argia.eus
INPRIMATU
«Presoek nabari dugun ezintasunak burua eta sabela jaten dizkigu»
Garbine Ubeda Goikoetxea @garbineubeda Aitziber Yarza 2021eko uztailaren 19a
Manu Azkarate preso ohiari elkarrizketa
«Presoek nabari dugun ezintasunak burua eta sabela jaten dizkigu»
Manu Azkarate, zazpi urte espetxean igaro ondoren aske utzi duten presoa:
Etxeko atarian topatu genuen Manu Azkarate, hesteetako gaitzak jota baldintzapeko askatasunean irten berria den preso politikoa. Orain 11 urte ikusi gabeko lagun bat agurtzen ari zen Tolosako kalean. Hiru egun besterik ez zeramatzan herrian; txundidura gainetik ezin kendu erantzun zizkigun ARGIAren izenean egindako galderei. Espetxeetan izandako esperientzia azaldu digu batik bat.
ARGIA. Fiskalak zure askatzeari errekurtsoa jarri dio. Noraino uste duzu irits daitekeela errekurtso eta beldur al zara?
MANU AZKARATE. Abokatuek lasai egoteko esan didate, baina ni ez nago lasai. Zazpi urte igaro ditut espetxean eta ez nago prest berriro ere hara itzultzeko. Ni gaitzaren azken fasean ez dagoela esaten dute, baina hori ere interpretazio kontua da, espetxe erreglamenduak gaixotasun larri eta sendaezina dutenak atera behar dutela dio, ez dio ezer azken faseei buruz.
A. Espetxe barnean sendagileen aldetik zein tratu jaso duzu?
M.A. Espetxean odoljarioak eta arazoak izaten nituenean prozesua oso luzea izaten zen. Gainera medikuak ere beldur dira. Ni espetxe batera joaten nintzenean sendagileek ni beraientzat arazo bat nintzela esaten zidaten. Inork ez du nahi ETAkide bat bere espetxean hiltzea. Horrelakoetan, beste egoera batzuetan bezala, amorrua eta ezintasuna sentitzen nituen.
A. Bi urte daramatzate abokatuek zure askatasuna lortu nahian. Aspalditik zaude askatua izatearen zain. Nola bizi izan dituzu urte hauek?
M.A. Nik zorionez ez nuen itxaropen handirik, espetxean dena faltsua da eta ez duzu ezertan sinesten. Abokatuek eta esaten zidaten aterako nintzela, baina ez nekien animatzeko edo benetan esaten zidaten.
A. Nola ikusi duzu Tolosa hamaika urteren ondoren?
M.A. Urbanistikoki asko aldatu da ni joan nintzenetik. Jendearekin egoteko, berriz, ez dut aukera handiegirik izan. Lehenagoko giro hori agian apur bat galdu da. Behar bada gaur egun herrian jendea burgestuagoa dago, hori iruditu zait behintzat.
A. Nolakoa zen Tolosa Ipar Euskal Herrira joan zinenean?
M.A. Nik herri martxoso bat bezala gogoratzen dut, nire gustokoa zen. Nik nere burua asfaltukoa sentitu dut, asfaltuan jaio eta bizitzeko. Mendia ongi dago, baina noizbehinka joateko.
A. Iñaki zure anaia ere espetxean da, zenbat denbora daramatzazu hura ikusi gabe?
M.A. Hiru urte badira ez dugula elkar ikusten. Sakabanaketa hasi zenetik, espetxez espetxe ibili gara, baina beti espetxe ezberdinetan. Bitartean nire ama aste batean batera eta hurrengoan bestera ibili da kilometro ugari eginez.
A. Herrera de la Manchan preso gehienak elkarrekin zeundeten garaia bizi izan zenuen, baina gero sakabanaketa ere pairatu duzu. Nola bizi izan duzu?
M.A. Sakabanaketa Argeleko mahaia apurtu zeneko garaian kokatu behar da. Ordura arte bazeuden preso batzuk sakabanatuta, baina momentu horretan sakabanaketa orokorrari ekin zioten. Bikoitza da, alde batetik, estatu osoko espetxeetan eta bestetik, espetxe barrukoa, bakoitza modulo batean. Sakabanaketarekin epe berri bat hasi zen. Garai hartan hasi ginen preso sozialekin lehen harremanak izaten eta hau oso mundu konplexu eta ezberdina da. Hasieran hau talka gogorra izan zen, baina egokitu egiten zara eta lagunak ere aurkitzen dituzu. Preso sozialak gure aurka jartzen saiatu zen gobernua, baina oro har ez dugu arazorik izan.
A. Presoen artean nola bizi izan dituzue Salto del Negroko gose grebak?
M.A. Amorru eta ezintasunez. Presoek nabari dugun ezintasunak burua eta sabela jaten dizkigu. Egunero gehiegikeriak ikustea eta ezer egin ahal ez izatea gogorra da.
A. ETAk eginiko su eten eskaintzak ez dira agian berdin bizi izan espetxe kanpotik edo barrutik. Zer nolako esperantza zenuten?
M.A. Kanpoan bezala barruan ere esperantzak sortu ziren, agian esperantza gehiegi ere. Horretan autokritikoak izan behar gara eta nik uste triunfalismoan erori ginela, kanpokoen eraginez eta baita egoera pertsonalaren ondorio gisa. Espetxean bizi den edozein pertsonak gehien maite duena askatasuna da, eta alde horretatik su etenak eragina du egoera pertsonala ere alda baitezake.
A. Zuri 60. artikuloaren bidez 3. gradua ezarri dizute. Etxabe eta Urrutiak ere hirugarren gradua erabili dute, baina oso era ezberdinean. Nola ikusten duzu hauen kasua?
M.A. Argi dago nire kasua guztiz ezberdina dela, ni ez bainaiz ezertaz damutu. Hartu dudan konpromezu bakarra borroka armatuan ez sartzea izan da, gaur egun nire egoeran ez baita posible. Baina argi esan nion epaileari ez nintzela damutzen. Esan nezakeen damutzen nintzela, baina nire askasuna ez da ezeren truke, nire askatasuna ez dut duintasunaren truke salduko.
A. Kasu hauek gertatu zirenean presoen sakabanaketaz hitz egiten zen. Horrela al da hau, hala prentsaren asmakizuna besterik ez da?
M.A. Kolektiboa gaur egun 600 preso inguruk osatzen dute eta egunero bi kasu hauek aipatzen ari dira, hau berez adierazgarria da. Egia da zenbait pertsonak kolektibotik kanpo urrats bat eman dutela. Baina zenbat dira? Zer dela eta aipatzen dira bi izan soilik? Sakabanaketa hasi aurretik argi zegoen zenbait jende militante bezala espetxean bukatua zegoela. Barruan bi kasu hauek ez ziren sorpresa bat izan. Jendea nekatzen da, kontzientzia maila altua eskatzen da. Espetxean egun guztiak borroka egunak dira eta ez dago atsedenik. Ez daukazu inor zure ondoan miseriak azaltzeko.
Garbiñe Ubeda / Aitziber Yarza
8-9

GaiezPolitikaEuskal HerrPresoakEspetxeak
PertsonaiazAZKARATE5
EgileezUBEDA1Politika
EgileezYARZA1Politika