argia.eus
INPRIMATU
Josune Sagardia: «Erlojuaren kontra aritzen gara beti»
2021eko uztailaren 19a
"Kirolez Kirol"eko Josune Sagardiarekin
Josune Sagardia: «Erlojuaren kontra aritzen gara beti»
Lasartearra, kazetaritza ikasketak bukatzen ari da. Hala ere, badira bi urte ETBko kirol atalean lanean hasi zenetik, eta badu beraz, esperientzia nahikoa. Kamara atzeko montaia eta komentario lanetan ohitua, telebista leihotik ateratzea ez zaio, oraingoz behintzat, batere erakargarri egiten.
ARGIA. Astebukaera osoan zehar izaten da "Kirolez kirol" saioa. Hala ere igande gaua izango da zuentzat okerrena, futbol partidu guztien laburpenak egin behar izaten bait dituzue.. .
J. SAGARDIA. Igande gaueko saioa eromena izaten da. Futbolaren arabera ordutegi bat dugu, eta askotan beste lekuetatik bidali behar dizkiguten erreportaiak oso berandu ailegatzen dira. Igandeko saioa gainera, hemengo futbol ekipoek jokatutako partiduen laburpenekin hasten da, eta saltsa ederrak izaten dira. Erlojuaren kontra aritzen gara beti, eta ez dakit nola, baina dena atera egiten da azkenean. Ohitu egin gara nonbait.
A. Partiduak komentatu eta laburpenak egiterakoan ez al da batzutan alde batera edo bastera nabarmenegi jotzen? Nik hala uste dut behintzat...
J.S. Alderantziz, beste medioetako jendea baino objetiboagoak izan behar dugula uste dut, irudietan azaltzen dena baizik ezin bait dugu esan. Egunkari edota irratietako jendea baino objetiboago egiten gaitu irudiak nere ustez. Hala ere gertatu ohi den gauza da normalean talde bera jarraituagatik hark irabaztea nahi izatea.
A. Fubolari dagokionez Osasuna salbu ez dira finegi ari aurtengoan beste euskal taldeak. Saskibaloi eta eskubalolan aldiz, bikain ari dira bai Taugres Baskonia baita Elgorriaga Bidasoa ere. Futbolatik at, nahikoa islada izaten al du ETBn beste gainontzeko horien martxa onak?
J.S. Nik baietz uste dut, baita hain ondo ez dabiltzanean ere. Hor gertatzen dena da futbolean esklusiba daukagula eta ez dela arazorik izaten irudiekin. Saskibaloi eta eskubaloian berriz, TVEk du, eta igandero haiekin burrukatu beharra izaten dugu. Neroni ere pasatu zait horietako partidu batera joan eta zirrikitu batetik grabatzen aritzea, pirata baten moduan. Arazoa hori da.
A. Telebista ezberdinen artean sikulusaltsa ederrak izaten dituzue beraz...
J.S. Bai, baina aspaldiko gauza da. Hori goi mailako kontuak dira, eta antza denez ez dira ados jarri beraien artean. Gero gu izaten gara horrelako situazioetan aritzen garenak. Saskibaloia eta eskubaloiari dagokionez, horixe da situazioa, eta horroxegatik ateratzen dira akaso gauzak ez nahi adina ondo.
ALBERTO IRAZU
69


GaiezKomunikabidTelebistaETBSaioak
GaiezKomunikabidTelebistaETBBesteak
PertsonaiazSAGARDIA1
EgileezIRAZU1Komunikabid