argia.eus
INPRIMATU
«Abertzaleentzat ezezik, besteentzat ere garrantzitsua da Iparraldeko Biltzarra»
Aitziber Yarza 2021eko uztailaren 19a
Lucienne Fourcaderi elkarrizketa
«Abertzaleentzat ezezik, besteentzat ere garrantzitsua da Iparraldeko Biltzarra»
Lucienne Fourcade, IKren inguruko aferan epaitua izango dena
Ekainaren 1etik 18ra bitartean IKrekin harremanak izateaz salatuak diren lau lagunen aurkako epaiketa burutuko da Parisen. Lucienne Fourcade Filipe Bidartekin batera epaituko dute Biscarrosseko gertakariak direla eta, bertan jandarma bat hil baitzen. Epaiketa hasi baino lehen espetxera sartu beharko den Luciennerekin aritu gara Iparraldeko egoera eta baita IK-k Iparraldeko Biltzarraren inguruan eginiko proposamenaz.
ARGIA. Ekainaren 1ean hasiko da epaiketa. Nolakoa uste duzue izango dela?
LUCIENNE FOURCADE. Gure epaiketa ez da arrunta izango. Frantzian delitu larrien epaitzeko Assise izeneko epaitegiak daude. Gure kasuan, terroristen aurkako gorte bereziaren aitzinean igaro beharko gara. Assisetan, normalak badira, hiru epaileren aurrean igarotzen zara eta beste bederatatzi pertsona badituzu nonnahi hautatuak, populuak epaitzen du. Gure epaiketetan, aldiz, bederatzi epaile hartzen dituzte. Epaiketa hauek baino lehen espetxera sartua izaten zara. Auzia egiten den bitartean espetxean sartu behar zara. Beraz, ni ekainaren 1ean espetxean sartuko naute.
A. Zer nolako zigorrak espero dituzue?
L.F. Frantzian ez dakigu aldez aurretik zein izango den zigorra, sorpresa izango da. Lehen egunetan afera aztertuko dute, baina fiskalak bere zigorra azken egunetan eskatzen du. Kode penalak zigor batzuk aurrikusten ditu, baina bereziki horrelako afera politikoetan ez dakigu zenbat eskatuko duten.
A. Azken aldian Frantziako espetxeetan euskal presoek gero eta tratu txarragoa jasaten dutela entzun izan da.
L.F. Auzian ere horrelakoak aipatuko ditugu, presondegien egoera ez baita ona. Pello Mariñelarenaren kasua aipatuko dugu, eta bereziki TTotte Etxebesterena. Etxebeste 1989an aske utzi zuten bere osasun egoera txarra zelako, orain berriro espetxera sartu dute, 1989an zigorra ez zuela bete esanez. Ttottek tratamendua behar du eta espetxeetan ez diote ematen. Hala ere, ez dakit gero eta gehiago ematen den, uste dut gauzak beti izan direla horrela. Beldurra izan dute euskal presoekin, preso gero eta gehiago dira eta gero eta beldur handiagoa dute. Frantzia nahiz Espainiako gobernuek badakite presoen kolektiboari anitz gauza egiten ahal dituztela eta ahultzen ahal dutela.
A. Zer nolakoa da Filipe Bidarten egoera?
L.F. Azaroan bizitza guztirako presondegian egoteko kodena bat jaso du, baina berak badaki egun batean aterako dela, egoera politikoa hobetuko delarik. Aterabide politikoa emango delarik, bai Iparraldean eta baita Hegoaldean ere, bi egoerak biziki lotuak baitaude.
A. Zer dela eta izan zarete Iparraldeko Biltzar bat proposatzeko beharrean?
L.F. Aspalditik abertzaleek eskakizun batzuk plazaratu dituzte eta alderdi ezberdinek eskakizun berak proposatzen dituztela ikusi dugu. Horregatik, dena elkartzeko beharra ikusi dugu, gutxieneko eskakizun bat aurrera eraman ahal izateko. Gure helburua Hegoaldearekin batasuna lortzea da, baina lehenik etapa batzuk igaro behar ditugu, Euskal Herriak biziraun dezan.
A. EBk ere departamendua proposatu zuen. Zer iruditzen zaizu?
L.F. EBkoek departamendua aipatu zuten, baina azken hauteskundeetan Abertzaleen Batasunean joan dira, eta hor Iparraldeko Biltzarra aipatzen zen. Uste dut izen kontua besterik ez dela, eztabaidatu beharra dago zer nahi dugun, ados jartzeko. Eztabaidaren helburua elkarlanean hastea da eta ez da erreza.
A. Hegoaldeko estatutuak zenbait alderdi on badituela aipatu izan da. Horrelako zerbait izango ahal litzateke Iparraldean lehen pausoa?
L.F. IKren proiektuan biziki argi azaltzen da ez dutela gogorik eredurik hartzeko. Ez da Hegoaldea adibidetzat hartu nahi, gauzak zeharo ezberdinak baitira. Beharbada badaude gauza onak estatutu horretan, txarrak ere. Baina ez dut aski ezagutzen praktikan zer gertatzen den jakiteko. Badakit ofizialtasun batzuk euskararentzat badirela, baina zertan da euskara Hegoaldean? Salbatzetik urrun dago. Praktikan ikusten dut ez dela oso zabala.
A. Gauzak Iparraldean eta IKren inguruan mugitzen ari direla dirudi. Baina etorkizunean zer gerta daiteke?
L.F. Ez dakit etorkizunean zer gertatuko den, baina mundua aldatzen ari da poliki poliki. Muga beti hor dugu baina ari da pixkanaka desagertzen, bereziki harremanetan. Guk ere uste dugu beharrezkoa izanen dela gure mugimenduarentzat ere maila horretan zerbait egitea. Mugimendu abertzalearentzat solaskidea ez da bakarrik Madrilen edo Parisen izango, baita Europan ere. Euskal Herria aipatzeko ahots batez mintzatu beharko genuke, eta ez birekin. Beharrezkoa izango da mugimenduarentzat gure indarrak bateratzea maila guztietan, ez politika mailan soilik.
A. Nola ikusten dituzu abertzaleak azken hauteskundeen ondoren?
L.F. Ez da hauteskundeetara bakarrik begiratu behar. Abertzaleen kopurua ez da batere aldatu eta arazoa bereziki kostaldean izanen da. Abertzaleeek ikusi behar dute datozen hilabeteetan zer egin maila guztietan, eta bereziki kostaldean, jende hori bereganatzeko. Uste dut denak konturatu direla honetaz.
A. Iparraldeko Biltzarraren inguruko eztabaidak abertzale ez direnengana zabaltzeko aukera eman al dezake?
L.F. Bigarren etapa izango da jendeari informazio hori zabaltzea. Gure eguneroko bizitzarako zer ekar dezakeen ikus dezaten. Etapa hau orain hasten da, eta ikusiko dugu jendeak nola onartuko duen proiektua. Jendeak ez daki zer ekar dezakeen departamendu edo biltzarrak. Informazio lana egin behar da. Maila asko jorratzen dira Biltzarraren proposamenean, ez soilik politikoak, hau garrantzitsua da, eta ez soilik abertzaleentzat.
Aitziber Yarza
8-9

GaiezPolitikaEuskal HerrTaldeakTalde armatIK
GaiezPolitikaEuskal HerrPresoakEpaiketak
PertsonaiazFOURCADE1
EgileezYARZA1Politika