«Eboluzioa nekatuta bezala dago»


2021eko uztailaren 23an
Zarata mediatikoz beteriko garai nahasiotan, merkatu logiketatik urrun eta irakurleengandik gertu dagoen kazetaritza beharrezkoa dela uste baduzu, ARGIA bultzatzera animatu nahi zaitugu. Geroz eta gehiago gara, jarrai dezagun txikitik eragiten.
Jesus Altunarekin
JESUS ALTUNA
«Eboluzioa nekatuta bezala dago»
Barandiaranek, 1958an elkarrekin kobazulo batera sartu zirelarik, bera tresnak aztertzen ari zela eta, Aranzadi berriz giza hezurrak, Jesus Altunari esan zion: «Zergatik ez zara zu animalien hezurrez arduratzen?» Hor ari da, bada, mendian ez bada San Telmoko lantokian, tamaina guztietako hezurrez inguratuta. Zubialdeko aurkikuntza piktorikoa eta gero agobiatuxe dabil, baina guri kontu zahar pare bat esateko hartu du betarik.
ARGIA. Non eta noiz jaio zen Eva?
JESUS ALTUNA Afrika izan zen gizakiaren sorlekua: Hegoafrika eta Erdi-Sortaldeko Afrika. Horretaz ez dago gauza berririk, ikerketak orain dela hamar urte bezalaxe daude.
Australopitekoa ("Hegoafrikako tximua") benetako hominidoa zen ala ez zen, eztabaida handiak izan dira. Antropologoak beti, duda muda horretan. industriari begiratu izan dio: hezurrekin batean lanabesak azalduz gero, hura gizakitzat jo izan da, eta bestela ez. Duela hogeitamarren bat urte bero-bero piztu zen eztabaida horretan, batzuek esaten zuten, australopitekoaren zenbait hezur, letugin eta adar landuta zeudela (hau da, industria osteo-odonteokeratikoa zela), beste batzuek berriz ezetz: hienek-eta beren hortz-karraskez markatutakoak izango zirela. Eta azken bolada honetan, bigarren hipotesi hori nagusitu da: uste denez gutxienik, hura animalia haragijaleen lana izango zen.
Bitartean, ordea, gertatu da, orain dela hamabost bat urte Erdi-Sortaldeko Afrikan homo habilis agertu zela, Orain dela 2.500.000 urteko gizakia: australopitekoa bezain zaharra eta industriarekin; hura baino pittin bat eboluzionatuagoa gainera.
A. Europa deitzen dugun honetara noiz azaldu zen gizakia?
J.A. Mauer-eko homo erectusaren giza-matrailak 600.000 urte izango ditu. Andaluziako hombre de Orce delakoa zaharragoa litzateke: 900.000 urte, baina harena litzatekeen hezur zatia benetan harena ote den, badira zalantzak.
A. Tximinoekiko ikerketa gonbaratiboek noraino garamatzate?
J.A. Egindako probetan ikus daitekeenez, tximinoak berehalaxe iristen dira halako sapai edo muga batera. Har itzazu txinpanzeak, biokimika probatan erakutsi denez gurekin kidetasunik handiena dutenak bait dira beroiek; tximinoetan iaioenak, azkarrenak dira. Hara: sar ezazu txinpaze bat gela honen tamainako kaiola batean. Kaiola horren barruko batean jar ezazu bastoi bat. Jar iezaiozu kaiolaz kanpo jana, bastoiarekin heltzeko moduan. Sekula ez da lortu jaki hura bereganatzeko garita barruko bastoia har dezan txinpanzeak–bi urteko ume batek egingo lukeena. Jana eta bastoia batera ikusi behar ditu tximinoak, bestela ez zaio bururatzen.
A. Zergatik australopitekoa bezalako espezie batzuk galdu dira bidean?
J.A. Egin ezazu zuhaitz bat. Beraren adar batetik aurrena orangutana, geroago gorila, geroago txinpanzea berezi dira–gaurdaino iritsi direnak. Gero beste adartxo bat atera da: australopitekoa. Gero beste bat: homo habilis. Adar horiek ez dute segidarik izan. Neandertalak izan ote du segidarik? Zalantza gehiago dago. Orain uste da azkeneko neandertalak eta lehenbiziko cromagnonak elkarrekin bizi izan zirela Europan: Frantziako Saint Cesare-n neandertala goi paleolitikoko industriarekin aurkitu bait da. Orain arte, neandertala mustier-garaiko industriarekin lotzen zen eta. Artea cromagnonarekin hasi zela, hori badirudi baietz: mustierreko arte arrastorik ez bait da aurkitu sekula.
Hortaz: neandertalak galdu ote ziren? Ekialdeko Europan neandertal batzuk aurkitu dira, Espainia eta Frantziakoak baino hominizatuagoak, gaurko gizakiarekiko hainbesteko ezberdintasunik gabe; beraz Ekialdeko antropologoek uste dute neandertala ez zela galdu.
