«Artistak gizartearen aurrean zomorro arraroa dela barneratu du»
2021eko uztailaren 19a
Angel Garraza eskultoreari elkarrizketa
«Artistak gizartearen aurrean zomorro arraroa dela barneratu du»
Angel Garraza, labean erretako buztinarekin jolasten duen eskultorea:
Nafarroako Allon jaio zen eta Taiwanen irabazi du nazioarte mailako erakusketa batean sari nagusia. Ez du horretaz luzatu nahi baina Angel Garrazak. Bere obrak, sutan lantzen dituen irudiak, zeramikari loturiko eskulturaren ildo berritzaileen artean kokatu dizkigu. Bilboko Arte Ederretako fakultatean irakasle, etxeko tailerrean hartu gaitu 42 urteko artista honek.
ANGEL GARRAZA.
Sariaren kontua leku askotan atera da, beti ere kutsu anekdotiko batez, Taiwanen irabazi dudalako... Azken batean, norbait saritua delako eta ohartzen dira komunikabideak arteaz, edo erakusketa handiak gertatzen direnean; albora uzten dira baina, egunerokoak. Hots, kultura mailako gertaerak ahaztu samar daude. Sariren bat lortzen baduzu onartzen zaituzte, bestela bizitza osoan aritu zaitezke inor ohartu gabe.
ARGIA. Betidanik eskultura alorrean aritu zara, material ezberdinak baliatuz. Egurretik abiatu eta buztinera iritsi zara. Zer dela eta aldaketa?
A.G. Buztinaren prozesu zeramikoa ezagutu nuenetik barruraino sartu nintzen. Tratu berezia du buztinak. Materiala forma batzuetara moldatzeko prozesuan, sua eta labearen erabilerak maila batean kontrolaezinak diren aukerak zabaltzen ditu. Horrek erakarri nau. Jolasa da. Oso garrantzitsua da materiala bere kabuz espresa dadin, zeren eta materialak hori eskertzen baitu. Zu egiteko gai ez zarena askotan prozesuak berak egiten du. Etengabekoa da harridura, beraz. Sutan sartu ondoren espero ez diren hainbat forma sortu ohi dira eta hori onartzeak, dimentsio berrietarako ateak irekitzen dizkizu.
Askotan ezezagutza dela eta ixten ditugu ateak; gauza oso zehatzak eskatzen dizkiogu gure buruari, beti berdintsuak; buztinaren prozesu artistikoan berriz, batzuetan berak inposatzen ditu jokoaren arauak; bestetan artista jartzen da aurrean; etengabeko elkarrizketa da. Lan eta bizitza filosofia bezala inportantea da hau.
A. Hogei urte daramatzazu artegintzan. Taiwanen ere ezaguna zara dagoeneko... eta Euskal Herrian zer?
A. Erakusketak egin ohi ditut. Orain bertan europar artistak bilduko dituen erakusketa batean parte hartzeko deia jaso dut Alemaniatik. Azken aldian nahikoa ateratzen ari naiz kanpora. Ez nago kexatzeko moduan.
Euskal Herrian ere hainbat erakusketa burutu ditut. Hala ere, zeramika-eskultore gisa ari naiz, eta horri, askotan, zentzu txarra ere ematen zaio. Buztina erabiltzeagatik baztertu izan naute. Arte hauskorra dela ikusten dute, publikoaren aldetik harrera gutxi duena.
A. Ohitura kontua ere izango da. Herri honetan egin den eskultura egurra, harria eta burdinari lotua izan da.
A.G. Baina Txillida burdinarekin hasi aurretik ez zen batere egiten eta orain badirudi burdinez egiten den guztia Euskal Herritik ateratzen dela. Gaur egun sortu da baina, material klasikoarekiko, buztina kasu, interes berezirik. Lehen, bnuztinarekin ari zirenek funtzional kutsuko lanak egiten zituzten, eta orain, artelanak egiteko joera nagusitzen ari dela nabaritzen da.
