«Vietnamekoaren ondoren agintariek kazetarien lana kontrolatzen dute»


2021eko uztailaren 19an
Jacques Pavlovskyri elkarrizketa
«Vietnamekoaren ondoren agintariek kazetarien lana kontrolatzen dute»
JACQUES PAVLOVSKY
Donibane Lohizunen sortu zen, 1931n, mundu osoan zehar ibilitako erreportari ezagun hau. Arkitekturaz liburu bat ere agertu zuen orain dela bi urte. Argazki eta aktualitate giroan buru belarri sartuta egon ondotik, bere herrian bizitzeko asmoak aipatu dizkigu. Baita kazetariek ezagutzen dituzten lan baldintzen aldaketak ere. Agintariek informazioaz duten kontrola aipatu arren, erreportari grafikoen beharra ezinbestekoa ikusten du oraindik.
ARGIA. Nolaz sartu zinen argazkigintza munduan?
J. PAVLOVSKY. Nire aitari esker. Oso argazkilari ona zen. Gure etxean laborategi bat zegoen beti. Euskal Herriko zoko guztiak argazkitan hartu zituen, eta txikitatik segitzen nuen bere lana, laborategian. Han ikusten nuen irudiaren mirakulua nola gertatzen zen. Garai hartan irudia oso erakargarria zen gazte batentzat, gaur egun bideoa den bezala. Baina gaizki ikusia zen familietan. Ikasketa serioagoak egin behar ziren.
A. Zer motatako argazkiak egiten hasi zinen?
J.P. Argazki industrialarekin hasi nintzen.
A. Eta ondoren?
J.P. Argazki industrialaren ondotik publizitate mundua etorri zen. Ilustraziora pasatu nintzen. Libertate gehiago nuen jadanik, eta betitik gustokoa nuen gaurkotasunezko argazkilaritza egiten bukatu dut.
Nire lehen agentzia Rapho deitzen zen. Gerra ondoko agentziarik garrantzizkoena zen. Gero Gama sortu zen, eta honetatik sortu zen Sigma izenekoa, banaketa baten ondorioz. Ni Sigmara joan nintzen. 1974. urtea zen, eta geroztik hor nago.
Oso lan aberasgarria da: medio inportanteak, bidaia anitz, denetan parte hartu, gertakizun nagusi guztiak jarraitu...
A. Zeintzuk izan dira gehien hunkitu zaituztenak?
J.P. Boat People delakoak Txinako itsasoan; Iran-Irak gerra, hamar urtez egon bainaiz han; Saigoneko erorketa, amerikarren ihesa, Mendebaldearen lotsa... asko gogoratzen ditut.
A. Zu bertan geratu zinen.
J.P. Frantziarren artean geratzea erabaki genuen, eta dena ongi iragan zen. 1975ean Kouchner-ekin nintzen Vietnamen. Mediku ausarta, ez show gizona. Ipar Vietnameko tropak Saigonen sartu zirelarik, ebakuntza bat egiten ari zen. Ebakuntza gelan sartu zelarik nagusiak Hegoaldekoak ziren, ateratzean Iparraldekoak. Hauek egin zuten lehen gauza bertan gelditzeagatik eskertzea izan zen. Ondoren elkarrekin joan ginen Txinako Itsasora, vietnamdarrei laguntzera.
A. Nola bizi izan zenuen Iran-Irak gerra?
J.P. Irakiarren aldean nintzen. Hango egoera oso konplikatua zen, bertako Ministerioak dena behatzen baitzuen. Ekintza askatasunik ez genuen. Beraz, kazetari asko joan egin ziren. Nik, aldiz, isildu eta bertan gelditzea erabaki nuen, joko hori onartzea.
24 aldiz egon naiz bertan hamar urtetan zehar, hilabeteko egonaldiekin. Horren inguruan egin behar zen lan, antolaketa eta jostaketa aipatu gabe. Hango sisteman sartu nintzen eta ahalmen asko eskaini zizkidan jarrera horrek. «News Week» eta «Time» aldizkarien laguntza ukan nuen aldiro. Isilean geratzen nintzen. Hilabete edo hilabete t'erdiz egotea lortzen nuen, eta guda eraso bat gertatzen zelarik han nintzen. Lehen planoan nintzen. Horrela lortzen nituen irudi interesgarriak. Orduan, bertako agintariek nire lana onartzen zuten, nire informazioa zabaltzea interesatzen zitzaielako. Bereziki garaile ateratzen zirenean. Horrela jokatuz aukerak daude beti. Irautea zen inportantea niretzat.
A. Nola uler daiteke agintarien jokaera hori?
J.P. Agintariek gure beharra zeukaten, haiek zabaltzen zuten informazioa sinesgaitza baitzen. Gurea, aldiz, pasatzen zen. Baina guztiari so egon behar ginen: hilak zeudelarik, gertakizunak neurtzeko faktore guztiei erreparatu behar genien. Luzaz onartu gintuzten, eta lan bat eman nahi baziguten, edozein lekutan atzematen gintuzten.
Niretzat esperientzia hau Golkoko gerra baino lehen bukatu zen. Joateko esan zidaten, kazetarien kuota gainditua baitzen, eta Golkoko gerra hasi zelarik ez zen bisarik izan niretzat. Nire azken lanak ez ziren beharbada beraien gustokoak izan.
A. Bidaiez gain, pertsonalitate famatuak ere jarraituko zenituen.
J.P. Politika eremuan zabiltzalarik, beti dituzu Mitterrand, Reagan, Aita Santua... Azken hau izan da Sigman ukan nuen lehen erreportaia, eta Vaticanora, plazara, goizeko bostetatik agertu nintzen, jendea heltzen hasi baino lehen nire materiala prest eduki ahal izateko.
Baina orduan ikuskizuna hasi zen. Aita Santua iritsi zenean jendea materialaren gainetik ibili zen. Ez nuen deus ere ikusten.
Denetarik egin behar dugu, prentsa guztientzat lan egiten baitugu: amerikarra, peruarra, frantziarra, edozein herrikoa. Gure agentzia frantziarra da, sistema hori frantziarrek asmatu zutelako. Bestalde, erran behar da Parise bidegurutze handia dela eta argazkia Amerikara baino sei oren lehenago heltzen dela Parisera. Horrek ere abantaila bat dauka, New Yorken bulegoak irekitzen dituztelarik dena prest dutela.