Zergatik beste haiek galdu ziren? Giro aldaketa handietara, izozteetara, hain egokituak ez zirelako. Beste hipotesi bat: gaurko gizon europarra ez zen bertan sortu, Afrikatik helduko zatekeen –hezurren azterketa biokimikoek hala pentsarazi dute.
A. Gaurko gizakia ere, "via muerta" batean ote da?
J.A. Nik uste eboluzio somatikoa, gorputz eboluzioa, bukatu egin dela. Hara, Darwinek Galapagoetan egindako ikerketetan ikusi zenez, elkarren hurbileko irletako txoriek aparte samar zeuden irletakoek baino antza handiagoa zuten bata bestearekin. Eskandinavian ere, lehen aintzira bakarra zenetik aintzira ezberdinak sortzerakoan, arrainak elkarrengandik isolatzerakoan, hibridatu gabe, zeinek bere bideari segitu dio. Iparramerikako eta Europako animaliek ere, Hegoamerikakoekiko baino elkarrekiko antza handiagoa dute: Hegoamerikan pangolina eta armadilloa bezalako espezieak daude, eta Iparramerika eta Europan felinoak eta bisonteak eta beste. Lehen, Europa eta Iparramerika bat ziren eta, Ertamerikan berriz itsasoa zegoen.
Gauza bera da gizakiarekin: zuhaitz batean bezala, eboluzioa milaka urtetan zehar dibergentea izan da, isolatuta zeudelako. Baina gaur, isolamendua bukatzen ari da, arrazak homogeneizatzen ari dira: joan Amerikara, begira Parisen. Horrek ez du uzten izan dadin berezko eboluziorik. Eboluzio dibergenteak egin du, egin behar zuena. Bestalde, eboluzioa nekatuta bezala dago; hara, nitxo, leku guztiak bete egin dira leizezulorik zuloenetan ere badira animaliak–beraz eboluzioaren oinarri den mutazioa ere agortuta dago.
Beste datu bat: har ezazu Jurasiko aroa. Handik atzerakako berrehun milioi urteetan, hogeitalau intsektu orden agertu ziren, eta ornodunen klase guztiak ere bai. Handik honako berrehun milioi urteetan berriz, ez da klase berririk azaldu batere. Espezie eta familia batzuk bai, baina orden edo klaserik, ezta bat ere. Horregatik uste dut, zuhaitz handi hori bere azkenetan dela. Imajina pago bat: adar handi guztiek eta adartxo gehienek beren heldutasuna iritsi dute; kimu berri gutxi, hemendik aurrera.
Beste arrazoi bat lehen lau hanketan ibiltzen ginen. Eskua, ibiltzeko funtzioa galdu eta lanerako libratu genuen –zutik jarri arte. Zutik gaude, orain atzeraka okertzen hasi behar ote dugu? Selekzio naturalaren printzipioaren arabera –mutazio onak jaso, txarrak baztertu–, ez dirudi horretan batere bentajarik izango genukeenik.
Eboluzio psikologikoa geratuko litzateke, progresoa. Akaso garunak ez du oraindik eman, eman behar zuen guztia. Eboluzio soziala gera liteke: elkartasun handiagoa, sozialismoa –filosofia bezala...
A. Optimista al zara progresoari buruz?
J.A. Arrazoi asko dago pesimista izateko. Orain dela berrogeitamar urte Europan gertatu zena, gerrak... Gerrarik gabe, Europan noski, berrogeitamar urte daramagu, baina hori ezer gutxi da. Eta hala ere, maratoi bat bezala hartuta, bukatzekotan, lehenbiziko ehun metroak ere ibili beharrekoak dira! Nik uste, azkeneko momentuan gizakiak pentsatuko duela eta martxatras egingo duela. Orain kurdoekin zer gertatzen ari den ikusita, ez dakit, esperantza gutxi ote dagoen, baina agian...
A. Haitzuloetako pinturek zeukaten funtzioaz, ba al dago nobedaderik?
J.A. Adornotarako bakarrik ez zirela izango argi dago, bestela ez zituzten hain leku gordeetan egingo. Totemak ote ziren? Magiarako eginak, animalia haiek, pintatuz gero, hurbilduko zirelakoan? Saindutegiak ere izan zitezkeen. Ipar Pirinioetako Niaux-eko kobazuloan oinatzak dituen galeria berri bat aurkitu da: gizon larri batenak eta neska edo mutiko batenak: hura kulto iniziatiboetarako erabil zitekeela pentsarazten du horrek.
A. Gorbeako pinturak direla eta...
J.A. Orain arte aurre-informe bat aurkeztu baizik ez dugu egin. Oraintxe hasi dugu azterketa sakona, analitika osoa eginez, pigmentoetan espezialistak etorri dira... Itxoin egin behar da.
