argia.eus
INPRIMATU
Itziar Aizpurua: «Alderdi politiko batek HBren baitan ez luke zentzu handirik»
Garbine Ubeda Goikoetxea @garbineubeda 2021eko uztailaren 19a
HBko Itziar Aizpuruari elkarrizketa.
Itziar Aizpurua: «Alderdi politiko batek HBren baitan ez luke zentzu handirik»
ARGIA. KAS birrestrukturatzen ari da. Zure ustez, independentea zarenez, zer eragin izan dezake aldaketak HBren baitan?
ITZIAR AIZPURUA. Lehenik eta behin gauzatxo bat argitu nahi nuke. Ni ez naiz independientea. Independentista naiz. Herri Batasunaren disziplinarenpean nago. Egitarau zehatza dugu. eta proiektu politiko bat aurrera atera beharra. Hor ez dago, beraz, independenterik.
Hori esan ostean aldaketak izan dezakeen eragina gero ikusi beharko da. Hala ere gauza handirik ez badakigu ere, gure ustez alderdi politiko batek HBren baitan ez luke zentzu handirik. HBren barruan, KAS, alternatiba edo bloke bezala askoz hobeto legoke alderdi bezala baino. Zentzu honetan, ikuspegi ezkerti eta aurrerakoi moduan, ikuspegi iraultzaile eta bultzatzaile moduan funtzionatuko luke. Horrela, zalantzarik gabe, aurrerapausoa izango da. Dena den, geroak esango digu zuzena den ala ez.
A. Independienteek, terminoa bera argitu baduzu ere, HBn indarra galduko dutela argitaratu berri du egunkari batek. Zer esango zenuke berri horri buruz?
I.A. Barregurea ematen dit. Indarra izatearena gezur handia da. HB, sortu zenetik hona, egoera bakoitzera egokitu da. Koalizio elektoral moduan sartu bazen ere, gaur egun erakunde politikoa da, herrikoia eta zabala. Lehen ez bezala, bere proiektua oso garbi du. Lehengo ESB eta LAIA, edo HASI edo ANV, edo independenteak, denak proiektu berberaren alde daude. Lana ondo banatuta dago. Batzuk modu bateko lana dute- eta beste batzuk bestelakoa. Pertsona batzuk agerian daude, eta beste batzuk ez hainbeste. Horrek komunikabideetan eragina du. Askotan, baten bat orain prentsaurrekoetan ateratzen ez delako, pisua galtzen ari dela plazaratzen dute. Hainbat alderdi politikok gure proiektu eta ikuspegiaren aurka duen jokoa da hauxe. Nahia egiarekin konfunditzen dute.
A. Gaur egun zer aportatzen dio KASek HBri?
I.A. Aportazioa ideologikoa da. Altsasuko mahaitik datozenek, Euskadi independiente eta sozialista bidean egokitu behar horretan une bakoitzeko analisiak eztabaidagai ematen dizkio HBri. Horrek ez du esan nahi gauza guztiak goitik behera onartzen direnik. Hauen aportazioak, eta baita besteen aportazioak ere, egokitu egiten ditugu, eta eztabaida horretatik sortzen da HBk duen ideologia hori.
A. HASI desagertzeak zer esan nahiko luke?
I.A. ESB eta LAIA desagertu ziren lehenagotik. Garai hartan, HB apurtuko zela esan zen; hainbatek alde egingo zuela. Ez zen, ordea, horrela gertatu, alderantziz baizik. ESB eta LAIAk jendeak HBn jarraitzen du. HASIrekin gauza bera gertatuko da. HBk bere filosofia bai bait dauka, eta batez ere politika egiteko modua eta tokia. Herri honetako independentistak eta sozialistak biltzeko dagoen espresiorik zabalena bait gara. Ez dio HBri kalterik egingo. Kontrakoa diot: KAS bezala geratzen bada mesederako izango da.
Garbiñe Ubeda
11

GaiezPolitikaEuskal HerrTaldeakAlderdiakHB
GaiezPolitikaEuskal HerrTaldeakBesteakKAS
PertsonaiazAIZPURUA1
EgileezUBEDA1Politika