argia.eus
INPRIMATU
A. Egaña: "Gauzak kontatu behar dira; ez naiz introspekzioaren aldekoa"
Lorea Agirre 2021eko uztailaren 16a
Andoni Egañari elkarrizketa.

"SOKRATIKOEK ERE BADUTE AMA" IPUIN LIBURUA EREIN-EN
A. Egaña: "Gauzak kontatu behar dira; ez naiz introspekzioaren aldekoa"
Nahiz bertsolari aurpegia ezagunago izan, bai kazetaritzan eta bai literaturgintzan aritzen da zarauztarra. Literaturan jarraitzeko asmorik badu "baina horretarako eseri eta lasaitu egin beharko nintzateke".
Orain gainean dituen lanak amaitu eta Bertsolari Txapelketa prestatzen hasi beharko omen du.
"Tragu fuertea izaten da tabladuan bapatean aritzea. Alde horretatik gustoko dut ipuinak idaztea; folio bat idatzi eta lasai, aldatzeko aukerarekin. Gu ohituta gaude gure lana amaitu orduko balorazioa jasotzea".
Literaturan bere lehen liburua duen hau, lau ipuinez osatua dago: "Sokratesen mendekua", "Sokorroko ama", "Itzalak" eta "Lautadako bortxatzailea". Bertsolari izateak bere narraziogintzan nolabaiteko eragina izan duen galdetzean, istorioen bukaera fuerte eta sorpresiboan ikus daitekela eragina diosku, "bertso bat ondo eraman eta bukaera pattala duenak..."
Ipuinen aukeraketa eta liburuaren argitaratzearen historiaren inguruan,
"aukeraketa hala beharrezkoa izan da; nituen ipuin gehienak hortxe sartu bait ditut. Orain urte terdi edo hasi nintzen eta azkena orain sei hilabete edo. Ipuin solteak dira eta gainera jolasean hasitako zerbait da; lan bulegoan lankideen artean oso anbiente majua geneakan eta batek atera zuen kontua, zergaitik ez gara denok presentatzen Aldekoa sarira eta norbaitek irabazten badu besteei afaria ordaindu beharko die eta honela aurkeztu eta irabazi egin nuen. Pare bat idatziak nituen eta Erein-tik esan zidaten beste pare bat egiteko, liburu bat osatu ahal izateko".
Titulua, lehen eta bigarren ipuinen arteko joku bat da, "Sokratesen mendekua" eta "Sokorroko ama" izanik, bien arteko joku hortan "Sokratikoek ere badute ama" sortzen da. Ipuin batetik besterako loturarik nabari da, gehienbat azaltzen diren pertsonai motagatik, bai eta idazkera estiloagatik.
"Gaixo batzuen istorioak dira. Lehenengoak fijazio pertsonalak dauzka profesioarekiko; bigarrenak boterearekiko, nahiz nahiko inozoki izan, hirugarrenean ere fijazioa profesionala da eta laugarreneko pertsonaia gaixo sexual bat da. Pertsonaiak ez dira ez oso ekilibratuak".
Pertsonaiak osatze momentuko lanketa eta dokumentazio lana nolabait aurretik egina omen zuen,
"nere afizioen barnean bait daude azaltzen ditudan ofizio hoiek, bai fisionomistarena eta bai itzalekin egiten den antzerkiarena. Orduan nolabait nire afizioak trasplantatu dizkiet nere pertsonaiei".
Mamia eta akzioa oinarri
Idazle ona izanik idazkerak sortzen omen du jakinmina, baina
"orohar nere obsesiotariko bat beti izan da narrazio batean gauzak kontatu egin behar direla, istorio bat asmatu egin behar dela eta gauzak pasa egin behar direla; ez nahiz introspekzioaren aldekoa eta jakinmina sortu behar dela eta behar bada horregatik dago ipuin baboitzean krimen bat behintzat. Ez heriotzarekiko inolako fijaziorik dudalako, baizik iruditzen zaidalako ipuina motza izan edo ez interesa zerbaitek piztu behar duela".
Bere narraziogintzan garrantzitsu izan omen zen Tom Sharpe deskubritzea eta honekin batean,
"alegia literatura ez dela serioski eta sakontasunez egin behar den zerbait. Edozer gauza dela literaturabizablea eta umoreak ere baduela kabida. Jendeak ulertuko ez dituen hitzak jartzearekin ez dela literatura hobea egiten".
Istorio polit bat kontatzea funtsezkoa dela diosku.
"Gaur egun, ni behintzat oso presaka bizi naiz eta presaka bizi danak nekez gozatzen du ezer. Presaka irakurtzen dugu eta presaka irakurtzeko egokiena historio polit bat izatea da. Estiloetan eta gero fijatzen gara".
LOREA AGIRRE
52


GaiezKulturaBertsolaritBertsolariaEGAÑA1
PertsonaiazEGAÑA1
EgileezAGIRRE9Kultura