argia.eus
INPRIMATU
«Hegoaldeko merkatuan esperantza handia dugu»
Pello Zubiria Kamino @pellozubiria 2021eko uztailaren 19a
Xan Koskarat, Gurea enpresako zuzendariari elkarrizketa
«Hegoaldeko merkatuan esperantza handia dugu»
Xan Koskarat, Gurea enpresako zuzendaria
G erezi egur sendozko altzariak egiten dituen Gurea kooperatibako zuzendaria da. Baigorritarra, 40 urte, Arrosan lehen Denek lantegia egon zen egoitzan 26 langileko enpresa kudeatzen du.
ARGIA. Krisi haizea denetan. Zuen sailean ere bai?
XAN KOSKARAT. 1991ko emaitzak atxiki ditugu 92an. Baina 91n % 40 goititu ginen aurreko urteari begira. Altzarigintzan sekulako krisia bada, eta Frantzian lantegi handiak _Provost, Novostyl, eta abar hondoratu eta egitura ttikiek dute aitzina segitu. Altzari zaharren kopia da gure saila, eta horren barnean «Louis Phillipe» estiloan ari gara. Hemen 84-85a arte ontsa egiten zen lan, gero emeki ibili da merkatua, 89-90an gorakada pittin bat izan zen eta 91tik behetik ari da. Europan badira lauzpabost feria garrantzitsu: Kolonia, Milan, Parise, Valentzia... Merkatu horietan beti salmentak ongi joan dira, eta iaz aldiz % 7 apaldu dira. Gu ttikiak gara, baina beti izan dugu bizpahiru hilabeteko abantzua lanean; orain, aldiz, sei-zazpi astekoa: bezeroari bere eskaria bost-sei aste barne bidali behar zaio, epe luzeagoak finitu dira.
A. Nola funtzionatzen duzue egoera horren barruan?
X.K. Problema askorekin, baina beti ari gara gure egitura finkatzen. Komertzialak baditugu Frantses estatuan, Hego Euskal Herrian sartzen hasi gara, eta merkatu horretan esperantza handiak ditugu. Bestela, 93rako perspektibak txarrak dira. Hala ere, badira ikerketak azpi-azpian garela diotenak. Egoera txarra izanik ere, gure egitura ttikia da, gastuak ere bai. Hogeitalau ari dira hemen produkzioan hogeitasei langiletik. Gastuak murritzak izatea beharrezkoa da.
A. Zein izanen da zuen eboluzioa hemendik aurrera?
X.K. Beti gerezi sendoz segitzen dugu lanean. «Louis Phillipe» estiloaz gain maila goragoko beste eredu bat hasi gara egiten, «Eder» kolekzioa deitzen dena. Bezeroak fidel atxiki behar ditugu, eta horretarako kalitatea landu behar da beti. Merkatuari ere jarraiki nahi diogu, eta horren arabera sail berriei ekin, erakundeek markatutako urratsak ahaztu gabe. Deus gabe abiatu ginen, eta urte hauetan kapitala eta ekipamendua antolatu ditugu, Baigorriko lantegian hasieran eta Arrosan erosi genuen eraikuntza honetan gero. Ttikiak gara, baina Ipar Euskal Herriko barnealdean bizitzeko hautua egina dugu, eta hemen lehiatuko gara.
A. Zuen kooperatibako lan moldea berezi samarra da hasieratik.
X.K. Hastapenean lan zatiketa bat finkatu genuen, kolekzioaren zatien egitea partaideka banatuz. Baina koordinazio problemek muga bat ezartzen dute, lana gero eta hobeki bukatu behar da. Ofizialen elkartea da Gurea eta hasieran beren denbora zati bat enpresari ematen baldin bazioten ere, orain denbora osoz ari dira, eta horiekiko erantzukizunean oinarritzen da gure enpresa, azken batean horiek baitira Gurearen partzuerrak.
Pello Zubiria
Pello Zubiria
21


GaiezEkonomiaKooperatibaKooperatiba
PertsonaiazKOSKARAT1
EgileezUBIRIA2Ekonomia