A. .Noiz utzi zituzten kobak euskaldanek?
J.A. Izozte garaia bukatu zenean, ibaietara hurbildu ziren asko. Geroko giza taldeen bizimoduari buruz zegoen hutsunea gero eta gehiago betetzen ari da: Araba aldeko luebakietan mesolitiko eta neolitiko aroetako aztarnategia franko azaltzen ari da. Aldi hartan kobak bizileku ziren oraindik, baina geroz eta gehiago hilak lurperatzeko erabiliko ziren –trikuharrien garaiak ere baziren haiek.
A. Artzain al ziren kobetako jendakiak?
J.A. Bronze aurreko neolitikoan, harria pulitzen hasi zen denbora hartan sortu ziren abeltzaintza, eta nekazaritza, eta zeramika ere. Lehenagokoa noski, goi paleolitikokoa, zakurraren hezitzea da: otsotik atera zuen gizakiak zakurra: ikaragarrizko aurkikuntza. Ardia eta ahuntza berriz Mesopotamiatik ekarri zituzten, hemen ez bait dago haien agriotiporik (basahuntza beste adar batekoa da). Eta gero, berehalaxe, zerria eta behia; hezita ekarriak ala horien hezitzeko teknikak izan ziren ekarri zirenak? Horien agriotipoak bai, bertakoak bait dira: basurdea eta basabehia. Azkeneko basabehia, uro izenekoa, 1695ean hil zen, Polonia eta Errusia arteko Bialowietza basoan –Europa osoko baso natural eta birgen bakarra dena oraindik, berezko bisontea daukana.
A. Euskaldunak inundik etorri ez, baina bertakoak direla teoria konfirmatzeko moduan al gaude?
J.A. Joxe Migelek eta Aranzadik Itziarreko Urtiagan egindako ikerketetan hala aurkitu uste zuten, lur maila baxuetan azil eta madalen garaietako (beraz duela 8.000 eta 11.000 urtetako) cromagnon gizakiaren hezurrak. Azken frogek berriz hezur haiek bronze garaikoak, orain dela 3.500 urtetakoak direla erakusten digute: orduko jendeak zulo batera sartuak. Baina, datak gorabehera, garbi dago oraingo euskaldunak cromagnonarekin antza handia daukala–hemengo tipoak bereiztasun cromagnoideak baditu oraindik eta. Kaukason ugari diren beste tipoen, esate batera alpinoen arrastorik ez dago gurean. Zaldi, zekor, ardi, behi... hitz horiek herriz, ez dira indoeuroparrak, beraz indoeuroparrak (bronze bukaera aldera, Kristo aurreko 1.100. enetan) honantza etorri baino lehenagokoak dira.
A. Zergatik hain mantso, milaka urtez, gizakiaren eboluzioa, eta honen azkar, gauregun?
J.A. Haiek hutsetik abiatu ziren, dena sortu behar zuten, gerokoek erantsi egiten dute; eskolan bezala, ikasi eta erantsi, inbestigazioa ugaldu egiten da. Normala da progresoa gero eta azkarrago joatea. Eta komunikabideak. Afrikan badira pigmeo herri batzuk zeramika eta abeltzaintza ezagutzen ez dutenak, isolatuta. Mesopotamia berriz, bide gurutze ikaragarria zen:
Asia, Afrika, Europako korronte guztiak pasatzen ziren handik: ikasi eta erakutsi. Kanpotik ideiak sartzerakoan, kultura izpirituala aldatu egiten da; Euskal Herrian gertatu dena, indoeuropar garaiko ipuinak atzo arte berdin mantendu dira, baina telebistarekin-eta erabat aldatu da. Mito berriak sortu dira, progreso materiala dei dezakegunari lotuta: zapatilen mitoa, kasu. Lehengo mitoak, laminaketa, politagoak ziren baina.
A. Bueno ba...
J.A. Ez aldegin hau aipatu gabe. (Paper artetik liburu antzeko bat ateratzen digu). Hau Gipuzkoako Karta Arkeologikoa da, arestian bukatu duguna. Orain bederatzi urte honelakoxe lana egin genuen: kobazulo, mairu baratzak... Baina, harezkero, mendizale askok, zer edo zer harrigarrizkorik ikusiz gero mendian, karta hartara jo eta «ño, hemen ez dago ba», abisatu egiten digute: "aizu, ikusi dut..." Horrela beste megalito piloa azaldu da eta, herri-lanak egiterakoan berriz, edo baserritar batek pista bat egin behar duela edo, jo-ta –gehiegitan gertatzen dena–txikitu egin ez ditzan, hemendik aurrera Udaletxe guztietan Karta hau izango da, bertan begiratu eta kontu izan dezaten. Gogo handiz egin dugu lan hau eta orain kobazutaz bigarren tomoa prestatzen ari gara.

