Baigorri aldera abiatu gara arratsalde hotz batez. Bere betebeharretan aurkitu dugu, etxalde berean daukan atelierrean. Bere emaztea, Kati, Parisera joana zen egun horretan, Filipe bisitatzera. Berarekin lanean diharduen Betti, bigarren semea, herrian bertan tellaturen batean ari dela azaldu digu. Nonnahitik dario apaltasuna, gizon tantai honi. Naturaltasuna gailentzen da oroz gain bere baitan. Hona jarraian, berak prestaturiko kafe baten beroaldira ukaniko solasa.
Hamairu urtetan hasi zen bere aitarekin zurgintzan eta bai zeregin horretan aritu ere beti. Lau seme ukan zituen lehen emaztearekin, hura duela hamabost urte zendu zelarik berriz ezkondu bait zen. Zaharrena Filipe da, 37 urte dituena. Bigarrena Betti, aitari zurgintza lanean segituko diona. Hirugarrena Jojo, Irulegi irratian ari dena. Babi da gazteena, Altxari kooperatiba batean diharduena. Jean Battit, herrian ezagutzen dutenez, Ibaigura koralaren partaide dugu. «Gazteekin ibiltzea biziki gauza ona da, adin bateko jendearendako. Honek beti ideia gisa gazteak atxikiarazi dauzkit. Gazte horietako edozeinekin kurutzatzen naizelarik, beti heldu zait agurtzera; eta bero egiten du bihotzean», esaten digu.
Presoen aldeko "Ahaideak" batasunaren partaide zara. Esaten ahal diguzu, zer den elkarte hau?
"Ahaideak" elkartea, Iparraldean lehenengo jendea preso eramaten hasi zirelarik sortu zen. Aita-amak, anai-arrebak, haien laguntzeko mugimendu bat behar genuela antolatu pentsatuz, elgarretaratu ginen. Haien laguntzeko maneran, hemengo legearen arabera batasun bat sortu genuen.
Hilabete guziz biltzen gara, ikusteko zer problema duten han. Hilabetero dirua igortzen diegu. Horrela uste dut solidarizatzen garela; ikusiz, haiei pentsatzen duten batasun bat badela.
Filipe orain presondegian dago. Alta, zure familiako beste semeek ere, ezagutu dute itzala. Nola eraman duzue egoera gogor hau?
Ardura pentsatzen genuen gure mutikoei. Baina, zer nahi duzu, mundu honetan denek badute gurutze bat eramateko. Gurutze hori bakotxak behar du ibili, eta ahalaz, kanpoan erakutsiz ez duzula arrangura soberarik. Zeren, zure arrangurek ez dute nehor arrainatzen, eta partikularki, nola zurgina naizen, ene ofizioan bortaz borta behar dut ibili. Beraz, ez du balio batzuri eta bertzeri ene penen kondatzen ibiltzeak.
Zu giristino izanki, nola kausitzen duzu, bai zure semeak, hala nola beste euskaldan militante zenbaitek harturiko bidea: hots, biolentziarena, IK erakundeak daramana?
Ni ene partetik bortizkeriaren kontra izan naiz beti. Baina, hain segur, gazte horiek ez dituzte gauzak nik bezala ikusten. Zer nahi duzu, nik badut siniste eta fedea zerbaiten gainean, eta horiek badute fedea gure Euskal Herriaren gainean. Haiei, bide onena hartu dutela iruditzen zaie. Guk ezin ditugu jujatzen ahal egin duten hautuaz.
Nola ikusten duzu egungo gazteria, Baigorrin? Abertzale gunea da, baina gazteen arteto zatiketa aipatu izan da, ez dea hola?
Ez zait iruditzen. Jende gehienak euskararen alde dira. Zenbaitzuri egia erran, ez zaie iruditzen euskara beharrezkoa denik. Nik, ene partetik erraiten dut euskara gure arbasoek utzi ondasun bat dela eta, hura behar dela begiratu. Badira anitzek horrela ikusten dutena. Gero, hainbertze kanpotiar bada sartzen denik, eta haiekin jendea nahastekatzen da, eta euskara geroz guttiago aditzen da haien artean. Bertzalde, nola telebista ere beti haurrendako gauza errazagoa den piztea, eta hura beti erdaraz ari bait da, hortako, euskara zenbait aldiz, zenbait lekutan, bakantzen ari ote den, naski. Bertzenaz, ez dut uste gazteen artean zatiketa ematen denik, ez dute elkarrenganako gogortasunik erakusten.
Hemendik so eginda nola ikusten duzu Hegoaldea?
Nik ene partetik arras untsa. Lehenago ez ginen joaiten biziki urrun Euskal Herrira. Hemen, ondoan, Erratzun, lagun anitz ukan dut beti, mintzairan ez dugu batere diferentziarik batetik bertzera. Anitzekin aritzen gara eleketan zenbait alditan. Erratzu eta Elizondoko jendearekin aiseago kurutzatzen naiz. Bordeleko edozeinekin baino.
Hegoaldean azken urteotan negoziaketa eginkor baten beha dira. Zuk menturazko egoera horrekin batean, Iparraldeko arazpa trenkatzen ahal dela uste duzuia?
Horretaz badira anitz pentsamendu egiteko. Nola azken denbora honetan, libre utzi dituzte kortsikar eta guadalupear, eta horiek, iruditzen zait euskaldunek merezi luketela bertzeek bezala ukaitea. Izan dadin Frantzian ala izan dadin Espainian. Batzuendako lege bat bada, bertzeendako ez du zergatik bertze bat egon behar.
Zure semeak, Filipe, berriki, prentsa bidez, alderdi, talde, eta gainontzeko mugimendu politiko abertzaleen arteko "elkartasun eta batasun"aren beharra aipatu izan du. Zer iruditzen zaizu, berak eginiko gogoeta hori?
Gauza behkoa dela pentsatzen dut. Zeren eta, halako leku tipian gara, halako jende gutti gara gu tartean, eta ez dakit zenbat alderdi garen. Biziki indar gehiago eginen genuke, elgarren artean hobeki entzuten bagenu. Frantziako podereak ðedo Espainiakoakð irri egiten bait du gure artean den bereiztasunaz. Hainbertze alderdi elgarretaratu ordez, aitzina egiteko partez, bata bertzearen kontra aritzen gara, lekuan gelditzen edo gibelkatzen.
Duela urte bat, Filipe bakartasunera kondenatua izan zen. Nola da gaur egun?
Gaur egun biziki hobeki da. Kartzela berean da, baina goiz-arratsaldetan ateratzen da bere gelaskatik, Han atzemaiten ditu presokideak eta ardura mintzo da haiekin. Gero, hark nola eraman duen bakartasuna; behar dut erran, aldi guziz erraiten zigula: "Zer nahi duzu. nik hartu dut bide bat, eta hau haren segida da". Orduan. erraiten zuen: «Ni beha nindagoen egun batez edo bertzean zerbait holako. Enetako ez ezazue arrangurarik izan".
Garai batean txarrena gerta zekiokeela pentsatuko zenuten, ezta?
Hori gauza segurra duzu. Hainbertze aldiz entzun izan dut poliziaren partetik: "Edo hura edo gu izanen gara", "lkusten baduzu zure semea, errakozu errenda dadin". Egon gara anitz urtetan Filipe ikusi gabe, eta orain kartzelan da baina, bederen, badut ikusteko xantza.