argia.eus
INPRIMATU
«Frogatu behar da borroka nazionalista guztiek ez direla eskuindarrak»
Ixabel Etxeberria 2021eko uztailaren 19a
Camille Perrottet, New York-eko Euskadi Komitearen sortzailea:
«Frogatu behar da borroka nazionalista guztiek ez direla eskuindarrak»
Aspaldidanik ezagutzen du Camille Perrottet-ek Euskal Herria Parisen sortua da, eta urte asko egin ditu harantz eta honantz, baina Euskal Herriarekiko duen lotura oso sakona da. New Yorken beste batzurekin Euskadi Komitea sortu zuen 1985ean. Aurten, Hendaian geratu da bizitzen, bere ustez Euskal Herria exenplu eta alternatiba eredu bait da.
ARGIA. Nola sortu zaizu Euskal Herriaretiko kezka?
C. PERROTTET. Eman beharko nuke lehenik, gai politikoak ez direla sekula arrotzak izan neretzat. Nere aita komunista zen, eta ama sozialista. Haurtzaroa eztabaida politikoen artean iragan dut. Aljeriako guda garaian nere etxean biltzarrak antolatzen zituztela oroitzen naiz. Beraz, txikitatik nago giro horretan murgilduta. Erran daiteke bestalde, frantses gizartea politizatuagoa zela.
Ondoren nere borrokak izan ditut. 68ko maiatzaren mugimendua zen lehena. Gero, abortoaren aldeko gatazkak. Parte hartu nuen ere «Femmes en movement» delako aldizkarian, argazkiak eginez.
Jadanik Euskal Herriko egoera ezagutzen nuen eta Parisen biziz, Euskal Herriarekin loturak zituzten jendeak ezagutzeko parada ere ukan nuen, Eva Forest besteak beste.
Geroztik giroa aldatu da eta arrazoi pertsonalengatik Amerikara joatea erabaki nuen. Horrela sortu zen 'Euskal Herriaren Oihua' liburuaren ideia. Euskal Herrian zehar pintatutako muralak eta hiru hizkuntzatan emandako olerkiak bildu genituen bertan. Iparraldeko ikastolen aldeko liburu honetan Isidro Urtizberea, Jokin Apalategi, Eva Forest, Maite Idirin, Eñaut Etxamendi eta Amaia Urtizbereak parte hartu zuten.
A. New York-en Euskal Herri desberdin bat aurkitu zenuen.
C.P. Bai. Kasualitatez gertatu zen. Egun batez, pertsona batek, gure autoko Seaskako pegatina ikusita, New Yorkeko Euskal Etxera etortzeko gonbitea zabaldu zigun. Bertara hurbildu, eta horrela ezagutu genituen hango euskaldunak. Hilean behin bazkari bat egiten genuen, eta denok dantzan eta kantari aritzen ginen. Erroak atxikitzeko gogoak nabarmenak ziren. Jendeak euskaraz hitz egiten zuen.
A. Euskaldunak bakarrik bilten al ziren?
C.P. Ez, noski. Euskaldunak ez zirenak ere hurbiltzen ziren. Ez da bat ere leku itxia. Aktibitate gutti antolatzen da, dantza ikastaroak, esate baterako, jendea nahikoa urrun bizi bait da. Distantziak handiak dira eta honek jendea biltzeko zailtasunak sortzen ditu. Hor egiten zena ez zen lan politikoa, Euskal Etxe guztietan bezala, joera guztietako jendea biltzen bait da. Baina Euskal Herriak gaur egun dituen arazoekiko sentsibilitzazioa sortzeko beharra bazen, eta horrela Euskadi Komitea sortu genuen. Ekin-ekin kontaktoan jarri ginen eta gehien bat informazioa zabaltzea zen gure asmoa. Hilabetean behin edo bi aldiz New York-eko euskaldunei gutun bat banatzen genien, hemengo borrokei buruz informazioa emanez. Amerikan euskaldun asko dago. Dena den, urte asko iragan dituzte han, eta Euskal Herriarekiko erakusten duten elkartasuna nahikoa motza da.
Irlandesek bidaia osoan antolatzen dituzte Amerikan bizi diren Irlandarrak Irlandara eramateko. Bertan, militanteen etxeetan errezibitzen dituzte eta bizirik atxekitzen dituzte beraien erroak. Gainera hango errealitatea askoz hobeto uler dezakete. Ondoren horiek ekartzen duten elkartasuna eta diru laguntza ere horren araberakoak dira. Euskaldunei hauxe bera falta zaielako sortu genuen Komitea.