NORTASUN AGIRIA
Berrogeita hemezortzi urte, semea, alaba, eta emazte gaztea ditu
Ez haragia maite du horrenbeste, ez animaliarik dauka bere Zorroogako pisuan
Tesia aztarnategietako abere hezurrez burutu zuen, 1 971 n
Arrasateko Lezetxikin Euskal Herriko lehenbiziko neandertala, emakume baten beso hezurra aurkitu zuen berak
Hego Alemaniako barrokoa beste erromanikoa gustatzen zaio–eta gotikoa, eta Ekain, eta Eunate, «altxor zein baino zein ederragoak».

Pablo Sastre
43-47


GaiezGizarteaientziaArkeologia
PertsonaiazALTUNA7
EgileezSASTRE2Gizartea

Azkenak
Erretiroa hartuko du Benito Lertxundik

82 urteko abeslari oriotarrak azken disko bikoitza kaleratu du, Gernikan 2023ko azaroaren 11n eskainitako kontzertuaren zuzenekoa. Eta horrekin bere ibilbideari amaiera eman diola iragarri du.


“Konplexutasuna agertzeko lekua da literatura, ez lezioak ematekoa”

Helduentzako zazpigarren lana argitaratu berri du Uxue Alberdik, hirugarrena ipuingintzan: Hetero (Susa, 2024). Zortzi narrazio bildu ditu liburuan, eta denen abiapuntua izan da memorian geratu eta “noizbait ere honi buruz idatzi behar dut” pentsarazi dion paisaia,... [+]


