argia.eus
INPRIMATU
T. Etxaburu: "Administrazioko ikasleek mantentzen dute gure matrilulaketa"
2021eko uztailaren 23a
Bilboko Elkarlan-eko Teo Etxabururi elkarrizketa.

BILBOKO EUSKALTEGI HOMOLOGATUAK ELKARLAN-EN BILDUTA
T. Etxaburu: "Administrazioko ikasleek mantentzen dute gure matrilulaketa"
Bilbon helduen alfabetatze euskalduntze lanean ari den Elkarlan-ekin solastatu gara matrikulaketa aferaz. Elkarlan-en biltzen dira Gabriel Aresti, J.M. Zabala, Uribarri eta Bilbo Zaharra euskaltegi homologatuak, bakoitzak autonomikoki funtzionatzen duela.
Pasatu den astean AEKko ordezkariekin mintzatu ginen matrikulazio gai larriaren inguruan. Aste honetan Elkarlan bilbotarrekin, hurrengoetan jarraituko dugularik HABE eta Ikas eta Ari-ko eritziak biltzen.
ARGIA.–Ezkor samar ikusten da orohar helduen alfabetatze euskalduntzearen etorkizuna. Zein da zuen eritzia?
TEO ETXABURU.– Kontua da helduen euskalduntze alfabetatzea lotua dagoela euskaren egoerarekin berarekin. Zentzu honetan ez da zuzenean lotu behar matrikulazioa eta egoera bera; euskararen erabilpena behera badoa matrikulazioa ere beherantz joango da, momentuz mantendu arren. Kontzientzia aldetik euskararen aldeko giroa beherantz doa ez dakit "ghetoa" hitz egokia ote den baina halako zerbait bilakatzen ari dira euskaltegiak. Orokorrean nabaria da beherakada azken 3 urteotan, esaterako sortutako taldeak beherantz joan dira eta badirudi desagertzeko bidean daudela.
A.–Baina aurtengo datuak ikusita, euskaltegi zenbaitetan matrikula kopurua mantendu egin duzuela ematen du...
T.E.–Euskaltegi batzuetan mantendu eta goraka ere egin du, ez dakigu zergatik, baina orohar esan daiteke Bilbo mailan beherantzako bidea ikusten dela.
Gainera kontutan izan behar da talde asko eta asko administraziotik datozkigun taldeak direla, hots, berez datozen ikasle gutxiago etorri arren hutsune hori administraziotik datozkigun ikasleekin betetzen dugula, Diputazioko langileekin etab.
A.–Zein betebehar du Administrazioak lan honetan eta zein betebehar betetzen du?
T.E.–Argi dago administrazioak ikasleei dirulaguntza ematen dien heinean zerbait egiten duela, baina arindu ere ez du egiten prozesua. Administrazio barruan eta zenbait kanpaina egin izan dira eta leku zehatzetan ere egiten dira, baina orokorki hiru probintzietako gobernu bezala hartuta, ez du presiorik egiten.
Administrazioa batez ere irakaskuntzan oinarritu da, Euskal Herria 20-25 urtetan euskalduntzeko helburuaz, baina ez dio jaramon haundirik egiten helduen alfabetatze euskalduntzeari.
A.–Legediak laguntzen dio helduen euskalduntze alfabetatzeari?
T.E.–Guk administrazioari askotan esan diogu, euskaltegi homologatuak bildu izan gara. Hor bi gauza daude garrantzitsu: batetik asistentzia, ikasle ratioa (ikasle kopuru minimoa izatea ikasgeletan) eta halakoak izatea gaur egun euskaltegi monstruoentzat "Damoclesen ezpata" izatea suposatzen digu. Gaur egungo alfabetatzearen egoera eta orain dela lau urtekoa ez dira berdinak. Momentuz gurekin ez dute neurririk hartu eta inoiz 12 taldetik beherako taldea sortuz gero baimena eskatu eta eman egin digute. Hala ere badaude keinuak eta etorkizunean ikusi egin behar.
Baina badago beste arazo bat, nagusiagoa. AEKtik kanpo beste mundu batean sartzen gara. Administrazioak askotan aipatzen du irakasleen profesionaltasuna, duintasuna eta halakoak, baina ekonomikoki ikusita, irakasle baten soldata duina eta euskaltegi haundia mantentzen duen kostu minimoa kontutan hartuta (alokairua, arduraduna, bulegaria, bestelako gastuak...) klase ordu bakoitzak 3.500 pztako kostua dauka–hori minimotan, HABEn eta haundiagoa da –eta matrikula eta subentzioak bildurik lortzen dugun dirua 2.018 pzta dira. Hortaz gaurko legediarekin ia azpitik jokatzera kondenatzen gaituzte, datu puztuketara, segurtasun sozialetik kanpo egotera... Eta hori gu "aristokratak" garela, imajinatu AEKn eta... Gainera matrikula 10.000 pzta kobratzeak jende kopuru haundia baztertzea suposatzen du, diru solbentzia dexentea duen jendearengana baino ez ailegatzea.
Z. EREMUBA
50

GaiezHizkuntzaEuskaraAlfabetatzeElkarlan
PertsonaiazETXABURU2
EgileezEREMUBA1Hizkuntza