ARGIA.- Lau talde ari zarete antzerkia irakasten Ipar Euskal Herrian.
TXOMIN HEGUY.- Bai. Baina Iparraldean ez dugu politikarik finkatu etorkizunari begira, zinez helduen nahiz haurren antzerki lana hobetzeko eta lantzeko. Datorren hiru urteei begira lehentasun bat finkatu behar da berriz ere abiapuntu batean gaudelako.
A.- Ikasle asko parte hartzen ari al da aurten martxan jarri dituzuen ikastaroetan?
T.H.- Bai. Gainera, ikastola batzuetan, irakasle batzuk antzerkiaren alde lan bat egiten hasi dira eta, azken bi urte hauetan, ikastoletako berrehun bat hau bildu dira egun batean eskolan egiten zen lana beste haurrei errakusteko. Ikastoletan lan egiten duten irakasleak antzerki munduan aritu dira, gutxiago jokolaritzan, eta ikasi dutena eskoletako haurrei erakusten diete. Hori oso inportantea da baina funtsezko politika falta da. Badakigu dirua behar dela baina nahikeria ere behar da, eta guzti hau egituratu. Datorren urteetan egin behar den lana da.
Dena den, erran behar da asko poztu garela ikusirik urte honetan hasi ditugun hiru ikastaldiak oso erantzun ona ukan dutela. 20-25 perstsonak parte hartu dute. Amateurrak, profesionalk eta jende beria ere ikusi dugu, Xalbador ikastetxekoak kasu. Nik uste dut geroa horretan dela. Iparraldean momentu honetan dauden taldeak berrikuntza eta hats berri baten beharrean daude eta hori, noski, eginen da jende berriarekin. Hiru ikastaro horietan oinarrituta bilduma bat egingo dugu orain. Gure asmoa da, geroari begira, orain egiten ari garen lana, formakuntza jarraiki batean antolatzea, lan hori sakontzeko, segitzeko.
Ikastaldi eta jende berriaren geroa,, beharbada, azken urte hauetan Donibane Lohizunen egiten den jaialdian egon daiteke. Bertan, Frantzia guztiko gazteak etortzen dira, euskarazko taldeak barne, hiru egunetan burutzen den jaialdira. Euskarazko lanak ere egiten dira eta bada euskaraz egiteko nahikeria.