argia.eus
INPRIMATU
«Txinaz aparte inork gutxik inbertitzen du industrian»
Pello Zubiria Kamino @pellozubiria 2021eko uztailaren 19a
Karmelo Urdangarin, Danobat-eko idazkari nagusiari elkarizketa
«Txinaz aparte inork gutxik inbertitzen du industrian»
Karmelo Urdangarin, Danobat-eko idazkari nagusia
Danobat kooperatibako zuzendaritzakoa _460 langile_, makina erreminta sektoreko aditu eta idazle ezaguna da Karmelo Urdangarin. Lankide Aurrezkitik etorria, etnologiazko liburu bat argitaratu berria du.
ARGIA. Txinaraino iritsi zarete esportatze lanetan.
KARMELO URDANGARIN. Sekulako garapen ekonomikoa dago Txinan: Barne Produktu Gordina % 12 igo da 92an, Espainian % 1aren inguruan ibili garenean, eta Txinako ekonomia irekitzen ari da kanpora. Baina euskal enpresa oso gutxik dauka han ibiltzeko ohitura. Espainiako gobernuak Txinari eman dion kredituak bidea erraztu diezaguke. Danobatek iaz politto saldu zuen Txinan, baina salmenta zailak dira.
A. Urte hau txarra izatea espero duzue, aurreko biak ere txarrak izanda.
K.U. Makina erremintarentzat txarrak izan dira hemen eta mundu guztian. Guk industriak dituen beharrei erantzuten diegu, inbertsio sektore bat gara, eta munduan une honetan Txinaz aparte inork gutxik inbertitzen du industrian. Suediako makina erreminta industria munduan buru zebilen, eta ia erabat desagertu da. Alemanian, Frantzian, Italian eta abar sekulako mugimendua dago sektore honetan. Baina orain merkatu guztiak daude gaizki. Iaz produkzioa % 20 bat jaitsi da, eta azken bi urteotan % 40. 93an beste % 10-15 jaitsiko dela uste dut. Langileei dagokienez, plantilak % 20 jaitsi dira bi urtetan, eta lan orduak % 25. Gainera, gaur dauden enpresen % 40 bat lan erregulazioan dago.
A. Kexu handiak entzuten dira finantzaketa baldintzez, eta baita kredituak lortzeko ezintasunaz ere.
K.U. ADEGIk bezala Gipuzkoako Ekonomi zuzendariak ere berrikitan salatu dute bankuek zein erraztasun gutxi ematen dioten industriari. Banku eta kutxak beldurtu egiten dira, enpresa gizonak ere beldurtu, eta azkenean finantzaketa problemek ekartzen dute Gizarte Segurantzari ez ordaintzea, Aldundiari zergak ez pagatzea... Gertatu daiteke haize bolada gogor honek pikutara eramatea ongien prestatutako enpresak.
A. Zein errezeta darabilzue Danobaten epidemia honetatik onik ateratzeko?
K.U. Merkatu ireki honetarako aspalditik ari ginen prestatzen. Kalitate aldetik Aenor zertifikatua lortu dugun bakarrak gara sail honetan. Atzerrietan saltzeko zazpi enpresa ttiki sortu ditugu, Mexikon, Estatu Batuetan, Alemanian, Britainia Handian... Kalitatea, internazionaltzea, eta hirugarrenik plantila murriztea _adin bateko jendea, teknologia berrietara egokitu ezin dena_, honen kostuaren erdia lanean gaudenon soldaten % 4 etxean daudenei ordaintzeko erabiliz.
Pello Zubiria
21

GaiezEkonomiaKooperatibaKooperatiba
PertsonaiazURDANGARIN1
EgileezUBIRIA2Ekonomia