argia.eus
INPRIMATU
«Abesteko tradizio handia dago»
2021eko uztailaren 19a
Itxaro Mentxaka opera munduan izen handia bilakatzeko bidean
«Abesteko tradizio handia dago»
Mezzo lekeitiar gaztea ilusioz beterik ageri zaigu zitara. 27 urte besterik ez ditu eta opera munduan gero eta garrantzi handiagoa hartzen ari da. Bere agenda betean Valentzian Rossini-ren 'La Cenerentola' du aipagarrien 92ko urtarrilerako, eta egindako paperen artean 'Dorabella' nabarmendu digu. Donostian abuztuaren bukaeran Mozart-en 'Requiem'-ean ere parte hartu du arrakasta handiz.
A. Nola izan zen zure hasiera?
ITXARO MENTXAKA. Ikastolako koruan hasi nintzen solo batzuk egiten eta hango zuzendariak aurrera jarraitzeko animatu ninduen. Etxean komentatu nuen eta ondo iruditu zitzaien baina BBBraino ikasi behar nuen eta gero aukeratu. BBB bukatu nuenean kantua ikasten hasi nintzen eta urtebete Bilbon eta gero lau urte Bordelen egin nituen. Aurreratzekotan kanpora joan behar nuenez. "Scala de Milan"eko eskolara aurkeztu nintzen. Ehun lagun ingururen artean bi bakarrik aukeratu zituzten eta hango maisuak eman zidan Valentziako irakasle baten bitartez hara joan eta orain han bizi naiz.
A. Eta orain zertan ari zara?
I.M. Beti dago zer ikasia, irakasleak kontrolatzen zaitu eta desmadratzen zarenean beti eduki behar duzu konfidantzazko pertsona bat zure lana kontrolatzeko. Orain aurrera eta atzera nabilenez ia astirik ez daukat, eta ahal dudan guztietan berarekin egoten naiz, teknikari errepasoa eman eta lan eta lan.
A. Teknika asko landu behar da?
I.M. Ordu pare bat egunero eta gero aparte obraren bat baduzu hori prestatu behar duzu, baina bakarrik abesten ordu pare bat.
A. Nlola aritzen zara, bakarrik edo jende gehiagorekin batera?
I.M. Ez, bokalizatzen eta bakarrik, bokalak gorantz eta beberantz egiten, eta gero sartzen gara partitura batekin, daukazun kontzertua edo programa pianoarekin ikasten. Formazioa konserbatorioan egiten dena da, Bordelen adibidez, solfeoa, pianoa, opera eta musikaren kondaira, arte dramatikoa, hizkuntzak... denetatik ikasten genuen.
A. Hizkuntzek ere garrantzi handia izango dute...
I.M. Euskara eta gazteleraz gain, frantseseraz dakit lau urtez bertan egon naizelako, ingeleseraz eskolan ikasi eta bertan ere izan naizelako, italieraz piska bat eta orain alemaneraz ikasten ari naiz beste piska bat. Abesteko frantsesera eta alemanera zaizkit zailenak; italiera, berriz, errazena.
A. Ikastolako saltotxotik zer moduzko esperientziak izan dituzu?
I.M. Gogorrena orain dela bi urte egin zitzaidan, lanean gogor Bartzelonako Lizeoan eta Madrileko antzokietan hasi nintzenean. Horiek bai esperientzia gogorrak, hor ikusten bait duzu nola zauden momentu horretan, zein posibilitate dituzun. Beno, piska bat listoia jartzen duzu.
A. Zein izaten da mezzo baten bataz besteko adina?
I.M. Mezzo baten ahotsak 30-36 urterarte irauten du eta nik oraindik 27 ditut, ahotsa hazi egingo zait piska bat, gauzak ondo badoaz behintzat.
A. Eta esperientziarik gogoangarriena...
I.M. Asko, gehienak. Gustora bazaude leku batean abesten, ondo ari zarelako usteak animatu egiten zaitu.
A. Kanpora irteteak zer aportatu dizu?
I.M. Dena, ez bakarrik kantuan, maila pertsonalean ere bai. Perspektiba eta ikuspegi osotuagoa hartzen duzu gauzekiko.
A. Euskal Herrian ez dago musika eskola tradizio handirik...
I.M. Abesteko tradiziorik badago, baina lan egiteko zaila dago, ez dago aukera handirik. Urtean zehar oso opera emanaldi gutxi izaten dira, Arriagan ABAOk antolatzen dituenak eta Donostian bakarren bat, besterik ez.
A. Laguntzarik jaso al duzu orain arte?
I.M. Laguntza handia izan dut etxeko eta lagunen aldetik batez ere. Diputazioko beka bat eta Eusko Jaurlaritzako laguntza bat ere izan dut, baina ez da nahikoa izaten, gehiena poltsikotik egin behar izan dut etxekoei eskerrak. Urtetako ikasketa guztiak familiak ordaindu dizkit, zazpi urte egin ditut etxetik kanpo.
A. Profesional moduan gauzak aldatuko zitzaizkizun...
I.M. Bai, kontzertuak badituzu eta egutegia beteta ere bai. Gainera proiektu berrietarako aukera asko handitzen da. Horien artean, urtarrilean lehen kontzertua dut Valentzian, eta horretan daukat ilusio guztia jarrita. 92-93 urteetarako egutegia, berriz, dena lotuta daukat dagoeneko, Lizeoan, Madrilen etab.
A. Opera ala kontzertistika nahingo?
I.M. Biak aurrera eraman nahi nituzke, osagarriak dira nire eritziz. Jende zaletua bietan dago, interesa biek daukate: operan eszenak ere garrantzi handia hartzen du eta kontzertuetan ia ia biluzik zaude.
Patxi Sarriegi
42-43

GaiezKulturaMusikaBesteak
PertsonaiazMENTXAKA1
EgileezSARRIEGI1Kultura