argia.eus
INPRIMATU
«Azken urtan gustatzen ez zaidan zinema ezagutzen hasi naiz»
2021eko uztailaren 19a
JUANMA BAJO ULLOA
«Azken urtan gustatzen ez zaidan zinema ezagutzen hasi naiz»
Pertsona bitxia dela entzuna genuen, eta hori buruan, berarekin egin genuen hitzordua. Pantailetan ikusten ez dena ikusi nahian. Baina Gasteizera joan, eta bere etxeko ateak ireki dizkigunean, ile luzeko gazte betaurrekodun bat besterik ez dugu aurkitu. Duen berezitasun bakarra, zinema oso era berezian ulertzea. Bere ziurtagiririk zuzenena, «Txineleta Hegoak», iazko Donostiako Zinemaldiko Urrezko Maskorraren irabazlea.
ARGIA. Montrealgo Zinemalditik etorri berria zara eta egun batzuk barru Tokiora zoaz. Urrezko Maskorra irabazi zenuenetik handik hona ibili zara. Zein neurritan aldutu da zure bizitza?
J.M. BAJO ULLOA. Asko aldatu da, baina egia esan duela hiru urtetik hona nahiko bizimodu berezia neraman. Azken urtean? Ia ez dut etxea ikusi ere egiten, eta bertan nagoenean telefono ondotik mugitu ere egin gabe. Lehen ia dena neuk egiten nuen, baina gaur egun lan asko ingurukoen esku uzten dut. Nere anaia Eduardok, adibidez, lanaren % 90 egiten du. Nik aurpegia jartzen dut eta eta berak giharrea. Horrez gain, laguntzaile asko ere baditut.
Gainontzean, leku eta jende asko ezagutu ditut. Eta, garrantzitsuena, gustatzen ez zaidan zinema ezagutzen hasi naiz. Zinemaren beste aldea. Alde batetik, nere ustez benetakoa den zinema dago, zerbait kontatzeko egiten dena. Bestetik, negozioa dago. Alde horretan, hainbeste irabazi, hainbeste balio. Ezin duzu nahi duzun guztia esan.
Badakit guzti hau jakina dela, baina ikusten duzun arte ez zara jabetzen zein neurritaraino den egia. Hor aukeratu egin behar duzu, eta esan nahi duzuna leunki esan. Denborarekin erromantizismoa galtzen duzu.
A. Zuk ez al duzu nahi duzuna esaten zure filmeetan?
J.M.B.U. Oraindik bai. Agian orain esandakoarekin etorkizuna aurrikusten ari naiz. Baina saiatuko naiz hori gerta ez dadin. Honekin ez dut esan nahi aldatuko ez naizenik. Adibidez, ez litzaidake axolako beste norbaitek eratutako gidoi bat oinarritzat hartuz filme bat egitea. Hori bai, beti nere gauzak gehituz eta diru onak irabaziz. Ez nuke inoiz egingo sexua edo bortizkeria besterik gabe sartzen dituen filme bat.
A. Orain prestatzen ari zaren filmearen prozesu guztia ere zure eskuetatik pasatu da..
J.M.B.U. Hau ongi saltzen bada hurrengoa ere horrela izango da. Aspaldidanik buruan bueltaka dudan istorio bat da. Horrela izaten dira gehienak. Buruan izaten ditut istorioak eta gorde egiten ditut, une egokia heldu zain.
Orain prestatzen ari naizen honen hurrengoa, adibidez. zaharrena da berez. Ez nekien kontatu egin behar nuenik ere. Bapatean konturatzen zara horrelakoez, eta ondoren lanean jartzen zara. Uste dut orain nagoela betidanik buruan dabilkidan istorio hori kontatzeko prest. Teknikoki asko ikasi dudala uste dut eta diru eta aukera aldetik ere erraztasun gehiago izango ditut orain egiten ari naizen filmea ongi badoa.
A. Zer sentitzen da lenenengo fillmearekin sari bat irabazi ondoren jendeak espero duena jakitean?
J.M.B.U. Egoera berezia da oso. Badirudi iazkoa kasualitate hutsa ez zela izan erakutsi beharrean nagoela. Guztiz zentzugabea da. Badago nere aurreko lanak ezagutzen dituen jendea, baina atzo jaiotakoa zarela uste dutenak gehienak dira. Ezin dut nahi dudan bigarren pelikula egin. Lehenik oraingoa egin behar dut. Hau ere nerea da, baina zineman komertziala eta ona den zerbait egin daitekeela erakutsi nahian egingo dut.
Gehienek esan dute nere filmeak elitistak direla, baina ez nago ados. Jende askok ikusi du "Tximeleta Hegoak", zahar zein gazte. Akzio eta suspense pelikulak egin daitezke, benetan onak, ez produktu soilak. Hori erakusten saiatu naiz. Beste gauza bat da lortu dudan ala ez. Hori bakoitzaren gustoen arabera doa.
A. Egiten ari zaren filmean ere suspensea dago. Zergatik duzu hain gustokoa genero hau?
J.M.B.U. Ez dut uste suspensea genero bat denik. Genero guztietan dago. Zinema sortzeko derrigorrezkoa den osagarria da. Hori da suspensea. Heriotza bat gertatuko den ala ez, honek hura ezagutuko ote duen, musukatuko ote dira; Hurrengo planoan zer ibusiko dugun ez dakigun bakoitzean dago suspensea. Hori ez dagoenean dira txarrak filmeak.
