Zarata mediatikoz beteriko garai nahasiotan, merkatu logiketatik urrun eta irakurleengandik gertu dagoen kazetaritza beharrezkoa dela uste baduzu, ARGIA bultzatzera animatu nahi zaitugu. Geroz eta gehiago gara,
jarrai dezagun txikitik eragiten.
Junes Cazenave idazle eta hizkuntzalariari elkarrizketa
Junes Cazenave: "Euskal herriaren borroka ontsa jarraikitzeko behar da jakin nor zen Zumalakarregi"
"Ibañeta " pastoralak erdietsi zuen arrakasta izugarriak hedarazi zizun Junes Cazenave Haragile, zuberotar idazle eta hizkuntzalariaren ospea. Alabaina, bai obra nagusi horren aitzinetik eta bai ondotik,zaiko parroliaio erretora den euskaldun gartsu horrek, beste lan anitz bazizun eta baduzu buruturik. Horien artean bat baizik ez aipatzeko, hau litzateke, "Zumalakarregi" pastorala, datorren udan ibar eskuineko herriek (Alzai, Alzabebeni, Zunharreta, Auhane, Sarrikota gaine eta Lakarrik) ematekoa dena. Aipagai ditugu ere, azken denbora horietan, aita Junesen beste lan berri bat, hala nola frantses-zuberera hiztegia, zuberotar aditzaren egituratzea, irrati ikasgaiak, eta lehenago bezalako asto laster baten prestatzea.
GALDERA: Orain bera jakin dizugu, zuk aspaldixkan moldaturik duzun "Zumalakarregi" pastorala, Altzaiko herrriak emanen duela datorren udan. Pentsatzekoa da delibero horrek bozkariatu zaituela?
ERANTZUNA: Bai, prefosta bozkariatu naizela Altzaik eman nahi bait du pastoral hori. Erran duzun bezala, aspaldian moldaturik dizut pastoral hau. Badituzu orain bezala 9 urte-eta nahi nizun Zumalakarregiren hiltzearen 150. urtemugarako emanik izan zedin. Lehenik Larraine abiatu züzün hortarat. Baina herri hau –beste anitz bezala–ttipitu bait da eta ez bait da gehiago ekaia jendeen aldetik, ez zizun eman ahal izan. Hola, ez genizun eman ahal izan ordu haietan.
Eta orduan, oraingoan, Altzai eta Lakarrik–bigarren herri hau ez dizugu ahantzi behar–nahi dizute eman eta hori gauza ona duzu.
GALDERA: So egile gehienek ez dituzu dudatzen pastoral baten moldatzea nolako lana den. Ideia baten izateko, ahal dezakezu aipatu, zuk, nola egiten duzun holako lan baten burutzeko?
ERANTZUNA: Holako lan baten burutzeko, lehenik hasi behar duzu...! Eta haste hastean, gai edo sujet bat hartzen duzularik, behar duzu ikusi non edirenen duzun ekaia, erran nahi bait da dokumentuak. Nire lehen-lehen lana duzu orduan, dokumentuen txerkatzea eta gero haien ikertzea, irakurtzea.
Hala, Zumalakarregiren izkiribatzeko dokumentu anitz irakurri dizut, erran dezagun 15-20 liburu nonbait. Liburu horiek, gehienak, espainolez izkiribaturik dituzu edo pürü erdaraz. Bazitüzün bereziki bi liburu, bata ezaquna dena –orain «Xaho pastorala» eman bait dute–"Voyages en Navarre au temps de l'insurrection des Basques", zeinetan ere Zumalakarregi anitz aipaturik bait da, eta bestea aldiz, Gaetan Beunoville-k idatzi zuena orain dela aspaldi. Azken hau oroitzen dizut irakurririk gazte nintzelarik eta eder antzeman nizun Zumalakarregiren bizitzea. Honela izan duzu deliberatu dudala bizitze horren izkiritatzea.
Arren, behar duzu gaia anitz ikertu eta behin hori egin ondoan ikusi nola behar duzun hobekienik moldatu pastorala. Horrek erran nahi dizu ikusi behar duzula zer agitzen zen denbora haietan, zerk ekarri zuen Zumalakarregi bere hautuetara, zer ziren bere ideiak.
Uste dizut mementu haietako arrenkuretan biga bazirela nagusi. Lehenik, ordu haietan nekazari edo laborariek galtzen zituztela beren lurrak. Liberal aberatsek erosten zizkizuten eta orduan ez zituzun aisa bizitzen ahal lurra lantzen zutenak. Beren etxeko lurretarik kanpo, behar zizkizuten baliatu herriko lurrak.
Bestalde, Zumalakarregik, beste euskaldunek bezala, ikusi zizun liberalek nahi zutela galerazi euskaldunen Foruak. Orduan, mementu haietan ere, euskaldunek beren libertateen atxekirik bait ziren, deliberatu zizuten oldartzea.
Zumalakarregi, boruzagi bezala ezarri zizuten, ohartu bait ziren aitzindari handia zela, ororen arteko hoberena, segurki ere.
