Zarata mediatikoz beteriko garai nahasiotan, merkatu logiketatik urrun eta irakurleengandik gertu dagoen kazetaritza beharrezkoa dela uste baduzu, ARGIA bultzatzera animatu nahi zaitugu. Geroz eta gehiago gara,
jarrai dezagun txikitik eragiten.
Mikel Laboari elkarrizketa.
Mikel Laboa: "Gauzak ondo esplikatzen jakingo banu ez nuke kantatuko"
Mikel Laboak ez ditu elkar hizketak maite. Ez eta hitzegitea ere. Mikelekin itxoiten jakin behar da, aukera handiren bat topatu arte. Hamaika talde gaztek eskaini dioten "Txerokee" diskoak, beraz, ireki dizkigu bere etxeko ateak. Euskal Herriko txerokee handiena izendatu dute dagoeneko, gaztetako "tanganito" hura "punkaren aitona" bihurtuz.
ARGIA. Atera berria da Txerokee, zuk kantatzen dituzun abestien bertsioez osatutako diskoa. Zer iruditu zaizu talde berri hauek eskeini dizutena?
MIKEL LABOA. Beti da interesgarri gazteen musikarekiko ardura, eta oso pozgarri zeure lanaren inguruan egiten dutenean. Gu ere gazte izanak gara. Oso gustora hartu ditut kantuen irakurketa desberdin horiek.
A. Taldeak, ordea, gustatu al zaizkizu?
M. L. Bai. Egia esan, duela urtebete eman zidaten ideia horren berri. Hala ere, grabazioaren gora beherez, behar izan duten denboraz, eta halako kontutaz, jakin, ez nekien ezer haundirik uztailan ale bat eman zidaten arte. Kasualitatez, Errazun nintzen Delirium Tremens-ek kontzertua eskeintzen zuen batean. Bertara hurbildu eta nere harridurarako "Baztan" jotzen hasi ziren. Orduan diskoa grabatzen ariko ziren, nonbait, eta proba modura joko zuten. "Baztan" dudan kantetatik lirikoena izanik, eta Delirium Tremens bezalako talde batek horixe bera aukeratzea sorpresa handia izan zen neretzat. Irakurketa diferente horiek, esan dizut, harrigarriak eta aldi berean ederrak iruditu zaizkit.
A. Zergatik uste duzu aukeratu zaituztela Xabier Montoiak eta hamaika talde horiek halako disko bat sortzeko?
M. L. Ez dakit. Haiek esan beharko dizute.
A. Zer ikusiko ote zuten zuregan... Bide esperimentalak jorratu dituzulako izan al daiteke?
M. L. Ez dakit. Besterik aukera zezaketen ni aukeratzen nauten bezala. Aurkezpenean esan zuenaren arabera, tanta tradizionalak, sozialak eta esperimentalak bildu ditudalako.
A. Kortatu taldeak "Ehun ginen"en bertsioa grabatu zuenean zuk ere parte hartu zenuen. Zer harreman duzu oraingo talde, nolabait esateko, "rockero"ekin?
M. L. Beno, harremanik ez dut. Fermin ezagutzen dut pertsonalki. Hark eskatuta eta hark hala nahi izanda grabatu nuen Kortaturekin. Proposatu zidanean "Zinta pasa, entzun eta ikusiko dut zer aporta dezakedan" erantzun nion. Gero, bigarren ahotsa jarriko banio poliki geratuko litzatekeela otu zitzaigun, eta halaxe egin ere. Zure galderari erantzunez... Ez dakit, zaila da geure eta haien munduaren arteko komunikazioa azaltzea.
A. Ferminek oso "rockeroa" zarela esan zuen garai hartan...
M. L. Je, je... Kalean ere bitan agurtu naute nere aldamenetik pasatzean "Kaixo, abuelo del punk!" esanaz. Hala bada... je, je!
A. Txartzat hartzen al duzu?
M. L. Ba... nitaz zer esaten duten eta zer naizen pentsatzen hasten banaiz egun gorri daukat!
A. Talde berrien "aita" moduan hartu zaitu hainbatek.
M. L. Aztertu beharreko kontua da hori. Nik izan ditut nere eraginak. Euskaraz kantatzen hasi aurretik Atahualpa Yupanki eta Violeta Parra kantatzen aritzen nintzen. Atahualparekin berarekin ere kantatu izan nuen Donibane Lohitzunen. Garai hartan gure kanta zaharrak ez ziren ezagunak Hegoaldean. Ximun Haranek grabatutako zinta bat ekarri zidan orduan lagun batek. Pelotari honek edonora joanda ere magnetofoia eramaten zuen, tabernetan kantatzen zena biltzeko asmoz. Gerora disko bihurtu zen kanta herrikoi bilduma entzun bezain pronto konturatu nintzen bide hura zegokidala eta ez ordura artekoa. Hauetxek izan ziren nere hastapenak. "Haika mutil" bezalako kantu tradizionalak neretzat zubi izan ziren bezala, ni ere beste horrenbeste izan ninteke musiko berri hauentzat. Garai hartan zaila zen denetatik entzun ahal izatea. Folk mundua zen gehienbat heltzen zena, Bob Dylan, Joan Baez... Gaur egun, zentzu horretan, eraginak handiagoak dira, era askotakoak.
A. Gero kanta esperimentalei ekin zenien.
M. L. Bai. Ez naiz oso ondo gogoratzen nola hasi nintzen metalengoaia horretan. "Lekeitio"k gerra garaian ezagutu nuen Lekeitioko baserri batekin zerikusi handia du, hortik dator, hain zuzen ere, tituloa. Bertako berbaren musikalitatea inpakto handikoa izan zen neretzat. Geroztik maiz joan izan naiz baserri hartara. Fonema eta espresibitate diferenteak ikusirik, ohartu nintzen komunikatzeko bide desberdinak daudela konbentzionaletik aparte, irrintziak... gorputzarekin ere komunikatzeko biderik badugu. Neri ahotsa bidezko komunikazioa ateratzen zait gehienetan.
