalak eskatzen dituen aldaketa guztiak enpresak ordaintzen dituela. 800 milioi pezetako (40 milioi libera inguru) aurrekontua dugu etxeko azpiegitura zaharrak aldatzeko. Egia, Altza, Intxaurrondo, Loiola eta Antiguo auzuneetan sartzen ari gara. Egunero deiak jasotzen ditugu beste auzune batzuetara noiz helduko garen galdezka.
A. Lehen Hernani, Tolosa eta Pasaia aipatu dituzu. Aurrikusten duzue enpresa honen hedadura beste eskualde batzuetara?
F.H. Ez, oso zaila dugu. Usurbil, Astigarraga, Aduna, Ibarra eta beste udal batzuetatik deitu digute, baina egia esan daukagun erronkarekin nahikoa dugu. Agian hiruzpalau urteren buruan, aldaketa guztiak burututa ditugunean, hitz egingo dugu, baina oraingoz...
A. Dena den, kritikatu izan da udal enpresaren eredua ez dela egokiena Donosti Gasen helburuetarako.
F.H. Erabateko desadostasuna adierazi behar dut. Zehazki, Donosti Gas dugu eredu argiena horri aurka egiteko. Udal enpresa hau % 100 publikoa izanda, funtzionamendu oso ona, perfektoa dugu. Egia da udal enpresa batzuek defizita dutela, baina eredu asko daude kontrakoa frogatzen dutenak. Gainera aski ezagunak gara abonatuen artean udal enpresa bezala.
A. Beraz, ez duzue aurrikusten aldaketarik horri dagokionez.
F.H. Aldaketak? Ez, Donosti Gas beti izango da publikoa. Ez dago arrazoirik enpresa hau pribatizatzeko: funtzionamendua ona da, dirua ematen du eta Udaletxeari puntualki laguntza ematen diona. Orain arte informazioa eskatu duen bakarra Eusko Jaurlaritza izan da, gas talde guztietan sartzeko interesa duelako. Baina hala eta guztiz ere, oso zaila ikusten dut enpresaren partizipazioak saltzea, eta hala bada, Eusko Jaurlaritza dugu horretarako aukeratuko genukeen bakarra. Donosti Gas enpresa publikoa da eta publikoa izaten jarraituko du.
Myriam Gartzia
22-23

GaiezEkonomiaIndustriaBesteak
PertsonaiazHERNANDEZ5
EgileezGARTZIA3Ekonomia