argia.eus
INPRIMATU
Fadoa zinemaratzen denean
2007ko otsailaren 21
Manoel Oliveira zinemagilearekin elkarrizketa
Manoel Oliveira: Hogeitamabost filmeren bidea
Fadoa zinemaratzen denean
Manoel Oliveirak ez zuen inoiz Portugal utzi Salazarren diktadurak iraun zuen bitartean. Hamabi filme burutu zituen 1974ko apirilaren 25a arte, bi besterik ez luzemetraiak. 75tik aurrera bizkortu egingo du produzioa: Hamaika, hiru oso luzeak. Hauetako batek, "Oihalezko zapata"k, bost minutu besterik ez ditu behar zazpi ordutara heltzeko. Baina, asko dira, hauezaz gain, burutu gabe gelditu diren projektuak. Salazarrek barreiatutako errautsen azpian sua zegoen.
GALDERA. Salazar boterean jarri berri zela ekoiztu zenuen zure lehen filmea, Douro, Faina Flavial, 1931an. Walter Ruttmannen eragina ikusi izan da, edota Ivensen Zubia-rena.
ERANTZUNA. Ez dut Ivenesen hori ezagutzen. Ezagutzen dudana Euriada, eta egia esan behar bada, Douro egiten hastear nengoela izan nuen haren berri. Ruttmannena oso maite nuen. Baina gerora zerbait zortzekotan teknika besterik ez niola zor ikusi nuen. Giza ikuspegiari dagokionez hurbilago nengoen Ivens edo errusiarrengandik Ruttmannen produziotik baino.
G. Bada dokumental honetan fikzio momentuetarako sarrerarik?
E. Garai horretan dokumentala zinemaren materiarik espezifikoena zela uste nuen. Baina arrazoi ekonomikoak garrantzitsuak ziren oso. Dokumentaletan ez da operadore beharrik, norbera norberaren ekoizle bihur deiteke, Joris Ivens bezala. Lagun batek egin zizkidan argazki artistikoak. Arrazoi sendoak ziren edonor dokumentalen mundura bultzatzeko, baina beste zerbait behar nuela ikusi nuen. Eta egia esan, beldur nintzen, fikziozko filmeak dakarrena ez bait da txantxetakoa, zulo ekonomikoa, zuzendaritza, zailtasun artistikoak. Dena.
G. "O acto da Primavera"tik aurrera "Maitasun Hondoratuak" deitu izan den tetralogiari lotu zintzaizkion. Tristezia sendimendu hori beti, kultura portugaldarraren konstante bat da hau?
E. Bai, fadoa bezala. Kanta hau Lisboari lotuta agertu arren gehienetan, eskualde guzietako eraginak ditu. Fado hitzak patua esan nahi du, eta grekoek zioten bezala: "patua jainkoak baina indartsuagoa da". Malenkonia portugaldarra da, luzaroan geurekin daramaguna. Quibir-eko Alkazarreko gatazka ondoren, edota Hiru Erregeenarenaren ondoren, hila dugu Dom Sebastian Errege, Portugalen zortea aldatu da. Garai honetatik aitzina etengabeko gainbeheran hasi ginen. Dom Sebastianen mitoak gaur arte dirau.
G. Aktoreen begirada zuzentzeko orduan badirudi puntu zehatz bati begira direla guziak. Zeri begira?
E. Historia berriro ere. Sandadea zer den azaldu beharko litzateke. Itzulezina da. Filosofikoki ez da galdu dena, etortzeko dena baizik. Datorrenganako nostalgia da. Utopikoa. Utopia Bostgarren Inperioa izan da, Dom Sebastianen asmoa: Munduaz jabetu, errege bakarra, erlijio bakarra harmonia bakarrean.
G. Zure filmetan geografia, historia bera maitasuna aurrera eramateko eragozpen diren sentimendua dugu.
E. Bai, maitasunaren inguruko errealitatea hori da. Maitasun pasiozkoak absoluturako joera du. Baina gauza ezina da abstrazioan, konkretuan, gizartean behar da.
G. Zure pertsonaien gartzelak zer ikusirik badu Portugaleko errealitatearekin?
E. Bai, inoiz izan gabeko inperioa da. Amets bat da, azalpean erligioa duen amets bat. Mundua kristautu. Aita Santu berbera ororentzat. Gerrarako harmonia da, mundua menperatzeko. Bihotz eta izpiritu berbera guziok.
G. Ikuspegi bateratzaile hau Hiroshimaz, Vietnamez edota Biafraz "Udaberriko misterioa"n duzun ikuspegian salatzen dituzu.
E. Katastrofe guziak Bostgarren Inperioaren kontrakoak dira, harmoniaren kontrakoak. Nire kasua filmean harmonia Gioccondak adierazten du. Picassoren Gernika beste muturrean legoke, orekarik gabeko munduaren sinbolo.
G. Abel Gance zinema totalaz mintzo da, arte guzien sintesia litzatekeena.
E. Bai, baina hurbilketa bat da. Oro da, ez da deus. Zinema kristale zati ttikiz betetako gela esferikoa da. Berra bakoitzak eskenaren alderdi bat erakusten du, baina eskenak beti berdin segitzen du. Zinema totala esfera osoa litzateke, aukeren infinitasunera hurbiltzeko era bat.
J.M. Heritz
50-51


Gaiez\Kultura\Zinema\Zuzendariak\OLIVEIRA1
Pertsonaiaz\OLIVEIRA1
Egileez\HERITZ1\Kultura