argia.eus
INPRIMATU
Juan Garzia: «Liburua nahiko berezia da berez jeneroz eta planteamentuz»
2021eko uztailaren 19a
Juan Garzia idazleari elkarrizketa
Juan Garzia: «Liburua nahiko berezia da berez jeneroz eta planteamentuz»

ARGIA. Hamaika narrazio laburrez osaturik dago «Itzalen itzal» plazaratu berri duzun liburua.
JUAN GARZIA. Istorio nagusi batek lotzen ditu istorio solteak. Autonomia handia du bakoitzak baina lotura dago denen artean. Ez da ipuin bilduma bat, dena batera pentsatutako liburua da. Lotura dago leku eta gaien artean, baita zenbait pertsonaiaren artean ere hamaika zatitan zehar.
Solapan agertzen den bezala, «Decameron» eta horrelako liburuen antzera istorio ezberdinak bildu ditut baina lotura baten bidez. Bada ibilbide bat, badira Italiako hamaika hiri, eta hiri bakoitzean gertatzen da istorio horietako bat. Pertsonaia batzuk gurutzatu egiten dira, eta gaiek ere zerikusi handia dute. Denak planteamendu berdintsu baten inguruan eginak daude.
A. Azpimarragarria da erabili duzun prosa.
J.G. Ez naiz horretaz bereziki arduratu. Istorioek badituzte batzuetan abiapuntu nahiko fantastiko eta onirikoak, kokatu egin ditut eta guzti hori kontatzeko tonu bat bilatu dut. Hari nagusiaren ikuspegia garbi eduki dudanean nahiko automatikoki idatzi dut. Istorio horrek eskatzen zidana zen, eta nire aldetik ez da lantze berezirik izan idazkera aldetik. Istorioa ahalik eta zuzenen kontatzea izan da nire asmoa, baina egia da irakurri duten guztiek prosa honi erreparatzen diotela. Niretzat hori da istorioak eskatzen zidan idazkera.
Ni ez naiz aritu saiaketak egiten, baina liburua nahiko berezia da berez jeneroz eta planteamentuz, eta euskal prosan beste hainbat alorretan bezala ez dago hori oso landuta. Honek sor dezake eragin arraroa hasieran. Jendeak komentatu dit hasieran gogorra egiten dela idazkerara pixka bat ohitu arte. Nik uste dut hori dela: ohitura falta.
Joxi Goikoetxea
46

GaiezKulturaArgitalgintArgitalpenaLiburuakLiteratur l
GaiezKulturaLiteraturaArgitalpenaNarratiba
GaiezKulturaLiteraturaIdazleakGARZIA1
PertsonaiazGARZIA1