argia.eus
INPRIMATU
«Gaiztakeria da laborariari bere lana egitea debekatzea»
Ixabel Etxeberria 2021eko uztailaren 19a
Michele Alliot-Marie Pariseko legebiltzarreko diputatua UDFren izenean:
«Gaiztakeria da laborariari bere lana egitea debekatzea»
Unibertsitateko irakaslea dugu ofizioz. Berrogeitabost urte ditu eta bere familiak aspaldidanik ditu sustraiak politikan. Bere aita, Bernard Marie, hogei urtez izan da Miarritzeko auzapeza. Michel Alliot-Marie 1986ean Ipar Euskal Herriko kostaldeko diputatua bilakatu zen. Orain, RPRren izenean Pariseko legebiltzarreko diputatu izateaz gain, eurodiputatua ere bada.
ARGIA. Zenbait hilabete daramatzazu Ipar Euskal Herriko herriak bisitatzen. Zergatik desmartxa hori?
M. ALLIOT-MARIE. Nere urrats pertsonala da hori. Nere irudiko, ordezkatzen dudan herrialdearen arazoez jabetzeko ez da aski dossierrak ongi ezagutzea. Hautetsia naizelarik, auzapez eta hautetsi desberdinekin elkartu naiz, haien proiektuak aztertzeko, diru laguntzak eskatzeko, Estatura joz azpiegiturak hobetzeko...
Askotan eskatu behar izaten dut dirulaguntza, elizak eraberritzeko edo eskolak antolatzeko, adibidez. Orain dela gutti arte guzti hori egiten nuen arren, hautetsiak bakarrik ikusten nituen. Orain dela bi urte, herri bakoitzeko, bizpahiru egun hartzea erabaki nuen, herriak hurbiletik ezagutu ahal izateko. Beraz, elkarte guztietako arduradunekin, merkatariekin, herriaren bizia egiten dutenekin elkartzen naiz. Ondorioz, erran dezaket aurkezten dizkidaten dossierrak ez ditudala modu berean ikusten. Urri edo azaro aldera bukatuko dut lan horrekin, ez bait dut hauteskundeetako kanpaina batekin nahasi nahi. Lana izugarri gustatzen zaidala ohartu naiz, herri bakoitzak nortasun azkarra daukala, bereritasunak. Nere herrialdea hobeki ezagutzen dudala iruditzen zait.
A. Laborariekin ere elkartuko zinen orduan. Egoera latzean daude. Nola ikusten duzu laborantzari prestatzen ari zaizkion etorkizuna?
M.A.M. Laborantzari buruz dudan iritzia ez dator bat, urrundik ere, gaur egun Gobernu frantsesak duenarekin. Badugu, nere ustez, laborantzaren beharra, eta ez dugu onartzen ahal eremuak landu gabe uztea, munduaren parte bat gosez hiltzen ari delarik. Filosofia desberdinak ditugu. Produkzio handi baten emateko gai gara Europan. Nere ustez, gaiztakeria da laborariari bere lana egitea debekatzea. Gure laborantzaren etorkizuna kalitatean dago. Bada euskal laborantzako etxalde txikientzat lekurik, laborari gazteak bait ditugu. Honen aitzinean, nere lankideak askotan harrituak gelditzen dira. Jatorrizko produkzioa garatu behar dugu. Esate baterako, hemengo esneak kanpoko esneekin nahasten dira eta ondotik Pirinioetako esnea dela erraten da. Pirinioetako gazta Pirinioetako esnez egin behar da. Eta berdin baserrietako produktuekin. Jendeak diru arazoak dituela egia da, eta askotan supermerkatuetara jotzen da. Baina kalitateaten merkatua sortzen ari da, eta gero eta gehiago, erosi behar denari begiratu egiten zaio. Horregatik, komertzializaziorako bide batzuk eskaintzeko elkarte bat sortuko dut sukaldari frantses batzuekin harremanak sortuko ditut. Hain zuzen, sukaldari batzuek SOS Sustrai elkartea sortu dute janariarekiko dagoen berdintasun prozesuaren kontra. Sukaldaritza mota hobea eskaini nahi dute. Produktoreen aldetik elkarte berdina sortu nahi nuke eta biak harremanetan jarri.
A. Seaska eta Gobernuaren arteko negoziaketak hasi dira berriz ere. Zer nolako estatutua behar luke Seaskak?
M.A.M. Ministroa nintzelarik eredu juridiko batzuk jarri nituen, bereziki irakasleen formakuntzari buruzkoak, nere ustez, Seaskak edozein eskola pribaturen estatutua behar zuelako. Formakuntzari buruz uste dut, hain zuzen, Seaskak behar honen kontzientzia hartu duela eta indar inportantea egin duela alde horretatik.
Bestalde Estatuarekin kontaktu bat izenpetzen bada, eredu batzuk errespetatu behar dira, eskola guztiek errespetatzen dituzten bezala. Nere garaian euskara bakarrik erakutsi nahi zuten, eta hori ez nuen onartzen ahal, legearen kontra zihoalako. Erran behar da ere, gauzak aldatu egin direla. Euskararen irakaskuntza hedatu egin da, eta elebitasunak indarra hartu du irakaskuntzan. Nere formakuntza segitzen nuelarik, erakutsi zidaten lehen mailako ikasketen kanpoko hizkuntza bat erakustea trabagarri zela haurraren ikasteko prozesuan. Azterketek frogatu dute ez dela egia, alderantziz dela. Neri ere ona dela iruditzen zait, baita gela ttipietan ere, eskolatik kanpo ikasteko prozesu hori jarraitzen badu. Erregioetako hizkuntzekiko aldaketa psikologiko inportante bat badago ere politikoen aldetik eta bizkanleen aldetik. Familiek, aterabide profesional on bat ukaiteko frantsesdun ona izan behar zela pentsatu izan dute luzez, eta batzuetan ere frantsesduna bakarrik. Oraindik entzuten dut hori Ipar Euskal Herriko barnekaldean. Frantses Hezkuntza nazionalako filosofia orokorra zen hori, haur guztiek hizkuntza bera ikasi behar zutela.