GALDERA: Zuberoan, pastoralak ematea, aspaldiko ohitura bat duzu. Eta, egungo egunean, atzoko berber gisan jokatzen dituzu. Zuk zer diozu, pastoralak emaiteko molde horiek, beti ber heinean mantentzeaz?
ERANTZUNA: Hor, lehendabizi berezi pastoralean diren bi gauza: ohiturak eta sujeta. Pentsatzen dut ohituren aldetik behar dugula zuzen egon eta gorde behar ditugula azkerki. Zeren, ez baldin baditugu pastoralen ohitura horiek atxekitzen ez duzu ja pastorala. Bestalde, baduzu orduan gai edo sujeta eta hau aldiz kanbiatzen ahal duzu. Ene pastoralen arabera ageri duzu nola ezarri dudan, alde batetarik Santa Graziko herriaren historia "Santa Grazi'' idatzi dudalarik, eta bestalde Euskal Herriaren istoria, "Ibañeta" izkiribatzearekin.
Lehenaren gaia züzün herriska baten mendez mendeko bizitzea–oraingoa ere hasi nauzu piska bat aipatzen–eta, bigarrenean aldiz, nahi nizun erakutsii nola Euskal Herriak, bere historiako zati batean ordu latzak iragan zituen eta nola behar izan zuen oldartu Karlos Handiaren kontra.
Nahi izan dizut ere erakutsi mementu haietan nola Euskal Herria bere ohituren atxekirik zen, Karlos Handiaren asmoa zelarik aldiz ohitura horien galeraztea Euskal Herrian ere, bestetan egin zuen eran.
Orduan, bi pastoral horietan, ez duzu, aitzinetik bezala, gaia gizon baten bizitzea, baina bai herrixka baten edo Euskal Herri osoaren gorabeherak aipatzea.
Gero, izkiribatu nizun "Pette Basabürü" eta honekin nahi nizun erakutsi nola, orain ere, baditugun, aitzinetik gure herriak izan dituen ber nekeak. Neke horiek ditugunaz gainen, nahi nizkizun pastoral batean ezarri eta hontakoz, oraingo gaia izanik ere, segida bat bezala duzu lehen beste bi pastoraletarik. Zeren, «Pette Basabürü» nola «Maitena Basabürü»etan aipaturik dituzu gure ohiturak, gure bizitzea eta ere nola nahi dugun gorde gure izate berezia, gure mintzaera. Bestalde, izkiribatu dudalarik «Dabid Errege» eta «Jutith» pentsatzen dizut, honek ere, parekatzen ahal direla Euskal Herriko historiarekin. Ezen, liburu sainduek mundu guztiko herrietako historiak kondatzen dituzte eta zinema edo antzerkian hartzen diren gisa gai horiek, nik hala-hala, pentsatzen nizun baliatzen ahal genituela pastoraletan. Orduan, gai horietan ere, manera batera oraingo Euskal Herriko bizitzea sartzen da. Gero, orain Zumalakarregi. Gai honetan prefosta, gizon baten aipaldia egiten da, baina jadanik erran dudan bezala pastoral hau ontsa ikertzen baduzu bi gauza nahi izan ditut agerrarazi: alde batetik, nola nekazariak puntu haietan, adakituak zirela bere lurretarik eta nola ere euskaldunek nahi zituzten beren foroak, erran nahi bait da beren libertateak begiratu.
Uste dizut Euskal Herriko borrokaren –eta bereziki oraingoaren–ontsa jarraikitzeko behar dela jakin zer izan den Zumalakerregi lehen Karlistadan.
GALDERA: Beste gai batera iragan gaitezen orain. Datorren urtean, Frantziako errepublitak bere historiaren balentria handi bat ospatuko du, erran nahi bait da, 1789ko iraultzaren bi mendetako urteburua. Anitzek badakigu gertakari hauek nolako hondoramenak etarri dituen Ipar Euskal Herriari eta zuk, horien oroitarazteko, zerbait nahi izan duzu prestatu. Aipatzen ahal diguzu gauza hori?
ERANTZUNA: Ez nizun pastoral bat egiten ahal gai horretaz zeren, alde batetik lan gaitza bait da, eta bestalde, ez dizut ikusten nork ematen ahal zuen pastoral hori, oraingoan Iparralde honetako giroan. Orduan, hontakoz beste manera batera ikusi dizut.
Ez duzu behar ahantzi, Zuberoan, eta egungo egunean baldin badugu pastorala, aitzinetik bagenituela beste antzerki mota batzuk, maiseatzeko edo irri eginarazteko. Horiek deitzen zitüzün–zenbait bederen–Asto Lasterrak.
Orduan, Frantziako iraultzaren bigarren mendearen gure manerara ospatzeko mota horretako lan bat nahi izan dizut egin, erakutsi nahi bait nuke zer hoben handiak egin dizkigun iraultza horrek gure nortasunari buraz, gure azken libertateak ezeztatuz. Arren, Asto Laster baten egitea deliberatu dizut eta hau 8 Satanerietan moldatu dizut, zeren, maiz, Asto Lasterrak Sataneria moldean idatzirik bait ziren lehenago. Erran genezake Sataneriak direla jelkaldi edo agerraldi batzuk bezala.
