argia.eus
INPRIMATU
Marino Lejarreta: “Ez naiz ondo prestatuta aritu izan Tourrean”
2007ko otsailaren 21a

Zortzi tourretan parte hartu duzu. Bitan bosgarren geratu zara. Gehiago ere egin zenezakeela aipatu izan duzu.

Gehienetan osa zoritxarrez ibili naiz Frantziako itzulian. Azken urteetan nahikoa maila ona erakutsi dudan arren, kaskar aritu izan naiz, eskas eta asko sufrituz. Esperientzia gogorra izan du. Nahiz eta Tourrerako ezaugarri onak ditudan, ez naiz ondo prestatuta joan. Hori izan da arazorik nagusiena seguruenik. 1990ean etapa eskuratu nuenean eta, irabazteko posibilitaterik antzeman nuen, baina berandu zen...

Zer aldatu da urte hauetan, euskal txirrindularitzari dagokionez, munduko proba nagusitzat jotzen den honetan?

Garai batean lehenengo hamarren artean bukatzea osa gaitza zen. Orduan, Tourra bukatzea saritzat hartzen zen. Eta denon artean etapa bat irabaziz gero, asko! Hinault jausi zenetik aldatu dira gauzak pixkanaka. Kondizioak ez dira ordea, hutsetik sortzen. Perurenaren erreleborik ez zen etorri garai hartan, eta oso krisi latza ezagutu zuen euskal txirrindularitzak zulo hori bete artean. Gaur egun berriz, beste mentalitate batez joaten dira hemengo ekipoak, irabaztera. Hori da gehien aldatu dena. Mailak gorantz egin du eta txirrindulariak hobeto prestatuta datoz.

Eta aurtengoa nola dakusazu?

Oso berezia da guretzat, etxetik irteten delako. Aspaldian merezi genuen sari baten gisakoa da aurtengoa. Faboritoen artean, Bugno eta Indurain daude beste guztien gainetik. Breukink ere bai. Euskaldunen artean, Indurain kanpoan utziz gero ez dago irabazteko moduko besterik. Etxabek itzuli ona egin dezake, baina Alpesak aurrekoekin batera gainditzen lana frango izango du.

Zer moduz zabiltza osasunez?

Tirriki-tarraka, aurrera. Oraindik ere esperantzarik gordetzen dut berandu baino lehenago lasterketaren bat egiteko...