Mugimendu berri bat sortu da azken 10-15 urteetan, Amerikako kulturaren sartzearekin, badago honelako erreakzio bat Europan, eta gure nortasuna, sustraiak ukaiteko beharra, kanpoko kultura baten onean dena galtzearen beldurra.
A. Akitania eta lurralde autonomoaren arteko harremanak indartzen ari dira.Nola ikusten dituzu?
M.A.M. Europa mailan Atlantikoak hunkitzen dituen herrialdeak bildu gara elkartasunaren izenean arazo berak ditugulako egia erran. Europak ahantzi egin gaitu. Zentroetatik urrun gelditzen gara. Gure garapena eskasa da. Herrialde horien arteko harremanak indartzea inportantea da, baina bakoitzaren interesak zaindu behar ditugu, eta alde bat biziki industrializatua baldin bada, ez da bestea utzi behar industriarik gabe. Nere herrialdeko hautetsia naiz eta defenditu behar dut, ekonomia orekatu behar da eta ez gara bakarrik turismoari lotuak egon behar.
A. .Nolako garapen ekonomikoa iksiko zenuke Ipar Euskal Herrian?
M.A.M. Neretzat turismoa aktibitate inportantea da, jende asko hunkitzen duena. Gure ingurumena, gure kultura, gure ohiturak zaintzen jarraitu behar dugu. Turismo zabal baten kontra nago. Gure erregioa ez da aski handia eta antolatua jende multzo handiak hartzeko, turismo mailan indar berri batzuk egin daitezkelarik oraindik. Turismotik kanpo lantegi ttipi eta ertainak sortzeko gaitasuna daukagu. Teknologia handiko lantegiak sortzeko gai gara, pisuzko industriarik ezin bait dugu sortu, premiazko materiarik ez dugu, eta zentro handietatik urrun bizi gara. Baina beste elementu batzuk ditugu, langile oso onak eta kementsuak, adibidez. Donibane Lohizunen bertan Frantziako bigarren eta hirugarren enpresak ditugu. Eta erregio hau biziarazi nahi duen jendea dugu, hori ere inportantea da.
Bestalde, kanpotik datorren jendearentzat ere leku ezin hobea dugu. Orain dela hainbat urte, enpresa handiak ohartu dira beren arduradunak lan hobea egiten zutela familiatik hurbil eta baldintza onetan. Gurea, Frantziako erregiorik ederrena da, aproposena.
A. Azken urteetako etxe bizitzetako politikak kezka sortu du, azken eraikuntza erraldoiek bereziki. Zer diozu horri buruz?
M.A.M. Uste dut eraikuntza nagusiak 70 hamarkadaren inguruan eginak izan direla, kezka bat sortu da gehiegi eta nolanahi eraikitzen zelako. Baina beste arazo mota bat sortu da ere lege aldetik, eremu batzuk onartu dira eta zenbait laborari semek ezin dute beren etxea eraiki gurasoen eremuetan. Hain zuzen Europa mailan eredu batzuk bultzatuko dira. Biltzar batzuk eginen ditut beste arazo mota baten aitzinean aurkituko garelako. Ingurumenaren zaintzaren aldekoa naiz, baina gehiegikeriarik ez da eragin behar.
A. Irailaren 20ean Maastrichteko Tratatuari buruzko erreferenduma izango da. Zer bozkatuko duzu?
M.A.M. Nik baietz bozkatuko dut, Europako diputatua naizenez. Tratatu horretan okerrik ekarriko duen ezer ez dut aurkitu.
Bigarren puntu arriskutsu bezala aipatzen da: Europako diruarena. Nere ustez hori ez da eginen, berehala behintzat, jartzen diren baldintzak ez bait dituzte herri gehienek betetzen. Tratatu honek ez ditu ondoriorik ukanen praktikan. Aldiz, kanpoko herrientzat ezer bozkatzen badugu, Europari ezetz erraten diogula pentsatuko dute. Jakinez, seguruenaz ere, datorren martxoan berriz ere gobernuan egonen garela, ez digu ezer onik ekarriko gure arazoekiko harremanetan.
Baina egia da jende askok tratatu honen kontra bozkatuko duela. Ez Europaren kontra, baizik eta Mitterrand eta sozialisten kontra. Jendea asea da sozialistekin. Frantziako egoera latza da: hiru miloi dira lanik gabe, lan baldintza txarretan beste milioi bat, eta gutxi gora behera lau milioi t'erdi dira egoera txarrean Frantzian.
A. .Martxoan oposizioa gobernuan bada, lekurik izanen al duzu?
M.A.M. Gauza bakar bat erranen dizut, emazte gutti da politikan, eta beti emazte batzuk behar dira gobernuan...
Ixabel Etxeberria
8-10


GaiezPolitikaEuskal HerrErakundeakParlamentua
GaiezPolitikaEuskal HerrTaldeakAlderdiakUDF
PertsonaiazALLIOT-MARI
EgileezETXEBERRI14Politika