argia.eus
INPRIMATU
«Katalunian ez dago zuzenean jotzeko azpiegitura handirik»
2021eko uztailaren 19a
Sangtrait Kataluniako taldeari elkarrizketa
«Katalunian ez dago zuzenean jotzeko azpiegitura handirik»
Bostgarren diskoa plazaratu du Sangtrait talde kataluniarrak
Duela hamar urte inguru sortu zen Sangtrait taldea Kataluniako La Jonquera herrian. «Contes i llegendas», plazaratu berri duten bostgarren diskoak erakusten duen bezala, rock gogorra eta Erdi Aroko giroak dira talde honen ardatzak. Euren ibilbideaz eta Kataluniako rock egoeraz mintzatu ginen taldeko bost partaideekin Donostiako hotel ezagun batean.
ARGIA. Katalunieraz kantatzen duzue. Katalunian oztopo bilakatzen al da hizkuntza hau taldea aurrera ateratzeko garaian?
SANGTRAIT. Katalunian erraza da. Hala ere, badago gogoeta mugak dauzkan jendea, hori onartzen ez duena. Katalunian erraza da baina penintsulako gainerako herrietan ez da zaila, ia ezinezkoa da.
Hizkuntza ez da muga bat. Muga bihurtzen du jendeak. Diskoa aurkeztu eta batzuetan zera esaten dizue: «Aizu! oso ondo dago baina katalanez kantatuta dago. Hau ezin da jarri. Ingelesa izango balitz... ». Guzti hau entzuteaz nazkatuta gaude. Musika ona bada, ona izango da gazteleraz, txineraz, errusieraz edo ingelesez. Azken batean, filosofia kontua da. Ateratzen zaizkigun bezala egiten ditugu gauzak. Guretzat hau da garrantzitsuena, gauzak diren bezala egitea.
A. Hizkuntza arazoak alde batera utzita, Erdi Aroko giroaren inguruan lantzen dituzue kantuen hitzak.
S. Gu murgilduta gauden gai guztiak lantzen ditugu: erlijioa, maitasuna, sexua, itota dagoen askatasunaren oihuak... eta Erdi Aroko giroan biltzen dugu guzti hau. Ipuin moduan. Gure gurasoek ipuin asko kontatzen zizkiguten eta ipuin hauek bazuten egia funtsik.
A. Gizarte honetako arazoak ere aipatzen dituzue.
S. Garaia, kanpoaldea bakarrik aldatzen da. Gainerako guztia errepikatzen den zikloa da. Gizakiak baikara.
A. Giza-kritikak ere badu tokirik.
S. Ezin dugu alde batera utzi. Bertan murgilduta gaude, baina ez dugu politikaz hitz egiten. Errealitatean oinarritzen diren ipuinak kontatzea gustatzen zaigu, eta politika beti ipuin bat izango da.
A. Duela hamar urte inguru sortu zineten. Ondo ezagutzen duzue Kataluniako rock egoera. Nola ikusten duzue urte hauetan izan duen bilakaera?
S. Sortu ginen garaian ezer gutxi entzuten zen kalean, eta entzuten zena ez zen rock estiloa bereziki. Ondoren, orain dela bost urte izan zen boom-a. Geroztik, gora egin zuen mugimenduak eta ondoren betikoa: zenbait talde musika hau lantzen hasi ziren modan zegoelako, tren makina gidatu nahi zutenak agertu ziren... Gaur egun bagoi asko hutsik gelditu dira eta trenak 15-20 bidaiarirekin aurrera jarraitzen du.
Disko industriako agintariek hasieran ez zioten musika honi erreparatzen irudi aldetik ez zuelako saltzen, eta orain gauzak erabat aldatu dira. Dena den, gazteek gehiago jarraitzen dute orain rock mugimendua.
A. Zeintzuk dira Kataluniako rock taldeen aukerak zuzenean jotzeko garaian?
S. Hasi berri den talde batek jotzeko bi aukera ditu: tabernetan _agian 15 edo 20 pertsonaren aurrean_, edo polikiroldegi zein areto handietan _2.000 pertsonako tokietan_. Azken aukera gogorra da talde berri batentzat, telonero gisa jotzeko talde ezagun bat aurkitu beharko du zerbait egingo badu. Ez dago azpiegitura handirik.
A. Bost disko plazaratu dituzue orain arte. Zaila al da Katalunian diskoak grabatzea?
S. Orain ez. Disko ugari grabatzen dira. Gorakada izan zenetik katalanez kantatzen duen edozein taldek badauka diskoa grabatzeko aukera. Lehen zaila zen eta hemendik aurrera ere zaila izango da. Orain, aukeraketa handiagoa egiten baitute disketxeek, baina duela bizpahiru urte edonork graba zezakeen. Garai horretan talde asko sortu ziren, eta egunero argitaratzen zen diskoren bat.
A. Zuzeneko emanaldi asko egin al dituzue Kataluniatik kanpo?
S. Katalunia, Valentzia eta Balearetan aritzen gara gehienbat, baina 1989an Madrilen jo genuen. Zaila da kanpora irtetea baina ez entzuleengatik. Jendeak rock jaialdia dagoela ikusi eta rocka gustatzen bazaio, joaten da. Are gehiago talde berriak badira. Jendeak gauza berriak ezagutu nahi baititu. Baina antolatu eta deitzen jardun behar duen jendeak, taldeen gainetik daudenek eta aretoak ordaindu behar dituen jendeak, hauek jartzen dituzte mugak. Beraiek jartzen dituzte benetan ez dauden muga hauek.
Joxi Goikoetxea
50-51

GaiezKulturaMusikaMusika modeTaldeakSANGTRAIT
GaiezKulturaMusikaArgitalpenaDiskoak
GaiezKulturaArgitalgintArgitalpenaDiskoak
EgileezGOIKOETXEA7Kultura