A. Bertako poetak ere musikatu dituzu. Zer aportatzen dizute poemek? Nola aukeratzen dituzu?
M. L. Normalki, irakurtzen ditudan poemen artean, batzuk gehiago gustatzen zaizkit, deigarriak iruditzen zaizkidalako, mundu berezi batean sartzen nautelako edo nere burua espresatzeko balio dutelako. Sarri atzera jotzen dut, eta berriro begiratzen ditut irakurritakoak. "Lizardi", adibidez, irakurri orduko gustatu zitzaidan, baina denbora asko pasa zen musika asmatu nion arte. Askotan azalpen logikoa eskatzen zait, baina hain txarra naiz gauzak esplikatzen! Marixolek, nere emazteak. Isadora Duncan-ek botatakoa neri oso ongi egokitzen zaidala esaten zidan lehengoan. Halaxe zioen gutxi gora behera dantzariak: "si me explicase con palabras no tendría porqué bailar". Arrazoi du nere emazteak. Azken finean, gauzak behar bezala esplikatzeko ahalmenik banu ez nuke kantatuko. Nor bere komunikatzeko modura moldatzen da.
A. Nola sortzen dituzu kantak. Lehenengo letra aukeratzen duzu, doinua sortzen duzu lehenik. ..
M. L. Denetik. Batzutan musika beste ezeren aurretik sortzen duzu. Bestetan, aldiz, aukeratutako letrari egokitzen diozu zure musika, "Izarren hautsa horrela egin nuen". Zaila da musika bati letra jartzea.
A. Laguntzarik ba al duzu musika sortu behar duzunean?
M. L. Musika sortu nik egiten dut. Konponketetan Iñaki Salvador-ek laguntzen dit. Zorte handia izan dut musikoekin. Onak tokatu zaizkit. Jende gaztea da baina oso jantzia. Jazz mundua ere ezagutzen dute. Musika Kontserbatoriotik atera dira bai Iñaki Salvador eta bai Josetxo Silguero.
A. Disko mordoa duzu etxean, zer entzuten duzu, zer gustatzen zaizu?
M. L. Denetatik entzun behar dela uste dut, Jazza, Folka, Rocka... Neri Mozart izugarri gustatzen zait, monstruo bat iruditzen zait. Stravinski,... Lighetti oso musiko ona da. Semeak rocka askotan jartzen du, eta gu galdezka ibili beharrean gaude, norena den, zer den, "hardcore" eta hauek denak semeak erakutsi dizkit. Irekia naiz denetatik entzuteko.
A. Tangoak ere entzungo dituzu,...
M. L. Orain ez, baina hamasei-hamazazpi urtekin etengabe kantatzen nituen, "tanganito" deitzen zidaten eskolan. Esan liteke "Lizardi" hortik atera dela. "Komunikazio-inkomunikazio" ere alde horretatik doa nolabait. Tangoa nahiko romantikoa da, baina badu bere zera... enkantoa. Oso modan jarri da, aspaldi honetan, garai bateko musika. Talde batzuk, ordea, gehiegi jotzen dute atzera. Tira! nahiko aspergarri dira azkenerako.
A. Jazza ere entzungo duzu.
M. L. Bai, korronte guztiak. Aurten penatan geratu naiz Gasteiza ezin izan dudalako joan. Urtero joan izan naiz.
A. Nola ikusten dituzu estudio kontuak, grabazioak, produkzioa...
M. L. Grabatzeari dagokionez asko erraztu dira gauzak. Bertatik bertara ditut estudioak, azken aldi honetan Elkar-ekin grabatu dut. Teknikoak txukunak dira, dudan ekipoa ere ez da batere makala. Arazoa distribuzioa izaten da. Euskal herrian bakarrik banatzen dira gure diskoak. Gutxi ateratzen gara hemendik kanpora. Ez naiz gutaz, beteranotaz bakarrik ari, jende gaztearentzat oso interesgarria da hori. Hain mugatuta egotea ekonomikoki problematikoa bada ere, beharrezkoa batez ere zera da, egiten ari zaren lana apur bat azaldu ahal izatea, bai Euskal Herrian eta baita kanpoan ere, eta ez Madrilen, Parisen eta Barcelonan bakarrik, urrutiago ahal bada. Multinazional batean ez bazaude oso zaila da zure lana hemendik kanpo distribuitzea. Pena handia da, Euskal Herrian gauza interesgarri asko egiten ari bait da jendea. Minoritario izateak ondorio hauxe dakar. Konponbidea aurkitu behar litzatekeela uste dut, frustrantea gertatzen bait da batzutan.
A. Famatu guztiei bezala pelikula eskeintzarik egingo zizun baten batek...
M. L. Bai eskatu, bat edo beste bai, baina ezezkoa eman diet.
A. Lotsatu, ala?
M. L. Akaso bai. Dena den momentu txarretan eskeini didate. Kantagintzarekin jo ta fuego ari nintzenean. Nik, gainera, ez dut esperientziarik inongo paperik egiteko. Ez naiz ausartzen.
Garbiñe Ubeda
"disko bat kaleratzen duzunean arazoa distribuzioa izaten da. Euskal Herrian bakarrik banatzen dira. Gutxi ateratzen gara hemendik kanpora".
Mikel Laboari pelikularik egiteko proposamenik heldu zaio, baina ez da horretan ausartu.
40-43
GaiezKulturaMusikaMusika modePertsonakAbeslariakLABOA1
PertsonaiazLABOA1
EgileezUBEDA1Kultura