A. Oraingoan ere emakumeak izango al dira protagonista nagusiak?
J. M. B. U. Derrigorrez. Emakumeak dekoratu soil bezala azaltzen dituen pelikulak ikusteaz nazkatua nago. Iraindua sentitzen naiz, pertsona bezala. Mundua emakume zein gizonezkoek mugitzen dugu eta hori eztabaida ezina da.
Nere gidoiak egitean emakumezkoengan bakarrik pentsatzen dudala diotenak oker dabiltza. Pertsonaia batzuk sortzen ditut besterik gabe, eta beraien jokaerak ikusi ondoren ezartzen diet sexua. Pertsonaia osatu ondoren erabakitzen dut.
A. Familiak zein paper betetzen du zure zinemagintzan?
J.M B.U Garrantzitsua, guztiz. Mafia txiki bat osatzen dugula esaten dugu askotan. Adierazten erraza da. Laburmetraiak egiten nituenean nahikoa nuen nere lanarekin, baina luzemetraia egitea erabaki nuenean laguntza behar nuen, eta nere anaia Eduardok ere laburmetraiak egiten zituenez, laguntza eskatu nion. Bion artean osatu genuen gidoia, eta bion artean egin genuen lana.
Beste anaia produkzio lanetan aritzen da, eta ama, zer esan? Bera gabe ezinezkoa litzateke "Tximeleta Hegoak" filmatzea, berari esker lortu bait genuen behar genuen dirua. Dirulaguntza ofizialekin ez zen iristen, eta nahiko buruhauste genituenean, etxetik atera zen eta diruarekin itzuli. Oraindik ez dut ulertzen nola komentzitu zituen kreditoa eman zigutenak.
A. Guztiz ahaztu al duzu Super-8a?
J.M.B.U. Bada zuzendari bat zinemako negozioaz nazkaturik laburmetraiak egiten hasi zena. Eta ideia hori oso ona da. Guztiz koherentea iruditzen zait. Nik berdina egingo dudala uste dut.
Laburmetraiak ez dira behar bezala apreziatzen. Ipuin batek hamar orri betetzen baditu inork ez du esaten horregatik txarra denik, baina filme bat hamar minututakoa baldin bada ez dute ikusi ere egiten.
A. Zinemaldi askotan parte hartu duzu. Zer lortu duzu beraiei esker?
J.M.B.U. Asko, baina hala ere ez da formularik hoberena. Iazko Donostiako Zinemaldira adibidez, ez aurkeztekotan egon nintzen. Denek esaten zidaten ez zela lekurik egokiena. Baina arriskatu egin nintzen. Eta hor datza gakoa. Zortea ez da existitzen. Gehiagotan arriskatzen ikasi beharko genuke.
Izan ere, zer lor daiteke zinemaldi batean parte hartuz? Askora jota, saria irabazi eta horrek praktikan ez du gehiegi laguntzen. Beste aukera bat, egokiena nere ustez, lan duin bat aurkeztea litzateke, eta ikusleei gustatzea. Horrela egile madarikatu bat bihurtzen zara. Baina gehienetan gertatzen dena da aurkezten duzun lana inork ikusiko ez duen sekzio batean aukeratzen dutela. Horren ondoren, ezinezkoa da filme hori inon estreinatzea. Nik ere arrisku hori nuen, eta lortu nuen. Horri esker ordaindu nituen filmea egiteko eskatu nituen 40 milioi pezetako zorrak.
A. Zein garrantzi ematen diozu kritikari?
J.M.B.U. Merezi duena, ez gehiago, ez gutxiago. Ongi dago jendeari ezagutzen ez dituen filmeez hitz egitea, baina objetibotasun eza nagusi da. Ez dut ez polizia ez epaileengan sinesten. Inor ez da filme bat ona edo txarra den esateko gai. Gehienez berari gustatu zaion ala ez esan dezake, baina besterik ez. Kritiko askok zuzendari zein aktoreenganako errespetu falta handia dute.
A. Zer da zinema zuretzat?
J.M.B.U. Minik hartu gabe bizitzeko era. Beti izan dut gauzak kontatzeko nahia, eta bide egokiena iruditzen zait. Gainera, ez dut guztiz menperatzen. Askotan gauza asko filmatzen ditut benetako arrazoia jakin gabe, eta gero, filmea bere osotasunean ikustean, zati bakoitzak bere betebeharra duela konturatzen naiz. Inkonszientea da guztiz.
Argazkilaritza baino perfektoagoa da zinema, mugimendua erabil bait daiteke. Eta argazkia eta soinua batuz lortzen dut nere istorioen haria. Bide bakarra da neretzat.

NORTASUN AGIRIA:
1967ko Urteberri egunean jaio zen
Aitak argazki denda bat zuenez, txikitatik ohitu zen irudien mundura
Musika (batez ere rocka) zalea, gitarra ondo ez jotzeak amorru handia ematen dio
Azken urtean irakurtzen hasi dela dio, baina hala ere ez duela denbora gehiegirik
Izan dituen animalia guztietatik, "eta asko jaso izan ditut", orain daukan katua da bere filmeren batean azaldu ez den bakarra
Oso urduria, nerbioak direla eta gastritis kronikoa dauka

Amagoia Iban
35-38


GaiezKulturainemauzendariakBAJO ULLOA1
PertsonaiazBAJO ULLOA1
EgileezIBAN1Kultura