Erratekoa da ere frantses erreportariek beren profesionaltasunaren froga asko eman dituztela hogei urtez. Sistema horretan ez dago hilabete saririk. Gure gastuen % 50 guhaurrek ordaintzen ditugu, eta Frantzian egiten diren salmenten % 50 ere ukitzen ditugu. Nazioartean saltzaileari % 30 ematen zaio eta % 35 guretzat da. Merkatua 42 herrialdetan banatua dago.
A. Argazkilaritza garatzen ari al da zure ustez?
J.P. Telebistak konkurrentzia handia sortzen du, baina argazkia gelditu egiten da. Irudi handiak argazkietan ematen dira, ez telebistan. Ez dakit iraunen duen. Aldaketa teknikoen garaian gara. Banaketa sistema numerikoa ez da ez diapositibetan ez filmeen bitartez egiten. Sistema numerikoa denetan sartua da. Argazkia kamara baten bidez aztertua da, ordenagailuan sartua eta edozein kazetako arduradunak hauta dezake nahi duen argazkia. Botoi bat zanpatu eta kalitate handiko argazkia eskuratzen du bere ordenagailutik, koloretan.
Filmeak ere pittakan desagertuz joanen dira. Igorketa erraztuko da, baina beti behar izango dira argazkilariak. Frontera joateko, arriskuak hartzeko. Hori ez da aldatuko. Begi onak beharko dira, baina lan zailagoa bihurtuko da, kalitate ona gero eta errazagoa izanen baita.
A. Irudiak ba al du lehen bezainbat eragin?
J.P. Argazkilarien lana berriak biltzea eta banatzea da. Ez da eragin gutxiago, askatasun gutxiago baizik. Kazetariak gero eta bideratuagoak dira. Gobernu guztiek dute prentsa bulego bat. Armada guztiek. Golkoko gerra adierazgarria izan da alde horretatik. Telebistan agertu zizkiguten irudi guztiak desberdinki lortu dira, bide arruntetatik atera diren kazetari batzuei esker; eta hori da azken urteetako aldaketa nagusia.
Vietnamen kazetariek nahi zutena filmatu zuten. Kazetari bakoitzak komandante gradoa zeukan eta eskatzen ahal zuen edozein ekintzatan parte hartzea. Horrela, iparramerikarrak jendea torturatzen filmatu zituzten. Irudi harrigarriak. Gerraren ondotik denek erran zuten: «Hori ezinezkoa da». Eta denek antolaketa berri bat sortu dute, hori ekidin asmoz; baina hala ere lan egin daiteke, nahi izanez gero.
A. Edozein momentutan egon al daiteke tresnaren gibelean?
J.P. Noski. Hasi nintzelarik, Biafrara joan behar nintzen eta ordura arte ez nuen erreportaia inportanterik egin. Arazo pertsonalengatik ez nintzen joan eta beste bat joan zen. Hamar egunen buruan itzuli zen deus gabe, sobera zaila izan zela erranez. Orduan pentsatzen egon nintzen, horretan segitu ala ez erabaki behar bainuen. Erreportaria irudiak hartzeko dago, gero badu denbora ea zabalduko dituen pentsatzeko, baina ez doakio berari jokoan sartzea. Gauza larriago bat gertatzen da: batzuetan gertakizuna aldatzen dela argazkilari edo kamara hor dagoelako. Gogora heldu zait Pakistanen gertatutakoa. Soldaduek, kazetarien presentziagatik buru beroturik, aurkako bat hil zuten. Baina uste dut, ezagutzen baititut, kazetariek lan ona egiten dutela. Aldiz, egon daitezke beste mota bateko presio batzuk publizitatearen eraginez.
Oro har, prentsaren askatasuna bizirik dagoela uste dut. Ez dut kontrako egoerarik ezagutu nire erreportaiak zabaltzeko momentuan. Mota guztietako prentsa dago.
A. Jarraitzen al duzu horrelako erreportaiak egiten?
J.P. Hemengoa naiz, hemen sortua eta arras ongi sentitzen naiz nire herrian. Gainera aktibitate anitz dauzkat, eta gero eta zailago zait kanpora ateratzea. Horrelako bizitza batek arazo asko sortzen dizkizu: tentsioan bizi behar, gehiena sakrifikatu behar diozu erredakzio lanari. Joanen naiz oraindik, baina ez luzaz ibili naizen bezala.
A. Euskara ikasten ari zara.
J.P. Hemengoa izanik aspaldiko gogoa zen. Urtetan Irakera joan naiz euskara ikasteko metodo batekin, eta ehunka oren pasa ditut nire gelan, ikasten. Gaur egun AEKn nabil, gogo handiarekin gainera eta aitzintzen ari naiz.
A. Euskaldunen borrokak zer gogoeta ekartzen dizu burura?
J.P. Arazo larria da hori. Bortizkeriarekin bukatu behar dela pentsatzen dut. Uste dut mintzatzeko tenorea iritsi dela, eta Europaren sorkuntza parada ederra da. Bortizkeria borroka horri oso lotua egon da, tortura asko izan da. Frankismoaren garaian erreportaia asko egin nituen eta herri osoak ziren altxatuak; baina gaur egun hitz egin behar da eta zirkulu horretatik atera.
Nire lanen artean gutxien zabaldu direnak Euskal Herriari buruzkoak dira. Kanpoan gaizki ulertutako arazoa da, ez dakit zergatik. Miarritzeko atentatua gertatu zelarik, Tomas Perez hilik gertatu zen hartan, hori zabaldu zen libanizazioa aipatzeko. Alta, hor egon zen kazetaria kasualitatez izan zen. Nik bera ongi ezagutzen dut, eta ez zuen ulertu zergatik sortu zitzaizkion horrenbeste istilu, bera ez baitzen ezertan sartua. Erreportari baten kalitate nagusiak xantza asko eta lasaitasun handiko gizona izatea da.
Ixabel Etxeberria
Ixabel Etxeberria
30,31-34