Materialismo histerikoa
Zuekin nahi dut

Gutxi ateratzen naiz azken urteetan. Askotan esan dut, badakit, baina badaezpada ere. Bertso saio batera joan naiz gaur. “Bejondeizula”. Bai, horregatik abisatu dut gutxi ateratzen naizela, pentsatzen dut zuek kultur ekitaldi askotara joaten zaretela, eta... [+]


Teknologia
Hartzea ematea delako

Azken 15 urteetan dugun Internetak hartu duen bilakaera ikusita, duen eredu teknologiko eta negozio ereduari lotuta, gizatasunaren alde txarrenak areagotzeko tresna dela pentsatu dezakegu. Ideia horrekin konforme ez dauden eragileak sortu dira mundu osoan zehar. Honako... [+]


2024-11-27 | Mati Iturralde
Gogoan ditut

2006. urtean, Baltasar Garzonek, orduko epaile izarrak, errebelazio moduko bat izan zuen, eta jardunbide bat idatzi zuen, terrorismoagatik inkomunikatutako atxilotuen eskubideak bermatzeko. Epaile berak ehunka atxilotu inkomunikatu pasatzen ikusi zituen bere aretotik, horietako... [+]


2024-11-27 | Castillo Suárez
Pertseberantziaz

Bihotzean ditudan oroitzapenik politenetakoak dira. Euskal Filologia egiten ari nintzen garai hartan, eta Arbizuko elkarte batera joan ginen Ruper Ordorikaren kontzertu batera. Han zeuden Rikardo Arregi Diaz de Heredia eta Juanjo Olasagarre. Ez nintzen Arregiri esatera ausartu... [+]


Valentziako ilargia

Duela gutxi, larrialdi klimatikoa zertan zetzan galderaren aurrean, zientzialari batek erantzun bikain hau eman zuen: “Begira, larrialdi klimatikoa hauxe da, zure mugikorrean muturreko fenomeno meteorologikoei loturiko gero eta bideo gehiago ikusten dituzu, eta konturatzen... [+]


2024-11-27 | Mikel Zurbano
Trumpkonomia

AEBetako agintaldi berriak ekonomiaren esparruan ekarriko duena zehaztea ez da lan erraza. Estrategia ekonomiko berriaren ardatza liberalismoaren eta kanpo sektorerako protekzionismoaren arteko uztarketa bitxia izango da. AEBetan aldian-aldian halakorik gertatu den arren,... [+]


Francis Williamsen bikaintasunaren froga

Londres, 1928. Victoria and Albert Museum-era koadro berezi bat iritsi zen dohaintzan: margolanean gizon beltz bat ageri da, ileordea eta lebita jantzita, liburuz eta tresna zientifikoz inguratua. Museoan horrela katalogatu zuten: “Erretratu satiriko bitxia, beltzen... [+]


2024-11-27 | Onintza Enbeita
Aran Calleja. Filmetako musika egilea
“Musikan, emakumeok lan handia egiten ari gara ikus gaitzaten”

Inguruan dituen emakume sortzaileek halakorik izateak harritu egiten du, baina berak urte askotan izan du iruzurtiaren sindromea. Irauteak erakutsi dio, ordea, gauza asko ondo ere egin dituela. 2021ean Espainiako Estatuko Goya saria irabazi zuen
Maite Arroitajauregirekin... [+]


Kolono europarrek Afrikan lapurturiko 500.000 artelanak itzultzeko ariketa nekeza

Azaroaren 4an itzuli die Frantziak benindarrei Katakle errege-aulkia, duela 132 urteko triskantzan frantses kolonoek lapurtu zietena. Memoriaren, aitortzaren eta ondare kulturalaren izenean, Europan zehar dituzten lapurtutako 500.000 objektuak berreskuratu nahi dituzte Afrikako... [+]


Luis González Reyes
“Desazkunderako kapitalismoa gainditzea ezinbestekoa da”

Sustrai Erakuntza fundazioak desazkundeari buruzko jardunaldiak egin zituen Iruñean urriaren amaieran. Han eman zuen hitzaldia Luis González Reyesek (Madril, 1974). Adrián Almazánekin batera 2023an argitaratutako liburua izan zuen oinarri:... [+]


Eguneraketa berriak daude