argia.eus
INPRIMATU
"Jazz estiloa benetan jorratzen duen jaialdia eskaini nahi genuen"
2007ko otsailaren 21a
Miguel Martin, Donostiako Jazzaldiko zuzendariari elkarrizketa
Miguel Martin, Donostiako Jazzaldiko zuzendari berria:
"Jazz estiloa benetan jorratzen duen jaialdia eskaini nahi genuen"
ARGIA. Badirudi epealdi berria hasi dela Donostiako Jazzaldian, eta bertan jazz hutsa dela nagusi, garai batean bezala.
MIGUEL MARTIN. Beharrezkoa zen jaialdiaren berdefinizioa; eta bere sustraietara bueltatu baino, jazz jaialdia denez, filosofia honetaz ihardun eta jarraitu behar dugu.
A. Trinitate Plaza berreskuratu duzue jazza jendeari hurbildu asmoz.
M.M. Garai batean zentzurik izan zitekeen belodromoak, aretoa betetzeko gaitasuna zuelako. Jaialdiak, gaur egun, ez du jadanik areto hau behar; eta aurtengo asmoa zen leku zentriko, atsegin eta neurri aldetik egokia aurkitzea. Gainera, udako jaialdia denez gero, Trinitate plaza aukeratu genuen.
A. Udaletxeko terraza eta pleno aretoan ere egingo dira ekitaldiak.
M.M. Bi eratako kontzertuak egingo dira Udaletxean. Lehenengo egunean "Jazz Band Ball" jaia burutuko da eta lau orduz, jazz musika joko den lau agertoki egongo dira. Bertan, sarrera batez lau horietako edozein emanaldi entzun ahal izango da. Bestalde, Udaletxeko terrazaz ere baliatuko gara, eta taberna egongo denez, jendeak modu atsegin eta lasaiaz ikus ditzake emanaldiak.
Klubetan ere burutuko dira kontzertuak, herrietan... Jaialdia ulertzeko era bat berreskuratu dugu jazzaren presentzia iraunkorra izan dadin Donostian eta Gipuzkoako beste herri batzuetan ere.
A. Aurten ez date artista hain ospetsuek parte hartuko jaialdian.
M.M. Gure helburua ez da izan izen komertzialak ekartzea, gaur egun egiten den jazza islatzea baizik.Musika tradizionala egongo da, berria, Lester Bowie kasu, eta swing-etik hasita be bop-era bitarte aukera zabala izango da estilo aldetik. Jazza benetan jorratzen duen jaialdia eskaini nahi genion jendeari.
A. Zergatik ez dute bertako taldeek tokirik egitarauan?
M.M. Hau izan da gure kezkarik handienetako bat. Bilera askotan aztertu dugu gai hau, eta garai batean, jaialdian nengoenean, saiatu ginen edizio askotan Donostiako taldeak egitarauan sartzen. Lehen, gainera, Euskal Herriko musikarien lehiaketa zegoen. Gogoan dugu guzti hau, haina arazoa da lau egunetako jaialdia denez, ez dagoela, garai batean bezala, aukera handirik. Aurten, hala ere, faktore berri bat dago, Kultur Patronatoak jazz kontzertuak antolatzen dituela urtean zehar, eta hauetan bertako taldeek parte hartzen dutela. Udala ez da ahaztu talde hauez, baina ikusi genuen ez zela beharrezkoa bertako taldeek jaialdian parte hartzea. Horrek ez du esan nahi inoiz arituko ez direnik, baina orain beste erakunde bat dago, Kultur Patronatoa, urtean zehar talde hauek bultzatzeko.
47

Gaiez\Kultura\Musika\Musika mode\Jaialdiak
Pertsonaiaz\MARTIN6