argia.eus
INPRIMATU
«Oso zaila da telebista kate guztiak ados jartzea kodea gauzatzeko»
2021eko uztailaren 19a
Koro Lasarteri elkarrizketa telebistari buruz
«Oso zaila da telebista kate guztiak ados jartzea kodea gauzatzeko»
Koro Lasarte, ETBko musika eta haurrentzako barne ekoizpenen arduraduna:
ARGIA. Zein balorazio egiten duzu ETBk sinatu berria duen kode etikoari buruz?
KORO LASARTE. Izugarria iruditzen zait. Hemen bertako saioak krudelegiak izan ez daitezen saiatzen garen bitartean, kanpoan erosten diren produktuekiko, marrazki bizidunekiko, adibidez, ez da horrelako begirunerik gordetzen. Oso biolentoak dira gehienak.
Baina zer egin behar da horrekin? Aukeretako bat saio horiek ez eskaintzea litzateke, edota saio hauen egileei esan behingoz horrelakoak ez egiteko. Beste zerbaiti jarraiki egin beharko lituzkete.
A. Kodea sinatu egin da, baina ez da kode hori indarrean jartzeko bitartekaririk asmatu.
K.L. Testua ikusita, argi dago hau proiektu bat besterik ez dela, baina jakin ezazu nor den proiektu hau martxan jarriko duena! Nork erabakiko du saio bat eman daitekeen ala ez?
Ezin da ahaztu telebista asko garela, eta oso pentsamendu desberdinekin gainera elkarren artean. Zer arraio esan behar dut nik Tele 5eko aurkezle batek haurrei hitz egiteko erabiltzen duen hizkera guztiz desegokia iruditzen bazait?
A. Posible ikusten al duzu kode hori zerbaitetan gauzatzea?
K.L. Proiektua ongi dago, lehen esan bezala, baina ez dakidana da ea telebista kateen aldetik batzorderen bat edo eratuko ote den. Dena dela, oso zaila ikusten dut, batez ere telebista bakoitzak helburu batzuk dituelako.
A. Saioez ari gara, baina telebistan iragarkiek ere ildo konkretu bat daramate. Kode horrekin bat ez datorrena ziurrenik.
K.L. Hori ere aztertu beharreko arloa da. «Galakt hika» saioa egin behar genuenean, adibidez, oso zaila egin zitzaigun bideo-kontsola egokiak aurkitzea. 200 bat programa ikusi genituen indarkeririk ez zutenak aukeratzearren. 26 besterik ez genituen aurkitu, eta SEGA etxeak publizitatea egiten zuenez, azkenean ia behartu egin gintuen horrelako programak telebistan erakustera.
A. Dirurik ematen al du egun indarkeria edota sexua ez duen programak?
K.L. Batere ez. Gero hori eskaeraren araberakoa dela diote, baina egungo eskaera eskaintzaren arabera hedatu da. Egileek beste zerbait asmatuko balute, haurrek onartu egingo lukete.
A. «Dragoi Bola» marrazkiak aipatu dituzu. Kode berriaren arabera, kendu egin beharko litzateke. Hori posible al da?
K.L. Oso zaila da. Arrazoi sinple batengatik: kanpoko ekoizpenerako erosketak erabakitzean autonomia guztietako kateak bilduko bagina batzar antzeko batean, eta guztion artean erabakiko bagenu programaziotik kentzea, oso ongi. Baina ez dut uste hori hain garbi dagoenik.
Amagoia Iban
24,25

GaiezKomunikabidTelebistaETBBesteak
PertsonaiazLASARTE2