GaiezKulturaArteaArgazkigintArgazkilar
PertsonaiazPAVLOVSKY1
EgileezETXEBERRI11Kultura

Azkenak
2024-10-17 | Gedar
Espainiako Gobernuak ez die etxebizitza-alternatibarik eskaintzen Gasteizen dauden Gazako bost familiari

Gobernuak aberriratu ondoren, ia urtebetez bizi behar izan dute aterpetxeetan eta ostatu pribatuetan, eta etengabe lekualdatu dituzte. Gaur egun erabiltzen duten aterpetxea urriaren 31n utzi beharko zutela esan zieten azkenekoz, nahiz eta badirudien beste luzapen bat ezarriko... [+]


2024-10-17 | Hiruka .eus
Lan-esplotazioa eta sexu-erasoak egotzita atxilotutako pertsonen taberna margotu dute, Getxon

Hainbat emakume-langile esplotatu eta horiei sexualki eraso egin dieten jabeen taberna pinturaz margotu zuten ezezagunek domeka gauean Getxoko Areeta auzoan. Pinturaz gainera, aldarri bat ere margotu zuten ondoko horman: "Erasoen aurrean klase batasuna".


2024-10-17 | Cira Crespo
Herriaren ahotsa onartuko duzu

Gaur gauean, urriak 17, 88 urte faxistek Jose Ariztimuño, Aitzol, hil zutena. Fusilamendu pelotoiaren aurrean ez zuela isilik gelditu nahi irakurri berri dut. Soldaduei tiro egitea kosta egin omen zitzaien, behin eta berriz agindu behar izan omen zieten su egiteko. Hala... [+]


Lanaldi murrizketaren aurka agertu da Carrefour, Ikea eta Eroski parte dituen banaketa-enpresen elkartea

Espainiako Lan ministro Yolanda Diazen proiektuaren aurka agertu da Banaketa Enpresa Handien Elkartea (Anged): "Joko-arauen aldaketa" ez du onartzen.


