Mari Carmen Gallastegi, EAko kideari elkarrizketa
Mari Carmen Gallastegi, Ekonomia eta Planifikaziorako Kontseilaria EAren izenean:
«Bakoitzari berea eman behar zaio, eta nork berea defendatu behar du»
Eusko Alkartasunak, partiduan kargu baten erantzule izatea proposatu zionean ez zitzaion politika munduan murgilduko zenik iruditu. Bururatu bai, hala izango zenik pentsatu ez. Eusko Jaurlaritzako Ekonomia Kontsellari berriari desafio polita iruditu zitzaion. Ekonomia ikertzen emandako urteetan ikasitako guztia praktikan jartzeko modu egokia.
ARGIA. EFEri adieraziotakoaren arabera, Euskal Herriaren etorkizun ekonomikoa dela eta, oso baikor agertu zara.
M.C. GALLASTEGI. Ekonomia amerikarra errekuperatzen ari dela dirudi, eta europarrak ez daude aurreko urteetan baino okerrago. Euskadiko ekonomia europarraren eta espainiarraren mende dagoela kontutan hartuta, haienean ondo joanez gero, geurean ere ondo joango da. Espainiako ekonomia adina hazi da Euskadikoa, 90ean %3,7. Europan ez dira denak horretara iritsi, ez dakit, beraz, zergatik larritu behar dugun. Alde horretatik naiz optimista.
A. Bada, ordea, zar konpondu.
- M.C.G. Oinarrizko arazo baten aurrean gaude. 93rako batik bat, Euskadiko ekonomiari modernizazio eta dinamizazio bultzada handia eman behar zaio. Enpresariak kezkatuta daude komertzializazio sareak zabaldu beharrean daudelako, Europarekin lehian aritu behar dutelako. Arazo makroekonomikoak ere badira: inflazioa, interes motak, esportatzeko zailtasunak... Baina ez dira berriak, lehen ere bagenituen halako buruhausteak. Konponbidea bilatzen ari gara.
A. Dinamismoa aipatu duzu. Nola dinamiza daiteke ekonomia?
M.C.G. Sektore pribatuak, hari dagokion dinamismoa, berorrek sortu behar du. Ez dut uste sektore publikoak inposa diezaiokenik euskal ekonomiari dinamizazio prozesua. Politika inteligenteak diseinatzen direlarik, bidea erraz liteke. Azuak politika industriala inbertsio handiagoetara bideratzeak, edo Hezkuntza sailak heziketa hobetzera jotzeak, esate baterako, dinamismoa sortzen du.
A. Prentsan, aurrezteaz mintzatu izan zara. Estatistiken arabera, asko ekoizten da gaur egun. Aurreztu egin behar bada, zer egin genezake ekoiztutako etekinekin?
M.C.G. Ekoizten den guztia saltzen ez bada etekinak pilatu egiten dira. Arazoa, ordea, beste bat da. Demandatu ere asko egiten dugu. Badirudi hazteko behar duguna baino gehiago kontsumitzen dugula. Nola esango nuke elkar hobeto ulertzeko... Gauza bat da periodoa eta bestea denboraren joanean gertatzen dena. Denborari begira, edo etorkizunari begira nahi baduzu, ekonomiak gora egin dezan enpresek inbertitu egin behar dute. Gehiago inbertituz gero, esku-lana beharko dute eta gero eta gehiago ekoiztuko dute. Aurrezten ez bada, ahal den lekutik atera behar izaten da dirua, eta bideratuko den inbertsio hori oso garesti gertatuko da. Aurrezteak lasaitasuna ematen dio enpresariari. Gaurko kezkak utzita, etorkizunaz ardura dadin laguntzen dio. Sektore publikoaz beste horrenbeste esan liteke. Aurrezkinekin karretera, ospitale eta balako beharrei erantzutea inbertsioa da. Kapital fisikoa utzi behar dugu gero gauzak errazago gerta daitezen.
Galde egin izan didate ea zar dela eta ematen dudan eguna aurrezte kontutaz hizketan. Ez naiz bakarra, Boyer ere egun hauetan horrekin dabil gora eta behera. Beharrezkoa iruditzen zait hazkuntza bide egonkorrak lortu ahal izateko.
Horrekin batera babes fiskalak, finantziaziorako erraztasunak sortu behar dira jendeak aurrezteko gogoa izan dezan.
A. Ekonomia eta planifikazio kontseilaritzak ez du batere exekutiborik. Zein da, orduan, bere lana?
M.C.G. Departamentu horizontala da ekonomiarena, erreflexio eta analisietarako sortu dena. Bere baitan Ikerketa zuzendaritza dauka alde batetik. Bestetik Koiuntura zuzendaritza daukagu, hileroko ekonomi azterketa burutzen duena. Bestalde, Planifikazio zuzendaritza daukagu. Azken honen eginbeharrak bi dira. Hasteko, politika erregionalaz arduratzen da. Beste zer egina zera da: komunitatetik ahal den fondo handiena eskuratzea proiektuek ahalik eta laguntza handiena izan dezaten. Gero, sektore publikoarentzako biderik zuzenena zein izango den datozen lau urteotan diseinatu behar da.
A. Zer eratan laguntzen dio departamentuak ekonomiari, batere exekutiborik ez badu?
M.C.G. Bertakook, besterik gabe, antolaketa lanetan jarriz gero, errealitatetik urrun ibiliko ginateke ziur aski. Baina behetik heltzen bazaigu informazioa, oinarrian dauden beharrez ohartzen bagara, hau da, gauza bagara herrialdeetatik, sektore produktiboetatik, enpresetatik datorrena bideratzeko, gai izango gara lehentasunak jartzeko eta esateko datozen urteetan nondik jo behar dugun. Horretan gaude. Gu etorri aurretik bazegoen planifikazio prozesu bat martxan. Hark praktikan zituen zailtasunak nondik hobetu ari gara aztertzen. Oraindik ez dakit non dagoen gakoa.
A. Esana duzu Gobernu zentralarekito inteligentziaz jabetu behar dela. Zer esan nahi duzu horrekin?
M.C.G. Bakoitzari berea eman behar zaio, eta nork berea ondo defendatu behar du. Badugu autogobernurako tresnarik: Estatutua eta Kontzertua. Horretaz gain transferentziena ez da oraindik bukatu. Ondo erreparatu behar diegu Estatutuak eta kontzertuak eskaintzen dizkigun baliabideei. Mundu hori oso dinamikoa da, ez da inola ere estatikoa. Egiten duzunaren neurrian konturatzen zara zabaltzen dizkizun posibilitateez. Lanaren arabera dinamika propioa sortzen dute. Inteligentziak laguntzen du egiten duzun lana inorentzat kaltegarri ez dela konbentzitzeko. Argumentuak asmatzen laguntzen dizu. Gero inposa dezakete indarraren argumentua, baina ni arrazoinaren argumentuaz fido naiz.
A. Zer egin dezake EAEAJ-EE hirukoitzak lehen egin ez denik?
M.C.G. Ez naiz sekula politika munduan sartuta egon. Nere ustez, hiru partidu nazionalisten artean akordioak zehaztea errazagoa da PSOE eta partidu nazionalistaren artean baino. Planteamentuak, nahiz eta gero dibergentziak egon, homogeneoagoak dira. Beraz, politika eta sektore publikoaren arteko koordinazioa hobea izan liteke. Positiboagoa iruditzen zait.
Garbiñe Ubeda
10-11