Aintzane Bolinaga, ETBko lankideari elkarrizketa
Aintzane Bolinaga: «Noizean behin lana aldatzea atsegin dut»
Aintzane Bolinaga aspalditik dabil telebistaren munduan murgildurik, baina hiru urte zeramatzan eguneroko albistegiak aurkeztu gabe. Orain berriro ere eguerdi eta arratsaldeko «Gaur Egun»ak aurkezten hasia dela eta berarekin ihardun dugu solasean.
ARGIA. Albistegien itxura aldatu da, baina zein ezberdintasan dago hauen eta aurrekoen artean?
A. BOLINAGA. Kanpotik ikusita batez ere itxura aldatu da, baina edukia kontuan harturik ez dut uste albistegiek aldaketa handiegirik jasan dutenik. Bada albistegi berri hauetan zuzeneko konexio gehiago egiteko asmoa, eta ahal den moduan honi ekingo diogu. Baina ez dut uste aldaketa handirik egon denik.
A. Zer aldakuntza dakarkizu albistegiak aurkezteak?
A.B. Aspaldian ez ditut eguneroko albistegiak aurkeztu eta neretzat hemen etapa berri bat hasten da. Nik banuen gogoa berriro ere albistegietara bueltatzeko, eta egia esan, bai eguerdiko eta bai arratsaldeko "Gaur egun"ak aurkezteko eskaintza oso gustora hartu dut, oso lan polita bait da.
A. Orain eguraldiaren atalaren barnean bereziki baserrritar eta arrantzaleei zuzenduriko berriak ematen dira, zer dela eta berrikuntza hau?
A.B. Nik uste dut entzulego eta ikuslegoa kontuan harturiko erabakia dela. Euskal Herriko arrantzale eta nekazariei baliagarria zaien informazioa eskaini nahi dugu.
A. Zuk aurkezten dituzun albistegietan noizean behineko elkar hizketak egiten dira, zein erizpidez aukeratzen dira pertsonaia hauek?
A.B. Egun horretan albiste nagusi izan denaren inguruko norbait ekartzen saiatzen gara, arazoaren bere ikuspuntua eman dezan. Normalki politikariak izaten dira. Gaueko albistegiko eguneroko elkar hizketak beste zentzu bat du.
A. Zertan ibiltzen zara gustorago, eguneroko albistegietan ala "Hemen eta Munduan" moduko saioetan?
A.B «Hemen eta Munduan»en oso gustora ibili nintzen eta oraingo honetan ere ongi nago. Ni egia esan nahiko ipurterrea nahiz eta noizean behin lana aldatzea atsegin dut. Eguneroko informazioa gertutik jarraitzea nahiago dut nahiz eta erreportaiak egitearen esperientzia ere oso polita izan.
AITZIBER YARZA
61
GaiezKomunikabidTelebistaETBAurkezleak
PertsonaiazBOLINAGA2
EgileezYARZA1Komunikabid