Filmeak erakutsi genituen. Eta behin Eva Forest eraman genuen hitz egitera. Benetako interesa sortu zen orduan, baina egia da horretan geratzen dela askotan. Kontsulatu frantses eta espainiarraren aintzinean pankartak jartzen genituen bi estatuen politika salatuz. Ez gaituzte sekulan atxilotu.
Bistan da hango prentsak ez zituela horrelako ekintzak aipatzen, bainan bazen irrati bat WBAI deitzen dena, Euskal Herriaren berri ematen zuena. Irrati honi ere informazioa zabaltzen genion. Ez da oso irrati inportantea, baina entzulego interesgarria zuen. Beste ate bat zabaltzea zen guretzat.
A. Ikastolei buruz lanen bat egina duzue.
.C.P. New Yorken komunitate desberdinetako jendeak gehienetan bere jatorrizko hizkuntza atxikitzen du. Haurrak askotan elebidunak dira; txinoz eta ingelesez edo espainolez eta inglesez mintzatzen dira, esate baterako. Beraz, ikastola bat antolatzea interesgarria izango zela pentsatu genuen. Ideia honek ez du oraingoz aurrera egin. Agian datozen urteetan konkretatuko da.
A. Zer balorazio duzu egindako lanaz?
C.P. Uste dut eramaten genuen lana oso baikorra zela. Amerikako prentsan Euskal Herria aipatzen zelarik, ETAk egindako atentaturen bat komentatzeko esate baterako, kontra informazioa egiten aritu izan gara ere, gure mailan noski, jende mugatu bat hunkituz. Inportantea da jendeari beste errealitate bat kontatzea.
Hain zuzen, ONUn euskaldunik ez egotea huts handia da nere ustez. Polisario edo Irlandako borrokaren ordezkariak badira han, baina ez dago euskaldunik.
Alta nazioarteko egituretan lan ikaragarria egin daiteke. Maila horretan, informazioa pasatzea ose inportantea da gauzak aintzinarazten ahal dituztelako. Nazioartean Euskal Herriari buruz mintzatu behar da, gure boza entzun behar dute.
A. Zer iruditzen zaie amerikarrei bertako agintarien politika?
C.P Amerikarrek esperantza galdu dute, politikan ez dute gehiago hauturik. Demokratak eta errepublikarrak berdinak dira. Beraz, morala galdua dute. Aldiz, beste antolaketa mota bat atxeman dute auzoetan. Ez dute bozkatzen, bainan auzoan dituzten arazoei aurre egiten saiatzen dira. Drogaren kontra edo HlESaren kontra aritzen dira, bereziki auzo beltzetan. Horiek arazo konkretu bati buruzko muralak eskatzen zizkiguten, droga, auto istripuak... mugimendu alternatibo bat sortu da. Amerikan zenbait auzotan egoera oso larria da.
Jendeak ez du lanik. Tiket batzuei esker bizi dira. Zer jan badute, ez ditu goseak hitzen, baina ez dute etxerik, ezta jantzirik eta inork ez du ezer egiten. Hamahiru-hamabost urteko neskatxak haurdun dira, inongo laguntzarik gabe. Etsipen ikaragarrian bizi dira. Brooklinen miseria gorrian bizi dira auzo batzuetan.
A. Nolaz hartu duzu Euskal Herriara bizitzera etortzeko erabakia?
E.P. Euskal Herrian dagoen aberastasuna eman nahi diet nere haurrei. Estatu Batuetan dagoen moral bakarra diruarena da. Ezin da jasan. Jende asko dago desesperatuta, drogaren erdian, HIESaren erdian. Ez nien hori erakutsi nahi nere haurrei.
Herri kementsu eta borrokalaria dugu hau. Elkartasun hitzak benetako esanahia dauka hemen. Bilboko manifestaldi eder hartan izan nintzen eta esperantza handiak eman zizkidan etorkizunari buruz.
Erakutsi behar dugu eskuindarra ez den borroka nazionalista ere badela; hautu sozial bereziak eta ezkerrekoak dituen borroka egin daitekeela. Erraten digute komunismoa hila dela, dena bukatua dela. Hori faltsua da. Badira hautu baikorrak eta horiek erakutsi behar dira. Exenplu bat da Euskal Herria, alternatiba erreala.
Ixabel Etxeberria
8-10

GaiezGizarteaEuskal dias
PertsonaiazPERROTTET1
EgileezETXEBERRI11Gizartea