Adur Larrea eta Gorka Bereziartua
“Haurrek errazago barneratzen dute magia eta ezustekoa”

"Erraldoiei buruzko ipuina nahi dugu, haur txiki nahiz koskortuagoentzat". ARGIAk enkargua egin zien etxekoak ditugun Gorka Bereziartua kazetariari eta Adur Larrea ilustratzaileari. Emaitza: Abentura erraldoia. Salba dezagun kalejira. "Gauza berriak probatzeko... [+]


2024-10-16 | Leire Ibar
TikTokek bazekien neska nerabeak gizonezkoen aurrean diru truke biluzten zirela

TikTok enpresaren barne-dokumentuen filtrazio batek adierazi duenez, enpresa jakitun zen 15 urteko hainbat neska zuzenekoetan biluzten zirela gizonezko helduek bidalitako txanpon birtualen truke. Sare sozialeko hainbat dokumentutarako sarbidea ahalbidetu zuen akats bati esker... [+]


2024-10-16 | Julene Flamarique
Italiak lehen migratzaileak deportatu ditu Albaniara eta Von der Leyenek ekimena Europa osora zabaltzea proposatu du

Kritiken artean deportatu ditu Italiak hamasei errefuxiatu Albanian eraiki duen "harrera-zentro" batera. Proiektua 2023. urtean erabaki zen Meloniren Italiaren eta Albaniako Ramaren arteko akordio bat izan zela eta, eta "migrazio-kudeaketak bizkortzea" du... [+]


2024-10-16 | Iñaki Murua
On Ángel!

Goiburu hori soilik irakurri eta ezinezkoa nor den edo nor zen asmatzea, baina bazen nor!

Ángel González Olvera, Mexikon ezagutu genuen duela 11 urte bertsolariok hango inprobisatzaileekin jardunaldi batzuetara gonbidatu gintuztenean. Mendi gain batean bizi zen,... [+]


Tlatelolcoko sarraskiaren aitortza

Mexiko Hiria, 1968ko urriaren 2a. Hilabete batzuk lehenago, ekainaren 22an abiatutako ikasle mugimenduak mitin bat antolatu zuen Hiru Kulturen Plazan, hiriko Nonoalco-Tlatelolco unitatean. Mexikoko ejertzitoak eta Batallón Olimpia talde paramilitarrak bildutako ikasleei... [+]


Merkatu librearen mitoa

Erdi Aroan Jaungoikoa jaun eta jabe zen bezala, garai modernotan merkatuaren eta bere lege zurrunen menpe bizi gara. Goi mailako soldata erraldoiak merkatuak zehazten omen ditu; izan ere, Iberdrola edo BBVAko CEO-en sariak beraien arloko merkatuek finkatzen omen dituzte, nahiz... [+]


Hezitopia dinagu zain

Tomas Mororen Utopia liburuko utopiarrek leitzea maite omen zuten. Hizkien bueltako hezkuntza onaren ondorioz, haurtzaroan hasi eta helduaroan ere aritzen ei ziren, inork manatu beharrik gabe, leitzen eta ikasten eta gehiago leitzen. Pentsa, aisialdia horretara emanak bizi zuten... [+]


2024-10-16 | Edu Zelaieta Anta
Bira osoa

Sandra Cisnerosek idatzitako The House on Mango Street mugaldeko liburuan pertsonaia baten txakurrak bi izen ditu: bat, espainolez; bat, ingelesez. Beharbada kontu harrigarria gerta liteke lehen begiratuan, baita liburu baterako ere, baina lasaiago pentsatuz gero ohartuko gara... [+]


Popuerzakoa

Iraileko igandeetan ohitura da gure inguruetan Erniora igotzea, Zelatunen dantzan aritzea eta txorizo muturra, edo, jatea. Eguraldi txarrenaz ere ez da jenderik falta izaten. Aurten lagunak goizago abiatu eta ni berandututa, bakarrik nindoan estratan gora, beherantz zetozen... [+]


Abdallah: Israelen lagun amerikarrek kartzelan hilik nahiko luketen libanoarra

Berrogei urte eginen du urriaren 24an Georges Ibrahim Abdallah libanoarra atxilotu eta preso sartu zuela Frantziako Estatuak, eta horrenbestez Europako preso politiko zaharrena da. Palestinaren askatasunaren aldeko militantea, Libanoko Frakzio Armatu Iraultzailearen sortzailea... [+]


Eguneraketa berriak daude