Asto Laster baten hautua egin dizut ere, nahi nuelakoz ikusgai hori pastoral bat baino arinago izan zedin. Ezen, pastoral bat leku batean ematen duzu behin edo birritan eta gero horretan gelditzen duzu. Aldiz, Asto Laster hau nahi nizuke erakutsirik izan zedin gune anitzetan eta horretarako arin behar zizun izan. Halaz, honen jokatzeko ez duzu hamar bat arizale baizik behar, pastoral batek aldiz, 50 bat aktore galdatzen duelarik.
GALDERA: Pastoral egile bezala ezaguturik zara Euskal Herriko bi aldeetan. Baina euskal kulturaren aldeko zure lana ez duzu horretan mugatzen, hizkuntza sailean bereziki lan nasaia burutzen bait duzu. Aipa dezakegu besteak beste, frantsesetik zuberoerarako hiztegi baten lantzen ari zarela. Egungo egunean zer heinetan da lan hau?
ERANTZUNA: Nire aldetik badituzu orain 5 urte, nonbait han, bukatua dudala. Lan handia izan da, zeren 33 urtez aritu bait naiz horretan. Irudi zait halere, holako lan sail bat ez dela inoiz bukaturik eta behar nukeela oraino arte denborarik hartu hobeki osotzeko. Beno noizbait gelditu behar bait da, horretan utziren dizut...
Hiztegi honek, hola hola ere badizu 100.000 hitz eta errandura baino gehiago sartuzik.
Lan baliosa dela pentsatzen dut, zeren eta hemen, Zuberoan berean, hiztegi bateratu baten eskasia sendi bait dugu. Gure herrialdetik kanpo ere balia daiteke hiztegi hau, hala nola Hegoaldean. Ezen, Hegoaldekoek irakurtzen badute frantses hizkuntzan izkiribaturik diren idazki edo liburu batzuk, ez dizute, beharbada, beti ulertzen zer erran nahi duen holako hitz batek edo halako errandura batek. Orduan, hiztegi hau, lagungarri izan daiteke berentzat.
Arren, xuzenago erraiteko zertan garen hiztegi honen agerrarazteari buruz fotokonposizionea egiten hasirik dira, eta horrek esperantza ematen diguzu hilabete zenbaiten buruan agertuko dela.
Holako lan baten argitaratzeko ez bait nintzateke gauza izanen, hortaz baditut galdaturik diru lagungo batzuk hantxe hortxe, esperantza handia dizugu,-ez Iparraldeko aldetik zorigaitzez, baina Hegoaldetik bai, Eusio Jaurlaritzak hitzeman bait digu lagunduko gaituela.
Pentsatzen dizugu ere Bizkaia eta Gipuzkoako Aldundiek hiztegi horietarik honenbeste bat erosiko dutela eta hortakoz, lagungoa horiengatik abiatzen ahal gaituzu lan horren egitera.
Nahi genuke kausitu agerraraztea "Zumalakerregi" pastorala emanen deneko, parada ona bait liteateke ezagutarazteko.
GALDERA: Zuberotar mintzo adar edo euskalkiaren aditzari ere lotu zara. Sail gogor horrekin nola egokitu ahal izan zara?
ERANTZUNA: Bai, egia sail gogorra dela eta gainera, guk zuberotarrek, ez dizugu ontsa ezagutzen gure zuberotar aditza.
Halere, uste dizut gure mintzoaren aditz hori oso aberatsa dela eta merezi duela ezaguturik izan dadin.
Orduan, nik aditza hori errotik hartu dut, agerrarasiz egitura edo estruktura. Eta egitura hori ikertzez, uste dizut aisago izanen dela gero aditza horren erabiltzea. Ohartu behar duzu gauza batez: guk, zuberotar aditza hori ez dugula inoiz izkiribatzez ikasi eta ahozkatzean baizik bermatuz beditugu izugarriko nekeak ikusteko zein den zuzenena, estruktura edo egitura. Ezaqutza hori, ene lan hau egitez, uste dut anitz aitzinaturik dela, baldin badut ere oraino puska zenbait argitzeko.
GALDERA: Hau ere argitarazteto gogoan zenuke beraz?
ERANTZUNA: Bai, behar dizugu lehenik ontsa burutu eta gero hortarik landa, agertzen ahal balitz hiztegiarekin batean –eta nork daki, uste dizut esperantza bat izan ahel dugula horri buruz–ontsa liteke. Eta balio dukezu euskaldun guztiek gure euskalkiaren aditza barna dezan. Balio du, azken batean, aberastasun handia bait da.
ALLANDE SOKARROS
59-62
GaiezKulturaLiteraturaIdazleakCAZENAVE1
PertsonaiazCAZENAVE1
EgileezSOKARROS1Kultura