A. Oteizaren jarraitzaile eta miresle izan zara.
A.G. Oteiza eta Txillida belaunaldi askorentzat erreferentzia nagusiak izan dira. Nire kasuan Oteizak erabat bete nau. Orain berriz, New Yorkeko eragina nagusitu da, modernotzat ditugu gure buruak, nahiz eta gure erreferentziak non dauden argi ez izan. Guzti honen aurrean, edozein artistaren helburua bere nortasuna adieraziz inguruarekiko lotura duen obra eraiki eta horrek nazioarteko hedapena izatea behar du, Txinan ulertzea kasu.
Euskal Herritik oso gutxi atera gara ordea. Abarkadunak gara. Frankoren garaiak izan du bere eraginik. Frantziar, italiar... artistek urteak daramatzate Europan erakusketak egiten, eta hemen, zilborrari begira aritu gara jatortasunaren izenean, kanpora irtetea kutsatzea bailitzan. Kriterio honen arabera arte lokalista bultzatu da.
A. Ez al zarete bakartuegi bizi, bakoitza berera?
A.G. Logikoa iruditzen zait. Arteak, beste alorren moduan, barrura begiratzea eskatzen dio norberari, eta batzuetan bakardadea beharrezkoa da horretarako. Baina prozesu horrek gauza gutxi konpartitzera ere eramaten zaitu denboraren poderioz, zuhurra bihurtzen zara. Artearen mundua oso gogorra da bestalde, bizitzeko diot, oso txikia da denon artean banatu beharreko tarta, banatzeko gutxi dago. Hortik sor daitezke hainbat jarrera kaltegarri.
A. Emango al zeniguke gizarteak artistarekiko duen ikuspegia?
A.G. Artistak barneratu du gizartearen aurrean zomorro arraroa dela. Ez dago bere buruan gehiengoaren esku ulertua izatearena. Erakusketak dira horren adibide: oso jende gutxi joaten da. Obrak ez dira talde handiek onar gaitzaten egiten. Zergatik nabilen honetan? Neure burua asetzeko, eta asko jota, neure ingurukoak.
A. Artearen munduak arrazoi emango al dio Guggenheimi?
A.G. Posibilitate bat irekitzen du Bilbon kultura mailako gune inportantea izan dadin; Madrilera, Bartzelonara joan gabe hainbat obra ikusteko aukerak zabal ditzake ere. Oso maila handikoa izango da gainera, baina izen handiei zuzenduta dagoen heinean, errekurtso gutxiko gure kulturari ez dizkio bere arazoak inola ere konponduko.
Guggenheim etxearen errematea da, teilatua. Oso ederra eta sendoa, baina hormak altxatu behar dira bere funtzioa bete dezan. Azpian etxebizitza sendoa behar du, posibilitate kultural ezberdinak aurrikusiko dituena. Guggenheimez gain, historia honi bizitza emango dioten beste iniziatiba batzuk landu behar dira.
Berriro ere etxea teilatutik hasita egin dugu.
A. Zure obrari galdera handiak egiten al dizkiozu?
A.G. Ez dakit handiak ala txikiak diren, nire galderak egiten dizkiot. Ez dut inor salbatzeko arterik egiten, neure burua salbatzeko baino. Ezin zaio inori bidea erakutsi. Neure bideari duintasunez jarraituz norbaitengan eraginik badut ondo.
A. Artistaren duintasunarekin zerikusirik ba al du artearen negozioak?
A.G. Guztiok daukagu gure kontraesana. Askotan hainbat lan burutu behar izaten dira biziraupenerako. Artistaren duintasunaz hitz egiten dudanean baina, bere lana egiten duenean biluzten den artistaz ari natzaizu. Ezin da arte oportunista egin, hori berehala ikusten da. Interes gehiagoko edo gutxiagoko artea egin daiteke, berritzailea edo ez, baina azkenean duintasunez aritzea da dugun helduleku bakarra.
Negozioa berriz uherra da, aldatzeko aukerarik gabe gainera. Arteak hortik ere pasatu behar du. Ez dugu gure burua negozioari loturik ikusten baina, eta azken batean, artista gutxik egiten dute bere lanetik negozio.
J.J. Petrikorena
J.J. Petrikorena
46-48