argia.eus
INPRIMATU
"Egoera grabea da, berehala konpondu beharrekoa"
2007ko otsailaren 21
Santurtziko Udaltzaingoaren nagusia den Gotzon Oteori elkarrizketa.

Gotzon Oteo, Santurtziko Udaltzaingoaren nagusia
"Egoera grabea da, berehala konpondu beharrekoa"
ARGIA. Zein egoeratan dago Santurtziko polizia?
G. OTEO. Herriko polizia bakarrak geu eta Polizia Nazionala dira. Azken hauek lau dira eta kotxe bat daukate. Gu aldiz 65 kidetako taldea gara, baina gogoratu behar da 52 mila biztanle daudela Santurtzin. Dena den Polizia Nazionalak guri pasatzen dizkigu berari iristen zaizkion kasuak, arraroa dirudi baina hala da. Beraz guk mota guztietako lanak egiten ditugu, polizia judizialarena tartean.
Horrez gain beste polizia guztiekin kolaborazio harremenak ditugu, eskatutako informazio guztia ematen dugu.
A. Eta nola sortu da arazoa Barakaldoko epailearekin?
G.O. Erabaki horrek guri trafikoa zaintzea besterik ez dagokigula esan zuen. Erabakia harritzekoa da, prehartua esango nuke eta gero ikusi denez sortu duen iskanbilarekin, erabakia momentuz bertan behera utzi behar izan dute. Udal bakoitzaren egoera eta arazoak ezagutu beharrean, objetiboki, guri deitu ere egin gabe presaka hartu dute erabakia. Agian zenbait presiok eragina izan da, zenbait Gobernadore edo Polizia Nazionalen koarteletatik.
Orain berriz erabakia presazkoa izan ez dadin, kontsultatuko dutela espero dut.
A. Nola ulertzen duzu lege batek hain irakurketa ezberdinak izatea?
G.O. Bai, epaile batzuk orain egiten ari garena legez kanpo dagoela diote eta beste batzuk berriz, hala egingo ez bagenu gure lanari ekingo ez geniokeela, eta legez kanpo arituko ginatekeela azaldu dute. Egoera hau grabea da, argitu behar da lehen bait lehen.
A. Badirudi bai Madrilek eta bai Gasteizek ere, Udaltzaingoa baztertzeko borondatea dutela.
G.O. Gu profesionalki galtzen aterako gara eta noski normalki, baina benetako galtzaile bakarra herritarra da. Herriko polizia baztertzea eta kasu askotan honek betetzen duena beste inork ez betetzea, herritarrek pairatuko duten egoera izango da.
A. Gaur egungo legedia Estatu mailakoa da, baina Euskal Autonomi Elkarteko Polizi Legea martxan dela dirudi.
G.O. EAEk Segurtasun Batzorde lokalak osatzeko gaitasuna dauka, baina ez da halakorik egin, orokorrak besterik ez. Agian Gasteizek gai honi benetan eusteko ordua iritsi da. Epaileekin gertatu bezala, kontsultarik gabe eta nahiko ezkutuan egin da lege proposamen hau baina alkateekin hitzegin ez izana ez zait kasu hontan hain garrantzitsua iruditzen. Nire ustez hemengo bi polizien arteko koordinazio on bat lortu behar da, Ertzantza eta Udaltzaingoaren artean, eta agian duela urte batzuk aipatu bezala udaltzainak Ertzantzan sartzea ez litzateke txarra izango. Baina edonola ere eta lege honi buruz alde batera edo bestera egin beharko banu, ontzat joko nuke. Gainera entzun dudanez zirriborro hau behingoz nahiko definitiboa izango omen da.
A. Baina EAEn ez daude bi polizia soilik...
G.O. Egia da, egungo egoera nahaste bat da. Gasteizen adibidez bost polizia ezberdin batzen dira. Argi dago hainbeste polizia egotea ez dela ona, batez ere Euskal Herrian dagoen arazoarekin. Baina hau konpontzen hasteko, Gasteizko Polizia Legea martxan jarri behar da. Eta gero Ertzantza beste herrietara iristen denean, Udaltzaingoak bere lanekin jarraitu egin behar du.
B. Artola
11

Gaiez\Politika\Euskal Herr\Polizia\Euskal poli\Udaltzaingo
Pertsonaiaz\OTEO1