argia.eus
INPRIMATU
«Sariketarik gabe ez dago biderik zure lana ezaguna izan dadin»
2021eko uztailaren 19a
Kutxo Otamendik «Nafarroako Jaialdiak» 10. Margo Lehiaketa irabazi du
«Sariketarik gabe ez dago biderik zure lana ezaguna izan dadin»
Kutxo Otamendi pintore gipuzkoarrak «Nafarroako Jaialdiak» 10. Margo Lehiaketako saria lortu du. Epaimahaiak, 166 artistak egindako 216 obren artean aukeratu du «Sin titulo», Otamendik teknika nahasiaz aurten margotu duen formato handiko lan hau.
ARGIA. Zer garrantzia ematen diozu "Nafarroako Jaialdiak" Margo Lehiaketa irabazteari?
KUTXO OTAMENDI. Oso pozik hartu dudan ezustea eta margotzen jarraitzeko pozgarria izan da. Hala ere, egia esan, ez da horrelako pozgarririk behar, ni egunero aritzen bait naiz estudioan. Normalean egiten dudan lana da pintura. Saria, nere lanaren onespena izan da. Hori da neretzat garrantzitsuena.
A. Zein teknika erabili duzu saria lortu duen obra margotzeto garaian?
K.O. Ehuna eta margo akrilikoak erabiltzen ditut. Teknika nahiko korapilatsua da prozesua luzea delako. Koloreak gris eta monotono samarrak dira horrela gardentasunak ager daitezen. Koloreen gardentasuna lantzen dut, geruza mehe eta margo berezi batzuen bidez. Saria irabazi duen obra aurten burutu nuen eta 210 x 200 zentimetrotako neurria du. Formato handiko lientzoak margotzen aritzen bait naiz ondoen.
A. Gaur egun, beharrezkoak al dira saritetak pintura munduan?
K.O. Lehiaketak zortea izan dezakezun ekitaldiak dira. Loteria bezala, edonork izan dezake zortea eta saria irabazi. Margo saridunaren truke dirua ematen badizue pintoreek beren lanak aurkezten dituzte. Diru estra izaten bait da, espero ez duzuna, eta margotzen ari denak gustora hartzen du. Probatzea da.
Bestalde, instituzioen aldetik, gazteei obrak erostera zuzendutako politika dago, eta margo hauek zenbait museo edo aretotan egoten dira ikusgai. "Nafarroako Jaialdiak" lehiaketak, esateko, saria emateaz gain diru kopuru bat erabiltzen du obrak erosteko. Orain dela gutxi, lau erosi dituzte egingo den Nafarroako Arte Garaikideko Museoan ikusgai egon daitezen. Instituzio batzuek horrela dihardute eta nere ustez positiboa da.
Txapelketetan parte hartzen dugu batzuetan. Epaimahaian dagoen jendea interesgarria bada eta gure ideiekin bat badator, aurkezten ditugu gure margoak.
A. Askotan, zoritxarrez, sari bat lortzeari esker agertzen dira artistak komunikabideetan.
K.O. Prentsan agertzea inportantea da, baina badago hori axola ez zaion pintorerik. Batzuetan horrela izan beharko luke beste batzuetan ordea ez, ez dakit. Askotan, egiten duzun lana lehiaketa bat irabazi ondoren ezagutzen da bakarrik, eta egia esan ez dago sariketarik gabe zure obrak ezagutzera emateko bide askorik. Alde horretatik ez dago kultur mugimendu handirik, hemengo artistak bultzatzeko biderik. Gehienetan, zaila da jendeak zure lana ezagutzea. Agian, behar den bezala iharduten ez duten hedabideak daude, lehiaketak bezalako kasu bereziak salbu.
A. Gaur egun hasten den pintore batek baliabide egokiak izaten al ditu margotzeko garaian?
K.O. Guzti hau, bakoitzaren ikuspuntuaren arabera dago. Pertsona bati margotzea gustatzen bazaio eta argi balbin badauka, zailtasunak izango ditu beste arlo guztietan bezala; hala ere, ondorio guztiak kontuan izan ondoren onartzen duzun arazoa da. Ni autodidakta naiz eta urte batzuk dira margotu besterik ez dudula egiten. Une txarrak eta onak izaten dira, batzuetan ez duzu margorik saltzen... Zaila da askotan. Hala ere, orain Arteleku bezalako zentroak daude, beste zenbait artistarekin egoteko nahiz ikastaroak egiteko leku egokiak direnak.
Joxi Goikoetxea
50-51

GaiezKulturaArteaPinturaSariak
GaiezKulturaArteaPinturaPintoreakOTAMENDI3
PertsonaiazOTAMENDI3
EgileezGOIKOETXEA7Kultura